Plazentzian ibaixa... eta Eibarren errekia
Plazentziarren betiko txantxa eibartarrei: "Plaentxian ibaixa, Eibarren errekia". Garai bateko argazki zahar honetan ere txantxa hori "ofizialtzen" dute nolabait, argi lagata Eibarrek daukan hutsune konponezin hori: "En Eibar no hay río" gaineratu zuen norbaitek orain dela ia 50 urte ateratako argazki honetan (egin klik eta handitu argazkia, gorriz idatzitako ohar hori hobeto ikusteko).
Bestela ere, argazkia kuriosoa da. Estropadekin teoriaz zerikusirik ez duen lehorreko herri batean, Soraluzen, trainerillen estropadak egin ziren zenbait urtez (lekukotasuna Ahotsaken). Argazkian, 1965eko ekainaren 13an egindakoa. Pasai San Pedro eta Jaizkibel lehiatu ziren (epaileen txalupa dago eskumarago).
Ibairik ez Eibarren, baina hitza ezaguna da, gutxi bada ere (eta gehienetan "ibixa" formarekin). Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko Hiztegian ere jaso genuen, sarri-sarri horrelako komentarioekin: "Eibar eta Plazentzia artian beti pikia egon dok, ia zein gehixago. Eta errekiagaittik be esaten eskuen: 'Ixildu zaittie! Eibarren errekia besterik ez dakazue-eta!'. Bai ba, Eibarren errekia, eta Plazentzian ibixa. Igarixan be, plazentziarrak hobiak beti".
Ba horixe, Plazentziako ibixa..., Eibarren errekia. ;)
Oharra: Whatsappez edo Twitter bidez pasatu zidaten goiko argazkia... baina ez dut gogoratzen nork, sentitzen dut!