Liztor buztingileak etxeko leihopean anfora erromatarrak laga zizkigunekoa
Aurreko batean erlamino fin-fin bat ikusi genuen etxe barruan bueltaka. Altzarien ertzetara hurreratu, han-hemen begiratu... Harritu gintuen bere jarrerak (zerbaiten bila zebilela ematen zuen) eta harritu gintuen bere gerri finak, erlaminoa izateko ere, fina baino finagoa. Ez zen gure artean ohiko diren liztor edo erlamino (1) horietako bat, espezie berezia zen (hemen alboko argazkikoaren antzekoa).
Tira, joan zen erlamino hori eta hara non egun batzuetara, leihora hurreratu eta hanketan buztin zatiak eta hildako marasma mordoa aurkitu ditugun. Kontxo! zer ote nekropoli hau?
Gora begiratu, eta leihoaren ertz batean buztinezko egituratxo batzuk aurkitu ditugu. Anfora itxura dute, tapa eta guzti, eta 12-14 inguru dira. Batzuk dagoeneko apurtuta daude, leihoa ireki-ixtean guk geuk zartatuta. Beste batzuk ostera, oraindik oso-osorik.
Liztor buztingileak leiho ertzean eraikitako anfora itxurako egiturak.
Ezustekoak ez dira hor amaitzen. Hautsitako anforak eskuetan hartu eta barruan dozenaka marasma edo armiarma txiki daude. Kontxo! anforak elikagaia biltegiratzeko erabili ditu hemen norbaitek!
Erlabio edo liztor buztingileek elikagaiz betetzen dituzten euren kapsulak, kasu honetan marasmaz, liztor-larbak elikatu ditezen.
Wikipediara jo eta hantxe aurkitu dut anforen egilea. Hain zuzen ere, aurreko egunean etxe barruan bueltaka aurkitu genuen liztor gerri-fina, Eumeninae taldeko liztor buztingilea. Eumeninoak liztorren Vespidae familiako subfamilia bat dira. Oso talde zabala da eumeninoena (200 genero eta 3000 espezie), gehienak hori-beltzak eta ehiztari bakartiak. Gizakiontzat ez dira inolaz ere arazo edo arrisku. Inguruko hizkuntzetan liztor buztingile (2) izena ematen zaie (potter wasp, avispa alfarera, guêpe potière, Töpferwespen, eta abar), hain zuzen ere, talde honetako zenbait espeziek buztinezko egiturak egiten dituztelako, ontzi, anfora edo katilu itxurakoak, arrautzak errun eta larbek euren bizitza bertan pasa dezaten, goxo-goxo, amak lagatako elikagaia janez.
Hautsitako anforen barruan bilatuta, gehienetan oraindik ez zen larbarik ageri, marasma hilak baizik ez, baina pare batean liztor-larba lodikoteak aurkitu genituen.
Liztor buztingile arren bizitza laburra eta bizkorra da, emea ernaldu eta kitto, aste gutxitako bizitza. Emeena, aldiz, luzeagoa eta lanez betea. Izan ere, lokatza, lurra eta ura erabilita, buztinezko egitura huts horiek eraikitzen dituzte. Barruan arrautza bana errun, eta laster jaioko den larba elikatzeko janariz betetzen dituzte kapsulatxoak, gehienetan armiarmak edo beste intsektu batzuen larbak (kakalardo eta tximeletenak, adibidez).
Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, miligramo batzuetako pisua daukan intsektu txikiarentzat. Zenbat joan-etorri buztina lortu eta 10-15 anfora horiek eraikitzeko; gero arrautza bana errun; amaitzeko, dozenaka eta dozenaka mamorrotxo ehizatu, kapsulak bete eta etokizuneko larbei elikagai nahikoa lagatzeko. Baita amaieran tapa perfekto batekin itxi ere. Ikaragarria!
BBCko dokumental honetan ederto ikusten da, David Attenborough-ren ahots ahaztezinarekin.
Esan bezala, 12-14 kapsula inguru aurkitu genituen leihoan. Erdiak-edo hautsi egin ziren leihoa ireki-ixtearekin batera. Beste erdia bertatik askatu eta albora pasa genituen. Hautsitakoen artean, pare bat ziren barruan larba zeukatenak; gainontzekoetan armiarma hilak baizik ez (larba ez zen jaioko edo). Hemen irudi batzuk.
....................
(1) Liztor, listafin, erlabio (erlamino) edo kurumino (kurubio), lau izenak sinonimo dira eta laurak erabiltzen dira Euskal Herrian zehar Vespidae familiako kideak izendatzeko (avispa ES; Guêpe FR).
(2) Ez dut aurkitu euskarazko izen arrunt espezifiko eta estandarizaturik eumeninoentzat, baina esango nuke liztor buztingile (edo ontzigile) egokia izan daitekeela. Halaxe erabili dut artikulu honetan, behintzat. Dena dela, ez da hau proposamen zehatz bat: familia osoa ondo aztertu beharko litzateke liztor, liztortzar, listafin, kurumino eta erlabioen izen arruntak behar bezala zehaztu ahal izateko, jakina.