Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Hominido espezie berria zientziarentzat: Tapanuli orangutana

Hominido espezie berria zientziarentzat: Tapanuli orangutana

Asier Sarasua 2017/11/11 16:01
Gizakiak uste du dena dakiela, baina naturak oraindik milaka sekretu ditu guretzat. Esate baterako, zientzilariak oraintxe konturatu dira Indonesian 3 orangutan espezie bizi direla, ez orain arte uste ziren 2 espezieak. Tapanuli orangutana (Pongo tapanuliensis) deitu diote aurkitu berriari. Zientziarako deskribatu bezain azkar, munduko primate handien arteko arraroena bihurtu da: 800 ale besterik ez dira geratzen Sumatrako eskualde txiki bateko basoetan kukututa.
Hominido espezie berria zientziarentzat: Tapanuli orangutana

Tapanuli orangutana (Pongo tapanuliensis)

Zientzilariek bazuten horrelako susmoren bat, Sumatran bizi diren orangutan batzuk "ezberdinak" zirela eta beste espezie (edo azpiespezie) bat izan zitezkeela. Azken urteotan hainbat azterketa egin dizkiete eta, ezaugarri morfologiko, genetiko eta etologikoetan oinarrituta, duela egun batzuk esan dute Tapanuli orangutana (Pongo tapanuliensis) beste espezie bat dela, zientziarentzat berria, Current Biology aldizkarian argitaratu dutenez.

Orain arte 2 orangutan espezie ezagutzen ziren: Borneoko orangutana (Pongo pygmaeus) eta Sumatrako orangutana (Pongo abelii), biak ala biak desagertzeko arrisku bizian daudenak. 1997an Sumatrako orangutanaren populazio txiki eta berezi bat aurkitu zuten Batang Toru izeneko eskualdean. 20 urte geroago baieztatu da inguru horretako populazio isolatu hori hirugarren orangutan espezie bat dela, Tapanuli orangutana (Pongo tapanuliensis).

Hiru orangutan espezieen banaketa-mapa, Indonesia

Indonesiako hiru orangutan espezieen banaketa. National Geographic-en mapa batetik moldatuta.

20 urteko ikerketen ondoren, espezie berria zientziarentzat

Populazio honen lehenengo aipamenak 1930eko hamarkadakoak ziren, baina zientzilariek 1997an berraurkitu zuten, Sumatra iparraldeko eskualde isolatu eta urrun batean. Berehala konturatu ziren populazio honen portaera ezberdina zela eta hasierako azterketa genetikoek ere horixe iradokitzen zuen.

2013an hilik aurkitu zuten orangutan ar baten azterketa sakonak berretsi dut hasierako susmoa: Tapanuliko orangutanak ezberdinak dira: ezberdintasun genetiko, morfologiko eta etologikoetan oinarrituta, beste espezie bat dela ondorioztatu dute.

tapanuli-orangutana-02.jpg

Tapanuli orangutanaren kaskezurra eta Sumatrakoarena ezberdinak dira morfologikoki.

Tapanuli orangutanen garezurra txikiagoa da eta hortzadura ere ezberdina dute. Etologiaren alderditik ere ezberdinak dira; hau da, bizi-ohitura ezberdinak dituzte. Arrek egiten dituzten oihuak, esate baterako, askoz luzeagoak dira eta euren marruak ere bereziak dira, frekuentzia handiagokoak. Genetikoki ere alde nabarmenak dituzte beste orangutan espezieekin alderatuta.

Dena elkarrekin aztertuz gero, ondorioa begibistakoa izan da biologoentzat: Tapanuliko orangutanak beste espezie bat dira, "gorilen eta txinpantzeen arteko ezberdintasuna bezain bestekoa da Tapanulien eta Sumatrako beste orangutanen artean dagoena"  ikerlarien arabera, nahiz eta oraindik ere azterketa anatomiko edo morfologiko gehiago egin beharko diren xehetasun gehiago izateko (orain arte ale bakarra erabili baitute alderdi hori aztertzeko).

 

Hominidoen taldeko 8. espeziea, gure lehengusu dira Tapanuliak

Primate handi edo hominidoen taldea handitu egin da, hortaz. Gizakia ere bere baitan duen hominidoen artean 7 espezie onartzen ziren orain arte: 2 txinpantze espezie (txinpantzea eta bonoboa), 2 gorila espezie (sortaldekoa eta sartaldekoa), 2 orangutan espezie (Borneokoa eta Sumatrakoa) eta gizakia (Homo sapiens). Hemendik aurrera, beraz, 8 espezie izango dira gure taxoiaren barruan.

Aurkikuntza handia da, noski, azken 100 urteotan deskribatu den hominido bakarra delako (1929an bonoboa deskribatu zenetik). Zaila izango da beste espezierik deskribatzerik.

tapanuli-orangutana-04.jpg

Hominidoen kladograma, orangutan espezieen kokapena nabarmenduta.

Zoritxarrez, hominidoen taldean primatez mozorroturiko otsoa dago: gizakia. Gure jardueraren ondorioz (deforestazioa, habitat aldaketa, ezkutuko ehiza, nekazaritza-ohitura erabat jasanezinak,...), munduko beste hominido guztiak oso-oso egoera txarrean daude.

Txinpantzeen populazioak dira ugarienak, baina bi espezieak gainbehera daude euren lurraldeetan. Gorilen kasuan, populazioak egonkortzea lortu da azken urteotan, baina arrisku bizian daude oraindik, batez ere sortaldeko gorila, 5.000 aleko populazio minimoarekin. Orangutanen kasuan, berriz, 3 espezieak daude arrisku bizian, Indonesiako basoak erritmo ikaragarrian ari direlako desagertzen (planeta osoan bizkorren). Guztien artean, deskribatu den Tapanuli orangutana da larrien dagoena, lurralde txiki batean bizi diren 800 aleko populazio txiki eta bakarrarekin, Sumatran Orangutan Conservation Programako kideek adierazi dutenez.  

tapanuli-orangutana-01.jpg

Tapanuli orangutana (Pongo tapanuliensis).

 

.........

Argazkiak eta mapak: Wikipedia, National Geographic eta New Scientist.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz