Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Kartxela mendia (1.979 m), Belagua eta Juan Pitotik gora, Binbaletako zirkoan barrena

Kartxela mendia (1.979 m), Belagua eta Juan Pitotik gora, Binbaletako zirkoan barrena

Asier Sarasua 2019/09/22 14:30

Euskal Herriko bosgarren mendirik garaiena da Kartxela, bere 1.979 metroekin. Baita ederrenetarikoa ere, Ezkieta (1.905m) eta Binbaletarekin (1.757 m) osatzen duen zirko txikia ikusgarria delako eta tontorretik bista ikaragarriak daudelako. Ia-ia Euskal Herriko gailur garrantzitsu guztiak ikus daitezke bertatik.

Santa Garazi (Zuberoa) eta Uztarroze (Erronkari, Nafarroa Garaia) artean dago, Otsogorrigañak, Barazeak, Ezkietak, Keletak eta Larrondok osatzen duten mendilerro zirkularrean.

Santa Grazitik zuzenean igo daiteke, 5 ordu inguruan; baita Uztarroze ingurutik ere Mintxateko ibarrean barrena (3-4 orduan), baina igoera ohikoena Belagua aldetik egiten da, autoa Juan Pitoko bentan edo goragoko aterpetxean lagata. Handik, GR-12 ibilbidearen ondotik igaroz, eta Binbaleta (1.757 m) magaletik zehar, nahiko erraz helduko gara Kartxelara, 5 km eta 2 ordu inguruko ibilbidean.

Igoera Juan Piton hasi genuen. Parkinetik Keleta (1.905 m) tontorra ikusten da. Kartxela bera atzerago ostenduta geratzen da. Harantz goaz!

2019-09-13_kartxela (1).jpg

Ibilbideak ez dauka galerarik. Parkinean bertan garbi adierazten da igoera. Bidea ere argia da, markaz josia eta jarraitzeko garbia. Lehenengo zatia baso batean zehar egingo dugu, pagoak nagusi.

2019-09-13_kartxela (2).jpg

Basotik irten bezain azkar, Keletak, Ezkietak eta Binbaletak osatzen duten zirko txikira helduko gara. Gutxinaka-gutxinaka gero eta ikuspegi zabalagoa izango dugu, metroetan gora egin ahala.

2019-09-13_kartxela (3).jpg

40' inguru igo ostean, igoerako lehenengo mugarrira helduko gara: Arrakogoitiko lepora. Iparraldera begiratuta, han behean barrenean, Kakuetako Arroila dakusagu, Zuberoan. Eskumatara eginez gero, Lakhura (1.877 m) ingururantz jo dezakegu, eta handik Eraizeko lepora. Guk, berriz, ezkerrerantz egingo dugu, mendebalderantz, Binbaleta azpitik igaro eta Kartxelako oinera eramango gaituen bidezidorretik. Zati hau GR-12a da.

2019-09-13_kartxela (4).jpg

Oraintxe dator ibilbidearen zatirik gogorrena, seguru asko. Aldapa gogortzen hasten da, parean Keleta eta Ezkieta ikusten ditugun bitartean. Hala ere, ez da ere munduko maldarik pikarrena; nork bere erritmoa hartu eta aise gainditzen da zati hau.

2019-09-13_kartxela (5).jpg

Behin Binbaletako lepoa gaindituta, azken zatia falta zaigu. Beste 15-20 minutuko igoera besterik ez da falta Kartxelako gailurra harrapatzeko.

2019-09-13_kartxela (6).jpg

Ikuspegia sekulakoa da une oro.

2019-09-13_kartxela (7).jpg

Orain bai, azkenean begien aurrean azaldu da Kartxela mendiaren tontor harritsua. Azken metroak dira.

2019-09-13_kartxela (8).jpg

2019-09-13_kartxela (9).jpg

2019-09-13_kartxela (10).jpg

Tontorretik dagoen ikuspegia demasa da. Pirinioak alde batera, itsasoa parean, Zuberoa eta Nafarroako gailurrak ez ezik, Gipuzkoako gehienak ere begi bistan ditugu.

2019-09-13_kartxela (11).jpg

Postontzian Eibarko Klub Deportiboko txartela laga (100 mendien lehiaketa egiten dihardugu eta), eta mokadutxoa. Hamaiketakoa ondo irabazita daukagu. Ez da leku txarra indarberritzeko.

2019-09-13_kartxela (12).jpg

Beheranzko bidea gailurrerian zehar egingo dugu, gailurrez gailur. Ezkieta (1.905) eta Keleta (1.906 m) dira hurrengo tontorrak. Malkartsuak, baina ez bereziki zailak gailurreria guztia egiteko.

2019-09-13_kartxela (13).jpg

2019-09-13_kartxela (14).jpg

Ezkietan ere ireki dugu Mendiak APPa eta igoera markatzeko aprobetxatu dugu, zelan ez!

2019-09-13_kartxela (15).jpg

Bide nagusiak aurrera egiten du, bueltan-bueltan Arrakogoitiko leporaino. Guk zuzenean jaistea erabaki dugu, legar artetik. Bernek igarriko dute bihar!

2019-09-13_kartxela (16).jpg

Ahuntz-bidea da, eta sarrioak agertu zaizkigu ezker-eskuma, ea zertan gabiltzan euren ingurumarietan.

2019-09-13_kartxela (17).jpg

Azken zatia besterik ez da falta. Belarrak eta txilarrak agertzen dira harri txingarren ordez, beherago belargune zabalak. Handik behera, berriro helduko gara Arrakogoitiko lepora, eta igotzeko erabili dugun bide beretik jaitsiko gara autoraino.

2019-09-13_kartxela (18).jpg

Egun ederra izan da. Leku ikusgarria, eta lagun artean. Ezer hoberik!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz