Nevadako pospolina
1995. urtea Ameriketan igaro nuen, Nevadako UNR unibertsitatean. Bi semester izan ziren, EHU eta UNR unibertsitateen artean dagoen lankidetza hitzarmen bati esker, bekak egoten baitira euskaldunak hara joateko eta hangoak hona etortzeko. Izan ere, Renoko Unibertsitatean dago Basque Studies Center ezaguna eta harreman estua dago bi unibertsitateen artean.
Makinatxo bat euskaldun elkartu ginen bertan, hainbat jatorri eta arlotakoak, eta oroitzapen izugarriak ditut han igarotako denboraldiaz. Esperientzia zoragarria izan zen. Nire kasuan zoologian doktoradutza egitera joan nintzen (tira, hastera), baina hori baino askoz gehiago izan zen hango esperientzia. Han ezagututako jendea, campuseko giroa eta bizimodua, hango eta hemengo euskaldunen arteko erlazioa, basque restaurant-ak eta jaiak, Basque Studies-eko liburutegian lan egitea, Nevadako desertu amaigabea...
Aste honetan paper zaharrak berrantolatzen eta garbitzen jardun dut eta garai hartako makinatxo bat ere agertu zaizkit. Tartean hauxe. Ez esan ederra ez denik (bai, bale, bukoliko-pastoril samarra, eta zapia gaizki ipinita, ezta @txargain? baina dena ezin da!).
1995. urteko Nevada Bell telefono-konpainiaren listina da.