Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / I. Euskadiko Kongresu Ornitologikoa: kronika txiki bat

I. Euskadiko Kongresu Ornitologikoa: kronika txiki bat

Asier Sarasua 2016/03/03 21:35
Joan den asteburuan ospatu da Busturian I. Euskadiko Kongresu Ornitologikoa. Mugarri bat. Lehenengo aldiz elkartu gara gure inguruko txorizale guztiak gure zaletasun (eta batzuentzat lanbide) den honetaz berba egiteko. Ondo antolatutako jardunaldiak izan dira, alderdi pertsonaletik oso aberasgarri, eta komunitatearentzat ere, nire uste apalean, urrats handi bat.

Euskadiko I. Kongresu Ornitologikoa antolatu da asteburuan Busturiako Madariaga Dorrean, Bioaniztasunaren Zentroan (Urdaibai, Bizkaia). Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta (Jaurlaritzaren babesarekin), 80 lagunetik gora bildu gara 3 egunez Euskal Autonomia Erkidegoko hegaztiei buruzko esperientzia, ezagutza eta iritzi ezberdinak partekatzeko helburuarekin.

Mugarri moduko bat izan da. Izan ere, txorizaleak asko izan arren (gero eta gehiago), eta nahiko aktiboak, hauxe izan baita guztiok foro berean elkartu garen lehenengo aldia.

Kongresuaren helburu nagusiak 2 ziren:

  1. Euskadiko (EAEko) hegaztien ezagutzaz, jarraipen-programez eta kontserbazioaz jardutea.
  2. Txorizaleon topaleku izatea, orain arte sarritan bakarka, isolatuta (eta zenbaitetan elkarri mokoka) jardun dugulako. Kongresua lehenengo urratsa izan daiteke harremanak eta kolaborazio-sareak sustatzeko.

Eta hantxe elkartu ginen asteburuan 80 lagundik gora, oso aberasgarri izan den Kongresuan. Oro har, alderdi gehienak positibotzat joko nituzke:

  • Oso ondo antolatuta egon da: aretoa, baliabideak, cateringa,... Zorionak Aranzadi elkarteari eta sustatzaile nagusi izan den Juan Arizagari.
  • Hitzaldi/hizlari gehienen maila ona edo oso ona izan zen; gaien interesa ere bai. Ordutegia ere zehatz bete zen, eta hori oso-oso garrantzitsua izaten da horrelako ekitaldietan (begi onez, suitzar bat ipini zuten denbora neurtzen, eta Nadja Weisshauptek bikain bete zuen bere lana).
  • Jende askotxo bildu zen, komunitatearen bilgune izateko helburu hori ere lortu du, hortaz, neurri handi batean, eta hori berri pozgarria da. Hantxe geunden, gutxi-asko, horrelakoetan ibili garen gehienok; aurpegiak jarri dizkiegu interneten, foroetan, txostenetan,... agertzen diren izenei.

Alderdi ez hain onak ere izan ziren, baina:

  • Lurraldetasuna. Zer da "País Vasco"? Zer Euskadi? Euskaldunok garbi dugu zer den Euskal Herria, behintzat. EAEko kongresua izan da, huts-hutsean. Alderdi hau aztertu beharra dago, gutxienez.
  • Euskararekiko ardura eza eskandalosoa izan zen. Minimorik minimoena ere ez zen bete; kasu batzuetan ezta kortesiako "kaixo-agurrak" ere. Euskararen presentzia hutsa izan zen (igandean ez nintzen egon; ezin horren berri eman). Bioaniztasunaren Zentroan, hizkuntza aniztasuna ez zen aintzat hartu. Hau konpondu beharra dago, bai ala bai.
  • Jarraipen-programak eta alderdi zientifikoa etengabe aipatu ziren arren, esango nuke kontserbazioaz gutxiago jardun zela. Eta zertarako lehenengo biak, hirugarrena bermatzeko ez badira? (egia da 3. eguneko hitzaldiak horri buruzkoak izan zirela, baina hala ere, ikuspegi orokorraz dihardut).
  • Oker egon naiteke, baina ez nuen ikusi bideokamerarik. Interesgarria litzateke, dagoeneko, hitzaldiak editatuta eta sarean egotea. Hurrengo baterako iradokizuna.
  • Bertaratutakoen adina. 40-45 urtetik gorakoak ia guztiak. Komunitatearen isla? Ez dago erreleborik? Berdina pentsatu nuen elkarte batzuen osasunari dagokionez. Aranzadi Elkartea eta Itsasenara Elkartea indartsu ikusi nituen, baina zer egoera dago Bizkaian edo Araban? Zer gertatzen da Gipuzkoa barnealdean? Eta non zegoen SEO? (Nafarrak, ostera, indartsu daudela esango nuke; oso indartsu).

