Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Palma de Mallorca

Palma de Mallorca

Asier Sarasua 2010/11/02 15:19
Joan zen astean Palman egon nintzen kongresu batean. Oso-oso gainetik bada ere, Mallorca eta Palma ezagutzeko aukera izan nuen, ez nituelako lehendik ezagutzen. Bost apunte labur utziko ditut, bote-prontoan, Palmaz eta Mallorcaz.

Hurrengo lerroak irakurrita, badirudi Mallorcatik enamoratuta itzuli naizela. Ez, ez da horrenbesterako, baina bisita gomendagarria da. Egun batzuk igarotzeko leku aproposa izan daiteke. Batez ere, udako zoramenetik kanpo. Izan ere, ni neu ere abuztuan joan izan banintz, ziur nago mezu hau ere oso-oso desberdina izango litzatekeela.

1.- Palma de Mallorca, alde zaharra

Ostegun-ostirala Selicup kongresuan igaro nituen gehienbat, unibertsitatean. Hala ere, arratsalde-iluntzeetan Palma ezagutzeko aprobetxatu nuen. Gustatu zitzaidan. Alde zaharra ederra da, zabala eta giro handikoa. Dendak eta jatetxeak, batipat, baina baita kale estuak, eraikuntza ederrak, patio zoragarriak eta giro ezin hobea ere. Itsaso bazterrean dauden Almudaina eta Seu ingurutik hasi eta Plaza de Españaraino, dozenaka kale, plaza eta zirrikitu daude Palman. Edonon jarri eta garagardo bat hartzeko aukera. Ondo zainduta eta garbi. Politena, beharbada, Passeig des Born inguruan eta handik itsasorako zatia (Drassana eta Lotja ingurua, Es Baluard alderaino). Miroren museoa ikusi gabe itzuli nintzen. Astirik ez. Horixe pena.

2.- Mallorca eta Tramuntana mendizerra

Larunbatean, behin kongresua amaituta, kotxea lokatu eta ipar mendebalderantz jo genuen, Tramuntana ingurura. Mendizerrara zabal eta ederra, kostaldeko masifikaziotik urruti, mendi-ibilbidez josita (hainbat mendizale gurutzatu genituen, edonon), eta Puigmajor gailurra erdian (1445 metro). Oso lasaia, ikuspegi zabalak eta panoramika eder-ederrak. UNESCOren izendapena jasotzekotan daude. Hiru herritxotan ere geratu ginen: Valldemossa, Deiá eta Fornalutx. Benetan politak. Azken hori Espainiako herririk politenen zerrendan agertu izan da maiz.

3.- Garraio publikoa

Garraio publikoa oso ondo dabil. Azkarra, garbia, oso ondo antolatuta eta edonora ti-ta iristeko aukera ematen dizuna. Autobusak zein metroa (laburra, Unibertsitatera joateko). Plaza Españan dagoen estazio intermodala da sarearen bihotza.

4.- Katalana

Katalan hizkuntza bizi-bizi dago Mallorcan. Ez dakit zeintzuk izango diren datu ofizialak, baina esango nuke Katalunian bezain bizi dagoela. Kalean eta metroan asko entzuten da, Unibertsitatean lehenengo hizkuntza iruditu zitzaidan, seinale eta agiri guztietan katalanak agintzen du... Kontuan izanik Mallorcak jasotzen duen turista kopurua, milagrosoa iruditu zitzaidan. Kolorerik ez Donostiarekin edo Bilborekin alderatuta. Nik neuk, behintzat, ez nuen espero horrenbesteko lekurik izango zuenik.

5.- Ondo antolatutako hiria/uhartea

Mallorca, neurri handi batean, turistei begira bizi da; eta nabari da. Alderdi txarretik ere nabarituko da, baina baita alderdi onetan ere. Edozer gauza egiteko erraztasun guztiak dituzu. Informazioa daukazu. Seinalizazioa ona da. Kultur eta kirol eskaintza agortezina da. Edozein unetan eta tokitan jan-edan dezakezu zeozer... Zerbitzu aldetik, primeran dago Mallorca.

Palau de l'Almudaina i la Seu (Mallorca)

Almudaina jauregia eta Katedrala (Palma de Mallorca).

etiketak: turismoa, mallorca, lekuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz