Mendiak, "elurtuta"?
Ba, bai. Gure inguruan, behintzat, 1etik 100era igo da "elurtuta" aditza. Asteburuko elurjausiaren ostean, mara-mara entzun dugu "elurtu" aditza han eta hemen. Adibiderako, Sustatun argitaratutako albiste hau:
"Euskal Herria ELURTUTA asteleheneko ESAren satelite-irudian. Paisaia ELURTUAK urtzen ari dira, baina satelite irudietan gordeta geratu dira. ESAren sateliteen irudietan Euskal Herri ELURTUAREN argazki hau atera zuen."
Esango nuke, gure inguruan behintzat, "zurittu" aditza edo "edurrak estali" moduko perifrasiak erabiltzen direla, baina ez "elurtu".
Hiztegi gehienetan agertzen da, egia esan (Elhuyar, Labayru, 3000...), baina Hiztegi Batuan "gutxi erabilia" marka dauka (1) eta Orotarikoan oso-oso fitxa laburra (2). Tradizio txikiko berba dela esango nuke (Hegoaldean, behinik behin), eta gaztelaniazko "nevar/nevado" bikotearen eraginez gero eta hedadura handiagoa hartzen diharduena. Erosoa da, bai; batez ere, itzulpenak egiteko orduan.
Eibarko eta Bergarako hiztegi digital handietan ez dago, esate baterako (www.eibarko-euskara.com
eta www.bergarakoeuskara.net). Adierazgarria begitantzen zait.
Erabili daitekeela? Jakina. Zuzena dela? Jakina. Baina "zuritu" erabili ordez "elurtu" erabiltzen hasi bagara, garbi dago zein den arrazoi nagusia.
Eta? Zer diozue zuek? Eta zuen aittitta-amamek? Mendiak "elurtuta" edo "zurituta" ikusten dituzte?
Aupa, Asier! oso ona posta. Gaztelaniaz pentsatziak hori dakar. "Nevar" existidu, eta "edurra egin" nahikua ez. "Acordar" daguala eta "ados jarri" nahika ez, "adostu" erabili...Holan gabiz. Gaiñera, holako forma alrebesak, zelanbaitt esatiarren, itzelezko exitua dake! Toki guztietan zabaltzen dira, tradizionalen kaltian. Beti bardin ibili bihar izatia be! Ondo segi