Milioi bat negu txonta (F. montifringilla) Gorbeialdean
Azaroaren azken egunotan eman zuten berria: milioi bat negu txonta elkartu dira Gorbeialdean negua igarotzeko asmotan. Ikuskizun berezia Euskal Herrian.
Negu txonta edo paseko paranda (Fringilla montifringilla) txori ezaguna da Euskal Herrian. Fringillidoen taldekoa, Euskal Herriko txonta arruntaren ahaidea, txolarre edo hormatxoriaren neurrikoa, hazijalea, eta polita (sabelalde zuria, papar laranja, buru beltza, buztan zuri-beltza). Neguan etortzen da gure artera, Europa iparraldeko hotzetik ihesi, baina beti talde txikietan. Orain arte sekula ez da horrelako txori aldrarik ikusi Pirinioetatik hegoaldera. Talde txiki edo handixeagoak, baina inoiz ere ez aurten Gorbeialdean bildu den modukorik.
Adituak ez dute oraindik zenbaki zehatzik eman, baina milioi bat ale baino gehiago bildu omen dira (2 milioi izan daitezkeela ere irakurri dugu). Hori dela eta, ornitologo guztiak ur-bitsetan eta prentsa ere ornitologiaz berbetan (bideoa EITBn, 23. minututik aurrera).
Gu geu atzo arratsaldean joan ginen bertara. Arratsaldeko 4.30ak inguruan iritsi ginen. Txontak sakabanatuta ibiltzen dira egunean zehar, elikatzen, baina gaua igarotzeko leku bakarra aukeratzen dute guztiek; egunero berbera. Lotegia edo etzalekua esaten zaie horrelako lekuei. Iluntzen hasi orduko, gero eta talde handiagoak ikusten genituen bertaratzen. Hasieran talde txiki samarrak (100-200 ale); gero handiagoak; handik gutxira, zerua beltz, zuhaitzak zuri. Zarata ere izugarria. Erreka edo ur-jauzi handi batek egingo lukeen soinua. Baina ez da ura. Txontak dira kantuan. Milioi bat txonta elkarri "gabon" esaten. Ikusgarria.
Natura (eta hegaztiak) gustatzen zaizkion edonorentzat, ikuskizun kontaezina. Irudi eta bideoren batzuk igo ditut Flickr-era, baina ez dute garbi adierazten zer den hura. Ezta hurrik eman ere. Joan eta ikusi, hemen dauden bitartean (inork ez dakielako noiz arte egongo diren gure artean).
Itsas Enara elkartekoek bideo polita jarri dute sarean:
http://www.flickr.com/photos/31465651@N07/5242456435/