Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Le peuple migrateur" (2001) eta "Fly Away Home" (1996), hegaztien migrazioari buruzko dokumentala eta filma

"Le peuple migrateur" (2001) eta "Fly Away Home" (1996), hegaztien migrazioari buruzko dokumentala eta filma

Asier Sarasua 2018/03/25 16:30
Hegaztien migrazioan oinarritutako 2 pelikula. "Le peuple migrateur" (2001) dokumentala, euskarazko azpitituluekin ikusi daitekeena, eta horren oinarri izan zen "Fly Away Home" (1996) filma, benetako istorio batean oinarritutako pelikula.

Munduko 7 kontinenteetan eta 4 urtez milaka grabazio ordu egin zituen lantaldeak, 90 minutuko dokumental harrigarri hau sortu ahal izateko. Denbora horretan, hainbat hegazti espezieren migrazioak jarraitu zituzten, urtean zehar egiten dituzten joan-etorriak grabatuz munduko ingurunerik ikusgarrienetan: poloetan, itsaso zabalean, Amazoniako oihanetan, basamortu eta ordokietan,...

Hegaztien migrazioa naturak ematen duen fenomeno harrigarri eta ikusgarrienetakoa da. Urtero-urtero, udaberrian eta udazkenean, mundu osoko milaka espezietako milioika txorik bidaia luzea abiatzen dute, bizirik iraun ahal izateko. Horretarako, milaka kilometro egingo dituzte, arriskuz betetako txango batean, batzuetan iparralderantz, hurrengoan hegoalderantz.

Dokumentala egiteko, narrazioa eta alderdi zientifikoa albo batera laga zituzten, eta irudiek eskaintzen duten indarrean oinarritu. Ia-ia testurik gabe, oso-oso gertutik ateratako irudiak dira dokumentalaren muina, gizakiak gutxitan gozatu dezakeen ikuspegia eskainiz ikusleari. Horretarako, hegaztietako asko produkzio-taldeak hazitakoak ziren, animaliak jaioberritan ohitu zitezen grabazio-ekipoetara.

Animaliak oinarri dituzten dokumental eta pelikula guztietan bezala, oriangoan ere hortxe geratuko zaigu dilema etikoa, ezta? Noraino erabili eta derrigortu ditzakegu animaliak gure asmoetarako. Hala ere, ezin uka, dokumental honek sekulako irudi ikusgarriak eskainiko dizkigula eta naturarekiko maitasuna (eta ezagutza) zabalduko dizkigula.

Dokumentalaren oinarrian, Bill Lishmanen bizipenak, "Fly Away home" (1996)

Film horren inspirazio nagusietako bat Bill Lishman (1939-2017) artista, naturzale eta asmatzaile kanadiarraren esperientzia izan zen.

Lishmanek hegazkin ultrarinak pilotatu eta diseinatzen zituen. 1988an lortu zuen bere etxean hazitako antzara talde bat gidatzea bere ultrarinarekin (horretarako bereziki egokitutako tramankulua). Eta 1993an antzaren migrazioa bideratzea lortu zuen, sekula aurretik migratu ez zuen antzara talde bat bere ultrarinari jarraikiz eramanez Canadatik AEB hegoladeraino.

Lishmanek eta bere familiak antzarekin bizitako istorio horretan oinarrituta pelikula gozo bat egin zen 1996an, Fly Away Home, Oscar sarietarako izendatua izan zena eta etxeko txikiekin ikusteko egoki-egokia.

 

Inpronta

Aurreko bi pelikulak egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da hegazti (eta ugaztun) espezie batzuek daukaten berezko ezaugarri bat, etologian inpronta (imprinting, ingelesez) izenez ezagutzen dena.

Hegaztien ikasketa-prozesuaren etapa labur bati dagokio eta Konrad Lorenzek deskribatu zuen lehenengoz, antzarekin egindako lanen ondorioz. Lorenz ohartu zen antzarakume batek, jaio eta segituan, bere amatzat hartzen duela mugitzen den eta soinuak emititzen dizkion lehenengo izakia (edo objektua).

Ahate edo antzara kumeak jaiotzean, ikerlari austriarrak jatorrizko ama beste izaki baten bidez trukatzen zuen, eta konturatu zen txitak ordezko amari jarraitzen zitzaizkiola; amatzat hartzen duten hori kumeen gidari izango da hortik aurrera. Inpronta edo eragin sakona utziko du betiko. Horrela, txorikumeak jaio eta ikusten duten lehenengo biziduna pertsona bat baldin bada, edonora jarraituko diote pertsona horri, bere ama bailitzan.

Gorago aipatu ditugun bi ikusentzunezkoak egiteko, teknika hori erabili izan dute (edo ezaugarri horretaz baliatu dira) zuzendariek. Etxean hazitako hegaztiak dira film horietako protagonistak, ume-umetatik gizaki batzuei jarraitzeko agindu genetiko horri, inprontari, jaramon eginez gizaki horiei munduko mutur batetik bestera jarraitzeko prest daudenak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz