Jarraitu sorbeltz bikote honen gora-beherak, habian jarritako webcamari esker #txoriak
Esperientzia polita Jerezko (Andaluzia, Espainia) ikastetxe bateko hau. Webcama ipini dute euren ikastetxeko teilatupean, sorbeltz habia batean gertatzen dena jarraitzeko eta ikasgelan aztertzeko. Liburuek diotena ikastea baino eraginkorragoa, ala?
Kamera horri esker 24 orduz jarraitu ditzakegu Youtuben sorbeltz-bikote baten ibilerak, arrautzak nola zaintzen dituzten, ar-emeen arteko zirriak, habiako sartu-irtenak,... Sorbeltzen habiak leku ezkutuetan egoten dira eta ez da erraza bertatik bertara aztertzea. Kamera honi esker, ostera, sorbeltzen portaera aztertzeko aukera paregabea daukagu. Oharra: Youtubera sartzen zaren unean txoriak ez badaude habian, bota pixkat atzera eta aurkituko dituzu.
Nabarmentzekoa zein goxo zaintzen duten elkar, nola deitzen dioten elkarri eta nola laztantzen diren. Hegoen luzeera handia ere garbi ikusten da; begira noraino heltzen zaizkien, hegaldirako erabat moldatuta dagoen espezie baten ezaugarri behinena.
2012. urtean hasi zuten Jerez de la Fronterako ikastetxean sorbeltzak ezagutzeko programa hau. Harrezkero, urtero urtero ekimen gehiago antolatu dituzte sorbeltzen inguruan, "ezagutzen dena hobeto zaintzen delako". Emaitzak berez etorri dira: 5 urtean sorbeltzen kolonia sendotu egin da (bi bikotetik zazpira igaro dira, eta 7 kumetik 25era). Aurten webcama jarri dute SEO elkartearen laguntzarekin.
Sorbeltz arruntak eta sorbeltz arreak
Irudietako horiek sorbeltz arreak dira (Apus pallidus), Andaluzia aldean nahiko ohiko direnak, Euskal Herrian ez horrenbeste. Gurean, berriz, sorbeltz arruntak (Apus apus) dira herri guztietan aurkituko ditugunak. Duela egun batzuk etorri dira Afrikatik bueltan eta Euskal Herrikoak ere habia prestatzen eta arrautzak zaintzen daude une honetan (geroz eta zailagoa duten beharlekua, Iñaki Sanz-Azkue biologoaren artikulu honetan ondo azaltzen den moduan).
Sorbeltzak hegazti ezagunak dira, udaberria eta giro ona iragartzen dutenak, udako soinu dira bere krrrriiiii-krrriiiii-krrriiiiiii garraxiak... Beharbada horregatik jaso ditu hainbeste izen Euskal Herrian zehar. Txoriak.eus-en makinatxo bildu ditugu: Abijoi, Ainhara beltz, Apeztxori, Arrantxori, Artxilloi, Belentzario, Beltxijoi, Bentzajo, Brintzario, Elai beltz, Elizelai, Eliztxori, Enara beltz, Enara handi, Erlai, Ermitario, Hegabera beltz, Irrigo, Kañabra, Kanpantxori, Kataka, Kirrillo, Kirriskillo, Kirrizkarro, Kriku, Martin, Mitxigu, Sorbeltz, Txenara beltz, Txio, Txirri, Txirribirri, Txirrin, Txirriño, Txirrio, Txirritxaldo, Xoribeltx, Zirringilo, Zirrizkilo.