Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Umetako lehenengo oroitzapenak

Umetako lehenengo oroitzapenak

Asier Sarasua 2011/09/19 08:20
Ume txikiak dituzunean, munduaren beste ikuspegi bat daukazu eta hainbat galdera egiten dizkiozu zure buruari. Adibidez: nagusiak direnean, zer gogoratuko dute seme-alabek euren haurtzaroaz?

Gogoratuko dituzte aurtengo oporrak? Gogoratuko dituzte azken urteotan eurekin egindako gauzak? Gogoratuko dute zenbat maite ditugun? Azken 8 urteak emozioz eta anekdotaz beteak izan dira, baina zalaparta guzti horretatik zer gogoratuko dute gure seme-alabek?

Izan ere, nik oso-oso gauza gutxi gogoratzen ditut nire ume-umetako lehenengo urteetakoak. Sei urtetik aurrera gehixeago, baina ordura arte, irudi edo sentsazio hutsak. Hala ere, badira barruan erabat itsatsita ditudan oroitzapen gutxi batzuk. Kolore eta xehetasun guztiekin gogoratzen ditudanak.

3 urte ditut. Aitxitxa-amamen etxean nago. Iluntzen ari du. Atea jo dute eta gurasoak sartu dira. Azken egunotan oso gutxi ikusi ditut. Arreba ospitalean dago, oso larri. Nik hori ez dakit. Bakarrik dakit gurasoak ez ditudala azkenaldian larregi ikusi. Aitak agurtu egiten nau; amak ere bai. Ni aitxitxarekin nago, bere franelazko fraka grisera itsatsita. Amak beti kontatzen dit, aitxitxarekin ikasi nuela berba egiten; ordura arte hitz gutxi batzuk besterik ez nituela esaten. Eibarko zaharren moduan hitz egiten nuela 3 urterekin. Aitxitxak hitz egiten zuen moduan.

4 urte ditut. Ikastolako lehenengo eguna da. Eibarko Ikastolak parrokiako lokaletan dauka haurreskola. Hara noa amaren eskua oratuta. Gogor-gogor oratuta. Foto Garay parean nago, Dos de Mayo kalean, fraka motzetan. Negarrez nago. Tira, kurrixka batean nagoela esatea zehatzagoa da. Ama larri dago, ni bezain txarto pasatzen, baina tinko. Nire bizitza laburreko egunik txarrena da, duda barik. Handik egun batzuetako oroitzapen bat ere badaukat. Ikastolan nago. Lurrean jarrita nago, okumezko ohol batzuen gainean. Eibarko Ikastolak ez dauka dirurik haurrentzat aulkiak erosteko. Andereño Ana oso goxoa da.

5 urte ditut. Etxeko komunean nago. Komun txikian, etxean bi komun ditugulako, bata handiagoa (urdina) eta bestea txikiagoa (arrosa). Gaua da. Gurasoak kanpora joan dira afaltzera, ez dakit nora. Anai-arrebak Marirekin geratu gara, lantzean behin zaintzen gaituen emakume nagusi bat. Baina Marik gaur ezin gaitu zaindu. Komunean dago, lababoaren gainean botata, arnas-estuka. Larri dago. Larri gaude. "Mari, urten balkoira haixe pizkat hartzera" esaten diot. Marik barretxoa bota nahi du, baina ezin du. Telefonoz deitzen dio norbaiti. Urte batzuk geroago jakingo dut bihotzekoa eman ziola gure etxeko komun txiki arrosan.

5 urte ditut. Gure etxeak terrazatxo bat dauka eta hantxe gaude familia osoa. Oso eguraldi ona egiten du. Ez dakit udaberria den, baina nire oroitzapenean hori dirudi. Toldoa jaitsita dago eta terrazako landare guztiak loratuta daude. Etxeko terraza kolore entsalada bat da eta lore usaina dario. Zain gaude; Joxe noiz etorriko zain. Tinbrea jo dute eta eskaileretara goaz. Joxeren burua ikusten dut behetik gora. Ez dut ezagutzen, baina asko maite dut Joxe. Oso eskutitz politak bidali dizkigu azkenaldian, marrazkiz beteak eta alai-alaiak. Etxeko atarira heldu da eta harridura darama aurpegian. Gerora jakingo dut emozionatuta dagoela, egun hartako koloreak eta umeen garrasiak opari izugarria izan direla beretzat. Izan ere, Barruan egon den denboran ez du izan ez batetik, ez bestetik.

6 urte ditut. Aldamenekoen etxean nago, lorez betetako butaka batean jarrita. Gabonak dira; edo laster datoz, behintzat. Ane eta Malen arrebak ondoan ditut. Butaka ez da oso handia, baina 3 anai-arrebok ondo sartzen gara, elkarren gainean jarrita. Gu ere ez gara oso handiak. Telefonoz berbetan dihardugu. Aitta da. Esaten digu gure arreba txikia jaio dela. Maite. Ama ere ondo dagoela. Eibarko ospitale zaharrean jaioko den azkenengo haurra izango da. Uste dut asko poztu ginela.

 

tolon
tolon dio:
2011/09/21 10:14

Ederrak gero dauzkazun oroitzapenak !! Eskerrik asko gurekin partekatzeagaitxik.

;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz