Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Larrepetit (Pello Lizarralde, Erein, 2002)

Larrepetit (Pello Lizarralde, Erein, 2002)

Asier Sarasua 2011/04/26 11:15
Pello Lizarralderen 4. eleberria. Ihesaldi baten kronika. Molde berezian idatzita, traman eta hizkuntzan. Ia ez istoriorik, ia ez akziorik,... eta, hala ere, eder-ederra.

Ihesaldi baten kronika azaltzen digu Lizarraldek bere eleberri honetan (Larrepetit, Pello Lizarralde. Erein, 2002). 2003. urteko Euskadi Saria irabazi zuen.

Abel “Larrepetit” baserriko morroia eta Joxe motxaila ihesi dabiltza. Bidean Lainez bidaiaria aurkituko dute. Horixe da eleberri honetako trama guztia, ez dago ia besterik. Izan ere, eleberri berezia da Larrepetit. Molde ez-arruntean antolatutakoa, beste garai batekoan. Istorioa baino, begirada interesatzen baitzaio Lizarralderi.

Tramaren datu nagusiak ezezagunak zaizkigu: zergatik zeuden espetxean, nola egin zuten ihesi, nora jo nahi duten, zergatik dauden elkarrekin, zergatik laguntzen dien Lainezek, zein den Lainezen benetako ogibidea, zer urte edo garaitan gertatzen den... Ez zaigu ia ezer esaten, asko jota zeozertxo iradoki. Ez dago ia-ia tramarik. Akziorik ere ia batere. Baina moteltasun erakargarri eta arin batekin irristatzen zara eleberriaren orrialdeetan barrena.

Hitzak ere gutxi ditu liburuak. Behar dituenak besterik ez. Isiltasuna da berriketaldiaren gainetik. Keinu xumeak; hizketaldi labur eta erabat sinesgarriak.

Xumetasun horren alboan, deskripzio zehatz eta ederrak dira liburuaren eta ihesaldiaren muina. Koloreak ez ezik, itzalak eta tonuak ere barneratzen dizkigu Lizarraldek. Eguzkiaren epelak, belarraren usainak, atearen irrintziak, txarrantxaren zorrotzak, begiraden soslaiak. Paisaiak agintzen du. Ihesaldiak berak (non eta orain), ihesaldi horren arrazoiak baino (nondik, nora eta zergatik).

Izan ere, liburua baino, filma sortu du Pello Lizarraldek. Pelikula eder bat. Niri Lost in translation gogoratu zidan (istorioan eta egituran inolako antzik izan ez arren, bai moldean). Hura gustatu bazitzaizun, hau ere gustatuko zaizu. Orduan aspertu bazinen, ez ahalegindu honekin.

 

etiketak: liburuak
xme
xme dio:
2011/04/26 14:07

lizarralderen liburua gustatuz gero, bi gomendio: -egilearen beste liburuen artean, zaharrago bat: "sargori" (pamiela), garai bateko udako arratsalde luze, ez oporraldiko irteera ez haize giroturik ez zegoen sasoiko bero umel eta egonekoa, oso giro berezia lortzen duena (nire akorduan). -"larrepetit" asko famatu eta saritu zen; elkarrizketa guztietan, lizarraldek gustukoen zuen idazlea (eta berarengan eragina izan duena) goraipatu zuen: cormac mccarthy.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz