"Los mares del sur" (M. Vázquez Montalbán. Planeta, 1979)
Ez neukan buruan Montalbán erosi eta irakurtzerik, baina hara nola diren kontuak. Azkenaldian gero eta gehiago erosten ditut bigarren eskuko liburuak, bai Iberlibro.com moduko webguneetan, baita azoketan ere (merkeagoak ez ezik, erakargarriagoak ere egiten zaizkit; beste batek lehenago irakurri eta dastatu duen liburua orain nik hartzea, besteak utzitako oharrak irakurtzea, lehenengo orriko dedikatoriak...). Orain egun batzuk, Eibarko liburu azokan ere erabilitako liburuak erosteko aukera izan zen. Orain urte batzuk ez zen horrelakorik (berri-berriak besterik ez ziren egoten salgai), baina krisia, badakizue. Aurtengo azokan bigarren eskuko liburu mooordoa zegoen, eta 2-4 euroan ale ederrak erosteko aukera. Nik bi hartu nituen: "La Perla" (Steinbeck) eta "Los mares del sur" (Vázquez Montalbán).
Steinbeckena orain egun batzuk irakurri nuen. Ipuin luze bat da, fabula estilokoa. Hemingwayren "Agurea eta itsasoa"ren tankerakoa. Bizitzaren garraztasunaz eta galtzaileen patu aldatu ezinaz dihardu. Latza. Ondo kontatua. Ikutu poetikoduna. Asteburu honetan, berriz, Los mares del sur hartu dut esku artean (Planetak argitaratua 1979an, urte bereko Planeta Saria ere irabazi zuen).
Irakurri gabe neukan Montalbán. Esango nuke, gainera, orain arte interes berezirik ere ez zidala pizten. Horregatik, Carvalhoren abentura honek harritu egin nau. Erabat harrapatu naute detektibe berezi honen ibilerek. Bere jan-edan beharrak, bizitzarekiko duen ikuspegi filosofiko ezkorrak, idazleak erakusten digun Bartzelonak, burgesia katalan handienaren eta etorkin espainolen arteko nahasteak, 1979ko giro sozial eta politikoak...
Izan ere, polizia-eleberri izateaz gain, Pepe Carvalhoren abentura guztiak bezalaxe, hau ere eleberri soziala da, neurri batean. Idazleak lana sortu zuen garaiko gizartea eta giroa erakusten dizkigun liburua. Idazkera ere ez da nobela beltzaren ohiko idazmoldea (uler bedi: arina, erraza, zuzena...). Idazlea da Montalbán. Idazle ona. Montalbán bera ere pixkat hobeto ezagutzeko aukera izan dut, han eta hemen irakurritakoarekin. Idazle, kritikari, gastronomo, politikari, poeta, kazetari... Kultua, prolifikoa eta anitza. Tipo interesgarria diruditen horietako bat.
Laburbilduz, gustura irakurri dudala liburua eta idazle hau ere kontuan izango dudala hurrengo batean, liburu artean kuxkuxeatzen nabilenean.