Txorientzat jantokia bulegoko leihoan (hara kaskabeltzak poz-pozik)
Urte hasieran txorientzat jantoki bat ipini genuen bulegoko leihoan. Hainbat itxura eta egitura mota daude; guk plastikozko garden bat aukeratu genuen (gure bulegoko beira zabaletan ipintzeko errazena). Horrelako jantokiak ipintzea oso erraza da, eta merkea. Haziak, alpistea, intxaurrak, hurrak, kakahueteak... ipini eta kitto. Txorizaleontzat pizgarria da (bulegoko beste batzuk ere zaletu dira txorien joan-etorriak behatzera), eta txoriek ere apreziatuko dizuete (gehienbat neguan), kaloria-iturri erraz bat eskainiko diezuelako.
Hala ere, ez pentsa jantokia ipini eta biharamunean agertuko direnik txoriak. Pazientzia apur bat beharko duzu, txoriek aurkitu dezaten eta, batez ere, beldurra galdu dezaten zure etxeko leihora edo balkoira hurreratzeko. Gure kasuan oraindik eta zailagoa zen, leiho zabal-zabalak ditugulako bulegoan eta txoriek ikusi egiten gaituztelako bulegoan lanean (gure mahietatik metro t'erdi eskasera daukate jantokia). Horregatik, momentuz txoririk ausartenak bakarrik gerturatu dira jantokira. Kaskabeltz handiak (Parus major) izan ziren lehenengoak (txori ausart eta kuriosoak, benetan); gerora, txantxangorriak (Erithacus rubecula) eta parandak (Fringilla coelebs) ere hasi dira egunero-egunero etortzen.
Goizeko lehen orduetan egoten da sartu-irten handiena, euren gosari-orduan. Hala ere, egun osoan zehar etortzen dira bisitan. Begirada azkar bat botatzen dute lehenengo, ikusteko ea arriskurik dagoen eta jakiteko zer dagoen jantokian. Arriskua sumatzen badute edo gustuko jatekorik ez badute aurkitzen, alde egiten dute; bestela, jantokira sartu eta bertan geratzen dira segundu batzuetan zehar jaten. Janaria handia baldin bada (intxaur zati handi bat), batzuetan bertan txikitzen dute, baina bestela mokoarekin hartu eta pareko zuhaitzetara eramaten dute, lasaiago jateko.
Txori espezie bakoitzak ere bere ohiturak ditu. Kaskabeltzak, esate baterako, gehienetan bikotean datoz. Zuzenean ikusten ditugu pareko zuhaitzetatik hegan hurreratzen, zuzen-zuzen, eta lasai egoten dira jantokiko bazkan gustukoen dituzten janari-aleak aurkitzen. Parandak, ostera, beti bakarka ikusten ditugu, eta ez dira zuzenean etortzen bazkalekura. Lehenengo leiho parean daukagun habe batera gerturatzen dira eta handik ikuskatzen dute ingurua. Arriskurik ez dagoela ziurtatu ostean, orduan datoz jatera. Txantxangorria, berriz, nahiko beldurtia da. Askoz gutxiagotan dator (beti bakarka) eta denbora gutxi egiten du gurean. Seguru asko, ez dugu oraindik asmatu bere janaririk gogokoena eskaintzeko orduan ;)
Zain gaude, ea negua noiz etorriko. Ziur eguraldi hotzekin beste espezieren bat ere bertaratzen zaigula mokoka. Jarraituko dugu kontatzen.