"La noche del oráculo" (Paul Auster. Anagrama, 2004)
La noche del oráculo (Oracle Night)
Paul Auster
Anagrama, 2004
Idazle bat ospitaletik irten berri da. Hilabeteetan hilzorian egon ondoren, etxera itzuli da. Paper-denda batean koaderno urdin eder bat erosi eta idazten hasiko da berriz ere. Eta koaderno horretan sortzen ari den eleberri horren muinean, 1930 inguruan idatzitako beste eleberri bat. Eta baita pelikula baterako gidoia ere. Eta Dashiell Hammetten beste eleberri bat. Hainbat geruzatan egituratutako kontakizuna. Eleberri baten barruko eleberri batean gertatzen den beste eleberri baten trama kontatuz. Azken batean, idazlearen lan-koadernoa bera delako liburu honen protagonista. Idazketa-prozesua ere bai, zeharka bada ere.
Eta gutxinaka, planoak nahasi egiten zaizkigu. Izan ere, idazten dugun guztia ez da lehenago ere gertatu? Edo, agian, idazten dugun hori da etorkizuna markatuko duena? Denboraz, patuaz, halabeharraz... Eta fikzioaz eta errealitateaz; imajinazioaz eta gertakariez. Austerrek oso bere dituen beste hainbat elementurekin batera: gaixotasuna, paper-dendak, beisbola, metaliteratura, autofikzioa...
Austerren Leviatan ez zitzaidan batere gustatu. Orain irakurri dudan hau, ostera, gustura irakurri dut, ia-ia jarri eta bukatu. Baina ez dakit asko gustatu zaidan, sentsazio gazi-gozoa utzi dit. Ez dakit zergatik. Tramaren pasarte batzuei telenobela itxura hartu diedalako, beharbada? Baina bai, gomendagarria. Pertsonaiak ondo taxututa, estilo bikaina (estilo bi, liburu barruko liburuak estilo berezi-berezia duelako) eta egitura narratiboa primeran-primeran eraikita. Eleberri ederra.
Paul Auster. Jerseyn jaio zen 1947an. New Yorken bizi da eta bertan kokatu izan ditu bere eleberririk gehienak. Azken urteotako idazle amerikarren artean goraipatuenetakoa. Eleberrigintza landu du, batez ere. Ekoizpen handia dauka, gainera. Zinemarako gidoiak ere idatzi izan ditu eta zuzendari lanak ere bete izan ditu. Lan ezagunenen artean (zenbait euskaraz ere badira):
- The New York Trilogy (1987)
- Moon Palace (1989)
- Leviathan (1992)
- Auggie Wren's Christmas Story (1992)
- The Book of Illusions (2002)
- Oracle Night (2004)
- The Brooklyn Follies (2005)
- Travels in the Scriptorium (2006)
- Man in the dark (2008)
- Sunset Park (2010)