Alderdi pertsonaletik: ni beti satelite samarra izan naiz honetan. Itsasenarako bazkide naiz bere sorreratik (1992tik), baina ez kide aktiboegia (lehenengo urteetan izan ezik). Esango nuke "otso bakarti" antzekoa izan naizela (epizentro ornitologikoetatik urrun, Gipuzkoako errebalean), eta azkenaldian nahiko inaktiboa ere bai (2002-2012 bitartean, nahiko lagata izan dut ornitologia). Horregatik pizgarri egin zait Kongresua, eta indarberrituta itzuli nintzen etxera zapatu gauean.

Hiru egun izan ziren (ostiral-igande, otsailaren 26-28 bitartean). Azkenengora ez nintzen joan. Lehenengo bietakoen kronika txiki bat egingo dut.

I. Euskadiko Ornitologia Kongresua

 

Sarrera hitzaldiak, euskal ornitologiaren historiaz (Telleria eta Galartza)

Niretzat gaztetan erreferente izandako bi hizlari izan genituen bariku arratsaldeko hitzaldietan, Jose Luis Telleria eta Aitor Galartza. Euskal ornitologoen artean, aitzindarietakoak izateaz aparte, lan asko eta prestijiozkoa egin dutenak. Karrera bukatzen nengoela, eurak biak ziren ezagutzen nituen ornitologo profesional bakarrak; beraien liburuak eta artikuluak ere irakurri nituen garai hartan, eta niretzat erreferente izan ziren txorizaletu nintzenean. Orain, Kongresua irekitzen topatu nituen biak.

Jose Luis Telleria: Euskal ornitologiaren historiaz eta egoeraz

Jose Luis Telleriak oso hitzaldi atsegina eman zuen, euskal ornitologiaren historiaz. Horrelako kongresu bat hasteko (gehienbat lehenengoa bada), modu aproposa iruditu zitzaidan. Madrilgo unibertsitateko irakaslea da Telleria, Euskal Herrian daukagun ornitologorik ezagunenetakoa.

Euskal ornitologiaz ez ezik, ornitologiaren historiaz jardun zuen, ikuspegi historiko eta zientifikoa uztartuz. Ondoren, gure historia hurbila ondo laburbildu zuen (batez ere bere gaztarokoa, euskal ornitologiak lehenengo urratsak eman zituen garaikoak, 1950-1970 bitartekoak).

Gaur egungo egoera aipatuz amaitu zuen hitzaldia, 3 eragile handien laburpena eginez (ondorengo hitzaldietan asko aipatu zen hiruko eskema hau):

  • Txorizaleak: asko gara eta aktiboak; lan polita egiten dugu eta ohituta gaude jarraipen-programetan parte hartzera eta elkarteen inguruan antolatzera. Komunitate sendoa daukagu; hauxe dugu tripodearen hankarik indartsuena.
  • Administrazioa: ez da txaloak jotzekoa, baina gutxi gora-behera euren lana nahiko txukun egiten dutela aipatu zuen. Gestoreen artean aipatu beharrekoak dira, baita ere, taldeak eta elkarteak.
  • Zientzia: hauxe da Euskal Herrian herren daukagun arloa, komunitate zientifikoarena. Benetako ikerketa oso gutxi egiten da, ez dago komunitate zientifiko sendorik ornitologiaren arloan dabilena, Unibertsitatean ez dago lan horretan diharduen ikerketa-talderik... Alderdi hau hobetu beharra dago.

Gustatu zitzaidan hitzaldia, eta gustatu zitzaidan amaiera aldera emandako ikuspegia. Iradoki zuen txorizaleak eta zientzilariak neurri batean banatuta gaudela, eta horixe dela gainditu beharreko koxka: zaleek urrats txiki bat eman behar dutela, euren inplikazio-maila areagotuz, behaketa-jarraipenak egiteaz haratago (zientzia egiteraino); eta zientzilarien lana dela, bestalde, zaletuak erakartzea eta eurekin kooperatzea. Harreman hori bidirekzionala izan behar da, erreziprokoa: zientzilarien esku dago jendea erakartzea eta heztea, baina baita horrekin batera ere, zientzilarien datuak komunitatearen esku jartzea (azken hau nik gaineratu dut; erabat kezkatzen eta amorrarazten nauen gaia da-eta).

Aitor Galartza: Urdaibaiko Naturgunearen historiaz

Ondoren Aitor Galartzaren txanda izan zen, eta Urdaibaiko Biosferaren azken 40 urteotako historia laburbildu zuen, 3 garai nabarmenduz (Star Wars sagako izenburuak erabilita):

  • La amenaza fantasma: 70. hamarkadan, beste hezegune gehienak bezala, Urdaibai lehortzeko eta desagertzeko zorian egon zen. Garapen totalaren sasoia zen.
  • El despertar de la fuerza: Francoren heriotzak ez zuen egoera aldatzea lortu. Trantsizio garaian ere hainbat proiektu faraoniko bideratu nahi izan ziren Urdaibai erdian: golf zelaiak, urbanizazioak, estropada-eremuak,.... Baina 1979-1980 inguruan talde ekologista txiki bezain aktibo bat sortu zen Gernikan, zarata handia egiteko gai izan zena, hedabideetan leku dexente eskuratu zuena,.... eta Urdaibai salbatzea lortu zuena. Anton Aranburu ere aipatu zuen Galartzak (Telleriak bezala), administraziotik Urdaibai babesteko lan handia egindakoa ("Urdaibai" izena ere berak "sortu" zuela ulertu nion, ordura arte "Gernikako Itsasadarra" izenez ezagutzen zena berrizendatzeko, izen komertzialago baten bidez).
  • Una nueva esperanza: aurreko urteetan egindako lanari esker (presio soziala + ikerketak), Gernikako itsasadarra Urdaibaiko Biosferaren Erreserba bihurtu zen (eta ehiza babesgune) 80ko hamarkada erdi aldera. Galartzak esan zuen milagro moduko bat izan dela Urdaibaik bizirik irautea, inguruan daukan presio politiko-turistiko-urbanistiko izugarria gaindituz.

Hala ere, milagro hori, ez dago arriskutik kanpo. Alderantziz: azken 20 urteotan koniferoen basoberritzeak ez dira gutxitu, pinudiak eukaliptadi bihurtzen ari dira, gizakiaren presioa izugarria da Biosfera osoan (turismoa, hondartzak, giza jarduerak), orain gutxi berriro dragatu da eremu handi bat Muruetako ontziolarentzat, ez dago inolako araudirik aisialdiko jarduera mugatuko duena,... Hain eremu txikia izanda Urdaibai, daukan presioa izugarria da, eta eraginak nabariak dira. Urdaibai ez dago salbu.

Itxaropen txiki bat piztu da Urdaibai Bird Centerrarekin: babesgune bihurtu da, giza inpaktoa txikiagoa da ingurune hartan, eta hegazti dexente ikusi daitezke Oruetako paduran (batez ere anatidak, hori bai). Horrek erakusten du, eremu bat ondo berreskuratzen bada, nahiz eta txikia izan, eta gizakiaren eragina murrizten bada, azkenean emaitzak lortzen direla.

I. Euskadiko Ornitologia Kongresua

 

Jarraipen-programak

Zapatu goizeko lehenengo saioak jarraipen-programen inguruan bideratu ziren. Aukeran lartxo eta azkarregi (batez ere lehenengo hiztunek), baina kalitatez ondo, eta gustura jarraitu genituen gehienok.

Hitzaldi nagusia Juan Arizagarena (Aranzadi) izan zen (kongresu honen alma mater eta antolatzaile nagusia). Herritarren zientziaz jardun zuen, eta Ornitho.eus plataformaren datuak emateko aprobetxatu zuen (Aranzadik/Jaurlaritzak bultzatu nahi duten datu-basea). 2015a izan da plataformaren lehenengo urtea, eta urtebetean 500 erabiltzaile eta 60.000 behaketa lortu dituzte, %90 hegaztienak. Ondoren, 2017-2019 urteen artean egingo den Euskadiko Hegaztien Atlasaren proiektua aurkeztu zuen. Ondo bideratuta dago, gehienbat Gipuzkoan. Dagoeneko eman dut izena! ;)

Ondoren  hitzaldi-aurkezpen laburren txanda etorri zen. Gorka Belamendiak (Ataria-Salburua) zikoinak Araban daukan egoera azaldu zigun; Maite Louzaok (AZTI) hitzaldi interesgarria eman zuen ozeanografia eta hegaztien inguruko ikerketak uztartuz; Luis Lobok (Gasteizko udala) Salburuako hezeguneen berreskurapena azaldu zuen (1995-2015), nahiko ikuspegi itxaropentsua eskainiz (ez arrisku barikoa, hala ere); Javier Ferreresek (Itsasenara Elkartea) Gipuzkoan berragertu diren 2 espezieren inguruan jardun zuen, azken urteotan berriro gure artean diren ubarroi mottodunaz (Phalacrocorax aristotelis) eta okil ertainaz (Dendrocopos medius), berri pozgarria; ondoren, Agurtzane Iraetak (Aranzadi) EMAN sarea aurkeztu zigun; eta amaitzeko, Rafa Garitak azaldu zigun, zelan fototranpeoa erabiltzen ari diren Aketxeko matxiplaka (Hydrobates pelagicus) kolonia hobeto ezagutzeko, oso datu interesgarriekin.

Ikerketa ornitologikoak

Kafearen ostean (tira, kafea baino gehiago hamaiketakoa izan zen) ikerketen txanda heldu zen. Asteburuan behin baino gehiagotan azpimarratu zen bezala, Euskal Herrian ez dugu punta-puntako ikerketa ornitologikorik egiten (besteak beste, Unibertsitatean ez dagoelako ornitologia lantzen duen ikerketa-talderik), baina egin egiten da, eta horren erakusgarri izan ziren txanda honetako hitzaldiak.

Iñigo Zuberogoitiak (Icarus SL) ireki zuen hitzaldi-sorta, Bizkaiko belatz handien (Falco peregrinus) inguruan egindako ikerketen datuekin. 20 urteko lanen errepaso sakona egin zuen. Nadja Weisshauptek (Aranzadi) azaldu zigun perfiladore eta kamara termikoen bitartez nola jarraitzen duen paseriforme txikien migrazioa gauez; Maite Louzaok bigarrengoz hartu zuen hitza, oraingoan Atlantikoko beste muturrean kumatzen duten atun-txorien ibilerak aipatuz (Maite izan zen, larunbat osoan, euskarazko esaldi bakarra esan zuen hizlaria; bakarrik horregatik, nire eskerrik beroena Maiteri); Alejandro Onrubia (Fundación Migres) etorri zen ondoren, txinbo burubeltzaren datuak aurkeztu zituen, populazioa nola aldatzen den ingurunea aldatzen den heinean; populazio-dinamikaren azterketaren adibide polita izan zen (bizi-iraupena, ugalkortasuna, demografia,...). Ondoren, Aranzadiko bi kidek hartu zuten hitza (Jose M. Sánchezek eta Sergio Delgadok), ur-zozoaren (Cinclus cinclus) eta kaio hankahoriaren (Larus michaellis) inguruan egindako ikerketen laburpenarekin. Jarraian, Gorka Burgosek Bizkaian urubiarekin (Strix aluco) egiten hasi diren ikerketaren aurrerapena eman zigun (strigidoen datuak jasotzeko metodologia ezagutzeko hitzaldi aproposa). Eta hitzaldi-sortari bukaera emateko, rara avis bat izan genuen txorizaleen artean, historialari bat (Jesús Muñiz), Bizkaiko eskultura gotikoetan aurki daitezkeen hegaztien irudikapenen berri emanez.

Hegaztien jarraipenaren inguruko mahai-ingurua

Larunbat arratsaldean bi mahai-inguru izan genituen. Lehenengoa hegaztien jarraipen-programei buruzkoa. Interesgarria, nahiz eta nik uste ez zitzaiola nahikoa etekinik atera. Hizlari bakoitzak berea esan zuen, ez zen egon benetako eztabaidarik, eta hainbat gai garrantzitsu laga ziren aipatu barik: Nola antolatu behar dugu hau guztiau? Zer egiten dugu ondo? eta zer ez hain ondo? Zer hegazti-talde izan behar dira lehentasuna? Zergatik ditugu 2 plataforma datuak sartzeko, eBird eta Ornitho? Zer eskaintzen du azken horrek lehenengoak eskaintzen ez zuena? Eta hor datuak sartzen ditugun erabiltzaileok, zergatik ez dugu sarrera zuzenik datuetara?

I. Euskadiko Ornitologia Kongresua

Mahaian 3 hizlari, Jose M. Fernández (HAZI), Juan Carlos del Moral (SEO) eta Héctor González (Itsasenara). Javier Rodríguez (Aranzadi) moderatzaile lanetan. Del Moralek SEOren lanaren inguruko informazioa zabaltzeko aprobetxatu zuen. Fernándezek, berriz, "zertarako" galderan ipini zuen azpimarra: zertarako nahi ditugu jarraipen-programak eta zentsoak? Ez badugu zehazten zertarako nahi ditugun datuok, ezingo dugu ondo finkatu metodologia eta datuen azterketa, eta jasotako informazioak ez digu balioko ondorengo kontserbazio jardueretarako, edo erakundeen aldetik etorri daitezkeen kudeaketa-planetarako. Hećtor Gonzálezek hartu zuen hitza ondoren, eta Gipuzkoan egin diren jarraipen-programen zerrenda egin zuen, zer egin den, zer utzi den, problematika, eta abar. Elkarteen lana nabarmentzen saiatu zen, SACRE bezalako lan indibidualagoen alboan, elkarteek eratzen duten sarearen garrantzia azpimarratuz, komunitatea ehuntzen dutelako.

Hector bera izan zen aurrena arazoetako bat plazaratzen: jarraipen-programetako partaideak gutxitzen ari dira eta zahartzen (kongresuko partaide gehien-gehientsuenak 40 urtetik gorakoak ginen). Azken urteotan txorien mundura gerturatu den jende asko, gainera, konprometitzeko gogo gutxirekin dago: argazkilaritza gustatzen zaio, espezie arraroak ikustea, blogean edo Facebooken argitaratzea... baina ornitologiarekin zerikusi zuzenagoa daukaten jardueretan parte hartzeko gogorik gabe (zentsoak, behaketen datuak partekatu, ikerketetan lagundu,...).

Hectorrek jarritako gaiak luze jo zuen. Publikotik, Alejandro Onrubiak esan zuen txorizaleok ez dugula jakin bistaratzen (gizarteari eta erakundeei) jarraipen-programen garrantzia. Eta hori barik, jendea ez dagoela konprometitzeko prest (esfortzu eta lan bat eskatzen dute horrelako programek). Lortu behar dugu bistaratzea, gure datuak ezinbesteko direla kontserbaziorako.

Arazoa da, hala ere, azkenaldian txorizaletasunera hurbildu diren asko, ez direla hurbildu kontserbaziotik, naturzaletasunetik edo ekologiatik (garai batean, "gure garaian", ohiko zen moduan). Gehiago hurbildu dira argazkilaritzatik, edo nolabaiteko 'kolekzionismoaren' ikuspegitik,... Guztiak ere zilegi, jakina, baina jarraipen- zein kontserbazio-lanetarako ez hain baliagarri. Beharbada, prozesuaren kurba normala da: txorizaleen oinarria handitu arren, kontzientziatutakoena ez da neurri berean hazten. Normala.

