Pintxo lehiaketa
Joan zen ostiralean Eibarko Denon Sahatsa elkartean elkartu ginen lagun talde handi bat. Ume eta guzti, 40 lagun inguru. Eta hantxe egin genuen I. Sahatsa Pintxo Lehiaketa.
10 bikote ginen lehiakide. Aurreko egunetan, zozketa egin zen eta bakoitzari jaki bat egokitu zitzaion. Osagai hori erabili behar zuen pintxoa egiteko. Eta pintxoak zerbitzatzeko ordena ere zehaztu genuen. Horrelaxe.
- Txibiak (20.30)
- Arroza edo patata (20.45)
- Txerrikia (21.00)
- Perretxikoak (21.15)
- Bakailaoa (21.30)
- Gazta (21.45)
- Atuna edo antxoak (22.00)
- Okela (22.15)
- Txokolatea (22.30)
- Izozkia (22.45)
Arautegia
Arautegia ere zehatza zen:
- Osagaiak: bikote parte-hartzaile bakoitzak nahi duen osagaiak erabiltzeko eskubidea dauka, baina betiere zozketan egokitu zaion jakia baldin bada pintxoaren oinarri eta osagai nagusia. Hortik aurrera, imajinazioa da muga bakarra.
- Non: pintxoak soziedadean bukatu behar dira. Nahi bada etxean
egin daiteke aurre-lana, baina pintxoak elkartean bertan amaitu eta
platereratu beharko dira. Tranpatirik ez.
- Aurrekontua: mugarik ez. Bakoitzak egin dezala nahi duena. Allakuidaos.
- Neurria: bikote parte-hartzaile bakoitzak 20 lagunendako pintxoak egin beharko ditu. 20 mokadu txiki, edo 10 pintxo erdibana, norbere esku.
- Timing-a: pintxoak banaka mahairatuko ditugu, zozketan zehaztutako hurrenkera jarraituta. Lehenengo pintxoa 20.30etan (puntual-puntual) egongo da mahai gainean. Hortik aurrera, 15 minuturo zerbitzatuko da hurrengoa. Horrela, bikote bakoitzak gutxi gora-behera kalkulatu ahal izango du noiz/nola hasi pintxoa sukaldatzen. Hau da, 25 minutu behar badituzu pintxoa laban sartzeko, ba, horixe, egin kalkuluak.
- Puntuazioa: Pintxoak puntuatzea eta irabazlea aukeratzea partaide guztien esku egongo da. Partaide bakoitzak (ez bikote bakoitzak) gainontzeko pintxo guztiak puntuatu beharko ditu, 1etik 10era dezimalik gabe, ondorengo hiru alderdiak kontuan izanda: aurkezpena eta itxura, zailtasuna eta zaporea.
- Sari-banaketa: boto-kontaketa egin ondoren, sari-banaketa egingo dugu. 1. saria: garaikurra eta spa sesioa Orbean, haurtzaindegia barne. 2. saria: garaikurra. Egurrezko goilara azkenengo 2 bikoteentzat. Eta egin beharko dute: 1) mahaia batu; 2) kafeak egin eta banatu; 3) edalontzi eta katiluak garbitu.
Errepikatzeko modukoa. Datorren urtean II. edizioa. Beharbada beste soziedade batean ;-)