Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Valderejoko Parke Naturala (Araba), merezi duen lekua

Valderejoko Parke Naturala (Araba), merezi duen lekua

Asier Sarasua 2016/03/20 13:55
Udaberria oso garai egokia da (beharbada egokiena) Arabako parke natural zoragarri hau bisitatzeko.
Valderejoko Parke Naturala (Araba), merezi duen lekua

Purón erreka, Valderejo

Araba mendebaldean dago Valderejoko Parke Naturala, Valdegovía/Gaubea udalerrian, Burgosko mugan. 1992an izendatu zuten Natur Parke, 3.496 hektarea ditu eta parkearen egoitza Lalastra herrian dago.

Gizakiaren oso eragin txikia dauka inguruak. Sekula ez da izan oso leku humanizatua, eta azken belaunaldietan biztanleen emigrazio handia gertatu denez, gaur egun natura bizi-bizi dago Valderejon. Fauna aberatsa dauka (200 ornodun espezie baino gehiago daude), landaretza ere berdin (pagoak, arteak eta pinuak dira nagusi) eta naturzalearentzat mendi, erreka eta aran segida ikusgarria da Valderejo.

Hartara, Valderejo, gehienbat, naturaz gozatzeko lekua da. Herririk herri ibiltzeko ibilbide mordo eta ondo seinalizatuak daude. Bizikletan ibiltzeko ere berdin; oso leku egokia familia osoa bizikletaz ibiltzeko, zailtasun guztietako bideak daudelako, hauek ere ondo seinalizatuta. Ibilbide guztien artean ezagunena Purón erreka bazterrean 8-10 kilometroz luzatzen dena. Ikusgarria da.

Purón errekaren ibilbidea (Valderejo, Araba)

Purón errekaren ibilbidea, Valderejo

Mendigoizaleentzat ere ez da falta aukerarik. Parkean bertan Lerón (1.240 m), Vallegrull (1.226 m), eta Arrayuelas (1.128 m) mendiak daude. Parketik gertu, besteak beste, Arkamu mendilerroa dago (Repico, 1.186 m).

Arrayuelas, 1.128 m (Valderejo, Araba)

Arrayuelas mendia (1.128 m), barrenean Boveda (Gaubea, Araba)

Bestalde, Lantaron herrian, Euskal Herriko aintzirarik sakon eta urtsuena dago, Arreoko (edo Caicedo de Yusoko) aintzira. EAEko aintzira-sistema iraunkor bakarra. Eremuz ez handiegia, eta ezta ikusgarriegia ere, baina txorizaleentzat leku erakargarria, bertan bizi diren espezie ugariengatik.

Eraikuntzei dagokionez, aipagarria da Varonatarren dorretxe ederra (XIV m), eta beharbada aipagarriagoa Tobillasko San Roman baseliza, Euskal Herriko zaharrena (IX. m). Niretzat, baina, inguruan dauden eremitorioak dira politenak, Erdi Aroko gizakiek haitzetan sortutako errezaleku eta etxebizitza espiritualak. Pinedoko eremitorioa da handi eta bisitatuena. Gogoan izan, Arabako inguru hau izan zela Euskal Herrian lehenengo kristautu zen eremuetako bat.

Varonatarren dorretxea (Gaubea, Araba)

Varonatarren dorretxea (XIV), Uribarri Gaubea (Araba)

San Roman baseliza, IX. mendea (Tobillas, Araba)

San Roman baseliza (IX), Tobillas (Gaubea, Araba)

Pinedoko eremitorioa (Valdegovía/Gaubea, Araba)

Pinedoko eremitorioa, (Gaubea, Araba)

Zerbitzu aldetik, Kanpin atsegina dago Angoston, eta informazio-bulegoak Uribarri Gaubean eta Lalastran. Jatetxe, taberna eta denda aldetik ez dago aukera larregirik. Gauza batzuk etxetik eramatea komeni da, planaren arabera.

Laburbilduz, egun batzuk igarotzeko oso toki ederra dela Gaubea-Valderejo ingurua. Urte guztian interesgarri, nahiz eta udaberria den sasoirik aproposena, ziurrenik.

 

Amatiño
Amatiño dio:
2016/03/21 18:30
HABEko aurrenengo irakasleak prestatzeko lehen ikastaroak Angoston eratu ziren, 1981-82 ikasturtean. Orduantxe izan nuen inguru hori ezagutzeko aukera. Eremiten hartzuloetan eta beste hainbat lekutan egon nintzen, ez ordea Purón errekaren ibilbide horretan.

Segurutik merezi du, ostera ere, joan-etorri bat.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz