Igartubeiti baserri-museoa
Ba bai. Oso leku ederra da Igartubeiti baserria. Ezkio-Itsason dago eta XVI. gizaldiko baserria da. Ia oso-osorik egurrezkoa eta erdian dolare izugarria duena. Ikusgarria da. Ez handia eta aberatsa delako, bene-benetakoa delako baizik. Guregana osorik eta aldaketa barik heldu den baserri bakarretakoa, ia-ia 1600. urtean bezala jarraitzen duena.
Orain dela 30 urtera arte bizilagunak bizi izan dira bertan. Gero hustu, Aldundiak erosi, zaharberritu (baina lehengo materiala erabilita eta itxura mantenduz), eta harrezkero museoa da.
GureGipuzkoa.net | Igartubeiti Baserri Museoa. © CC BY-SA: Xabier Eskisabel
Sagardo astea
Aste honetan, gainera, urtero bezala, sagardo-astea antolatu dute baserri-museoan. Gaur, esate baterako, sagar-zanpaketa izan da eta beste zenbait ekitaldi ere izan dira horren inguruan. Gu 11ak inguruan heldu gara. Sarrera eta informazio-gunea ikusi ondoren, bideo txiki bat ere ikusi dugu (oso egoki eta adierazgarria), eta ondoren baserrira sartu gara.
Gaur egun berezia zen, hortaz, sagarra zanpatu eta sagardoa egin dutelako. Ikusgarria da XVI. gizaldiko dolarea martxan ikustea. Zuhaitz eta Xabi izan ditugu sagar-zanpaketan gidari. Zuzen, egoki eta erakargarri. Hizkuntza tratamendua ere egokia, taldeak bereiziz eta euskarari lehentasuna emanez.
Tira, merezi duela.
Batez ere, dolarea martxan ikusteko aukera badago, baina bestela ere, Igartubeiti beti da zoragarria, neguan zein udan. Pare bat euro ordaindu eta 1600. urtera bidaiatu dezakezu. Zer gehiago nahi?
Hementxe Flickr-era igotako zenbait argazki.