Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / The Basque Dialect of Marquina (Rollo, 1925)

The Basque Dialect of Marquina (Rollo, 1925)

Asier Sarasua 2007/12/23 10:20
The Basque Dialect of Marquina William Rollo Sarrera: Jabier Kalzakorta Labayru Ikastegia, 2006 Lehenengo edizioa, 1925

Aspaldi neukan entzunda lan hau, The Basque Dialect of Marquina, 1925. urtean W. Rollo eskoziarrak argitaratutako liburu bitxia. Ezin inon topatu (ezta erreferentziarik ere ez), baina azkenean Durangoko liburu azokan aurkitu nuen. Oraingoan, Labayru ikastegiak berrargitaratuta, 2006. urtean, Jabier Kalzakortaren hitzaurre eta oharrekin.

Herri hizkeren inguruko azterlanak ugaritu diren honetan, liburu berezia da Rollorena. Batetik, kanpotar batek egindakoa delako; bestetik, orain dela 80 urte ingurukoa delako, horrelako lanetan aitzindari, beraz.

William Rollo (Glasgow, 1892 - Hego Afrika, 1960)

Eskozian jaioa, Leideneko (Holanda) unibertsitatean hizkuntzalaritza ikasi zuen. Uhlenbeck ezagutu zuen bertan, euskalari atzerritarren artean izenik handi eta ezagunenetakoa, eta berak murgildu zuen euskal gaietan. 1923-1924 urteetako udak Markinan igaro zituen, Barinaga auzoko Zubiaurre baserrian (Eibarko mugan) euskara ikasten. Bi egonaldien artean, Markinako neska gazte bat ere eraman zuen Holandara, etxeko lanetan lagundu eta bitartean euskara ikasten eta berba egiten jarraitu ahal izateko.

Bi urte horietan, hortaz, euskara ikasi ez ezik, herriko hizkeraren azterketa egiteko indarra eta jakintza ere lortu zuen Rollok, eta 1925. urtean argitaratu zuen bere bilketaren emaitza Amsterdamgo argitaletxe batean, The Basque Dialect of Marquina. Lana argitaratu ondoren Europatik urrundu zen. Hego Afrikara joan zen lanera (Cape Townera), eta Azkuerekin tira-bira eta gaizki ulertu batzuk tartean, euskararen inguruko azterketak utzi egin zituen. Hauxe da, bada, euskarari eskaini zion liburu bakarra.

The Basque Dialect of Marquina

150 orrialde inguruko lan honek Markinako hizkeraren ezaugarri gehienak biltzen ditu: fonetika, morfologia, aditza, sintaxia eta hiztegia. Amaieran transkripzio etnografiko batzuk ere baditu. Sintaxiaren atala makala da, eta fonetikarena ere labur samarra baina, oro har, lan zehatz eta sakona da. Amaieran dituen hiztegia eta testu etnografikoak ere oso interesgarriak dira (hiztegian "gipuzkerakada" eta neologismo batzuk agertzen diren arren).

Liburu interesgarria, hartara, gutxienez 4 arrazoi hauengatik:

  • Herri hizkeren azterketetan aitzindaria da (garai beretsukoa da Hugo Schuchardten Zur Kenntnis des Baskischen von Sara, Sarako euskararen azterketa).
  • Lea-Artibaiko hizkerak biltzen dituen lehenengo lana da, eta bakarretakoa (Lekeition ere bada, baina Markina, Aulesti, Berriatua, Etxebarri, Munitibar, Bolibar, Amoroto... hor ez dago ezer*).
  • Politak eta aipatzeko modukoak dira liburuan agertzen diren etnotestuak.
  • Kanpotar batek idatzitako lana da. Euskara zaila omen, baina Rollok, bi udalditan, euskaraz ikasi (politto ikasi zuela diote markinar edadetuek) eta bertako euskararen azterketa zehatza kaleratu zuen

Eibartarroi ere primeran datorkigu lan hau. Orain gutxira arte, gure herriko berbeta ingurukoekin alderatzeko orduan, Bergarako lanak genituen erreferentzia bakarra. Ez zegoen ia besterik gure albo-herrietan (Debabarrenean, Lea-Artibain eta Durangaldean). Azken 2 urteotan, ordea, lau lan kaleratu dira: Elgoibarko euskara (Debabarrena), Zaldibar berbarik berba eta Mallabiko euskara (Durangaldea) eta Markinako hau. Hemendik aurrera, gure hizkera ingurukoen artean kokatzeko eta aztertzeko orduan, lan tresna hobeak izango ditugu esku artean. Euskararentzat aberasgarri; eibartarrontzat aberasgarri.

 

...........

*Artikulu hau 2007an argitaratu nuen. Harrezkero agertu da beste lanen bat, Berriatuakoa, adibidez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz