Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Picasa, munduko argazki-kudeatzailerik onena

Picasa, munduko argazki-kudeatzailerik onena

Asier Sarasua 2011/01/09 18:15
Picasarekin maiteminduta nago. Argazkiak antolatzeko, katalogatzeko eta editatzeko softwarea da. Sei urte bete ditu eta azkenengo bertsioak are hobeak dira. Azkenaldian, aurpegiak ezagutu eta katalogatzeko aukera magiko bat ere badu.

2004. urteko Arrate egunean ezagutu nuen Picasa aplikazioa. Mezutxo bat utzi nuen Eibartarrak zerrendan, aplikazioak itxura ona zeukala esanez. Hilabete geroago, berria Sustatun azaldu zen eta mezu sutsuagoa laga nuen erantzunetan. Ordurako maiteminduta nengoen. :-)

Picasa aplikazioa Californiako enpresa batek sortu zuen, Mac-en IPhoto aplikazioaren kopia moduan edo. Handik gutxira, 2004ko ekainean, Googlek erosi zuen eta sarean doan banatzen hasi zen. Une honetan, ziurrenik, munduan gehien erabiltzen den argazki-antolatzailea izango da Picasa. Ez nau harritzen, Googlek sortzen dituen aplikazio gehienen ezaugarriak dituelako:

  • doakoa da
  • bizkorra
  • erabilerraza eta intuitiboa
  • ahaltsua eta konfiguragarria
  • bilatzaile ikaragarri ona

Gainera, zure argazkiekin (eta bideoekin) egin beharreko lan guztiak egin ditzakezu Picasarekin:

  • argazkiak deskargatu
  • zure argazkiak antolatu, katalogatu, izendatu...
  • argazkiak editatu
  • argazkiak sareratu (Youtubera edo PicasaWeb aplikaziora)

Hitz batean: primerakoa.

Editorea mugatu samarra da (ez da Photoshop, jakina), baina aukera nahikoa eskaintzen ditu eta erraz/arin/egoki editatzen du. Eta sareko plataforma, PicasaWeb, ez dut probatu (Flickerrekin jarraitzen dut). Bestela, sekulako tresna da Picasa.

Hori bai, traba bakar bezain handia dauka: Picasa kutxa beltz bat da. Hor barruan pasatzen dena sekretu hutsa da eta Picasan kargatzen eta katalogatzen dituzun datu guztiak (datu-basea, alegia) ezingo dituzu inoiz beste plataforma batera esportatu. Picasan egiten duzun lana Picasan geratuko zaizu; lotuta geratzen zara. Pena.

Aurpegiak ezagutu eta katalogatzen ditu

Picasaren azkenengo bertsioetan (une honetan 3.8 bertsioa jaitsi daiteke), tresna magiko bat ere gehitu dute. Picasak zure argazki guztiak arakatuko dizkizu; ondoren, argazkietan azaltzen diren aurpegi guztiak detektatu eta moztu; amaitzeko, pertsonak identifikatu (zuk emandako izenarekin) eta bakoitzarekin karpeta bat sortuko dizu. Hau da, etxean ditudan milaka argazkietatik, badakit zenbatetan eta zeintzuetan azaltzen den nire alaba, edo semea, edo ama, edo koadrilako ez-dakit-zein. Hori guztiori, azkar, arin eta zehatz. Flipantea. Espioien pelikuletan gertatzen dena, etxean bertan (eta ez ahaztu Picasa Googlerena dela. Hemendik gutxira, Google-ri argazki bat eman, eta argazki horretan azaltzen direnak nortzuk diren esango dizu, eta non bizi diren, zer lanbide duten, euren lagun-taldea zein den...). Beldurgarria? ;-)

Esate baterako, hauxe da Maddiren karpetaren zati bat (Picasak automatikoki sortua):

Picasa Aurpegiak Maddi

Udatik hona, gainera, pertsona baten karpeta hartu eta bideo automatikoak ere sortzen dizkizu Picasak. Oraingoz oso konfigurazio-aukera gutxirekin, baina hori ere azkar eta erraz (botoi bat sakatuta). Argazki batzuk aukeratu, "bideoa egin" botoia sakatu eta hortxe:

 

 

Aurpegiena eta bideoena jolasa besterik ez da, baina Picasa bera tresna izugarria da.

etiketak: argazkiak, teknologia
tolon
tolon dio:
2011/01/10 17:29

Aupa !!

Ikusten dudanez gaur egun dagoen Linuxentzako bertsioa beta bat da (3.0), beraz zuk erabiltzen duzuna, Windowsekoa da ?

asier
asier dio:
2011/01/11 02:31

Bai, egia. Datu garrantzitsua ahaztu zait. Windows darabilt, bai.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz