"Kirola Euskaraz" programa kiroldegietan
Programa ez da berria. Esango nuke aurreko urteetan ere martxan egon dela. Helburua zera da: gure eskualdeko kiroldegietan ikastaroak egiten dituzten helduen artean euskararen erabilera sustatzea. Edo, gutxienez, euskarak presentzia izan dezala eta euskaldunon eskubideak bermatzea.
Izan ere, sarri ikusi dugun moduan, nahikoa da ikastaro batean erdaldun bakarra izatea, ikastaroa gaztelaniaz izan dadin. Programa honen bitartez hori saihestu nahi da.
Taldearen tipologiaren arabera, 3 neurri hartuko dira:
- Ikasle guztiek ulertzen badute euskara: ikastaroa euskaraz izango da.
- Ikasleen erdiak baino gehiagok ulertzen badu euskara: ikastaroa nagusiki euskaraz izango da eta gaztelaniazko azalpenak izango dira.
- Ikasleen erdia baino gehiago erdalduna bada: ikastaroa nagusiki gaztelaniaz izango da, baina monitoreak euskarari sarbidea emango dio (agurretan, animoetan, zenbakietan...) eta euskaldunei euskaraz jardungo zaie.
Tira, balirudike batzuetan oso gutxirekin konformatzen garela, baina aurrerapauso txiki bat da, behintzat.
Orain, ikusi behar ea betetzen den, eta ea monitorearen sentsibilitatea nolakoa den. Izan ere, bere esku geratzen da gestio linguistikoa...
Pasa den urtean egin nuen kiroldegiko ikastaro horietako bat. Irakasleak ez zuen galdetu zenbat ginen euskaldunak eta beraz, urte osoan gaztelaniaz jardun zuen. Inoiz beste irakasle batekin tokatu zitzaidan eta hark zenbakiak eta animoak gutxienez euskaraz esaten zituen.