Igande honetan, "Hegaztien Eguna"
Ba bai. Udazkeneko migrazioarekin batera Nazioarteko Hegaztien Eguna ospatzen da urtero urriko lehenengo igandean. Helburua, hegaztien mundua eta naturaren kontserbazioa herritarrei hurbiltzea. Ornitologia Elkarteek hainbat ekitaldi antolatzen dituzte eta Euskal Herrian ere halaxe izaten da (eta izango da aurten ere).
Sasoi honetan milaka eta milaka hegazti igarotzen dira gure zeruetan barrena, Iparraldeko lurrak utzi eta Afrikara bidean. Oso garai egokia da, beraz, urtean zehar ikusten ez diren hamaika espezie ikusteko. Gainera, gure kostaldeko eta barrukaldeko hezeguneak ezagutzeko ere aukera polita da. Hezegune nagusi eta ezagunenetan ornitologoak izango dituzue zain, euren prismatiko eta katalejoekin, hurreratzen garen guztioi hegaztirik ezkutuenak erakusteko eta edozein zalantza argitzeko.
Itsasenara Ornitologia Elkarteko kideak, esate baterako, Txingudin egongo dira. Plaiaundiko parke ekologikoan (Irunen). Goizetik hasita, elkarteko hainbat kide parkeko hainbat puntutan kokatuko dira, teleskopio eta prismatikoekin hegaztien behaketa ahalik eta gehien errazteko bisitariei; halaber, hegaztien ohitura eta biologiari buruzko informazioa azalduko diete. Parkearen sarreran elkartearen stand bat egongo da, eta orain arte egindako argitalpen eta ekintzak azalduko dituzte han. Txepetxa taldekoek eta Izate taldekoek ere antolatu dituzte zenbait ekimen (Boluen eta Garaion lehenengoek, larunbatean; La Arboledan bigarrenek, igandean).
Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere antzeko kontuak aurkituko ditugu, gehienbat hezegune nagusienetan. Lehenago ere aipatu izan ditugu hiru hezegune garrantzitsuenetarikoak blog honetan, Urdaibai, Txingudi zein Salburua. Haurrekin joateko ere, hirurak egokiak, gehienbat azkenengo biak.
Eta domekan honetan Kilometroetara bazoaz, ba, hurrengo asteburuan!