Oinarri hori handitzeko, hezkuntza-plangintzen premia azpimarratu zuen Nadja Weisshauptek, eta Suitzan egiten diren programen berri eman zuen. Juan Arizagak gaineratu zuen, elkarteen arteko koordinazioa ere oso garrantzitsua dela kontzientziazio lan horretan.

Arizagak beste gai bat ere ipini zigun mahai gainean: gutxi gara, lurralde txikia da, eta hala ere ez gaude koordinatuta eta oinarri-oinarrizko lana ere falta zaigu. Esate baterako, komunitate moduan, oraindik ez dugu erabaki zeintzuk diren gure lehentasunak, eta zeintzuk gure baliabideak horri aurre egiteko (zer espezie jarraitu, zer metodologiarekin, nola koordinatu, eta abar). Oinarrizko hori koordinatzetik abiatu beharko ginateke.

Fernandezek eta Del Moralek erantzun zioten, funtsezko gai horiek legez zehaztuta daudela neurri batean (direktibak eta arrisku-irizpideen araberako protokoloak,...), eta beste herrialde batzuetako ereduak ere baditugula. Beharbada, gure lana izan beharko litzateke erakundeak bultzatzea lan hori babestu dezaten. Publikotik erantsi zen, erakundeei parte-hartze zuzena ere eskatu behar zaiela. Hau da, espezie batzuetan, beharbada, erakundeak arduratu behar direla zuzenean jarraipen-programetaz eta zentsoetaz, eta ez lan guztia txorizaleen esku laga, bestela bolondresak erre egingo garelako hainbeste programatan parte-hartzen. Baina erakundeen aldetik, ba ote horretarako borondate eta dirurik? Horixe izan zen Gorka Belamendiak bota zuen galdera. Ez dirudi horretarako borondate tinkorik dagoenik; are gutxiago datu-bilketatik ateratako emaitzen ondorioz martxan ipini beharreko kontserbazio-proiektuetarako diru-partidarik.

2. mahai-ingurua: Euskadiko Hegaztien Batzordearen eraketa

Larunbateko azkenengo saioa berezia izan zen. Mahai-inguru moduan planteatuta, benetan Batzorde Abifaunistiko bat eratzeko lehenengo urratsa izan zen. EAEko (?) ornitologo guztien bilgune izango litzatekeen Batzorde batena. Horrelakoak arruntak dira beste herrialde batzuetan, oso aberasgarri izango litzateke guztiontzat, eta ia-ia derrigorrezkotzat jo genuen han geunden guztiok. Hegaztizaindia moduko bat, nolabait esateko ;).

I. Euskadiko Ornitologia Kongresua

Juan Arizaga (Aranzadi), Javier Ferreres (Itsasenara), Gorka Gorospe eta Gorka Belamendia (Ataria) egon ziren aurkezpen-mahaian, eta euren esku egongo da Batzorde berri honen lehenengo urratsak ematea.

Arizagak egin zuen sustatzaile lana, eta hainbat galdera ere bota zituen Batzorde berriaren osaketa eta funtzioen inguruan (ez zuen eman astirik denak eztabaidatu eta erantzuteko). Batzorde hori nolakoa izan beharko litzatekeen laburbildu zuen, eta ados nago erabat: batzorde independientea, gaitasun zientifiko eta tekniko handikoa, egun ditugun elkarte eta erakundeen lana zapalduko ez duena, euskal ornitologoen aglutinatzaile eta gai orokor zabalak adosteko gune beharko lukeena

Laburbilduz, batzordeak izan ditzakeen lan nagusien artean egon daitezke:

  • Euskal txorizaleon bilgune izatea (esan bezala, sarritan nahiko banatuta jardun izan dugu, bakarka edota erreinu txiki isolatuetatik elkarri mokoka).
  • Gure lurraldeko hegaztien zerrendak osatzea (espezieak zerrendatzea, izendegiak osatzea, kategoriak eta estatusak zehaztea...).
  • Urtekari ornitologikoak osatzea.
  • Komunitatearen lan-ildo estrategikoak zehaztea.
  • Bizpahiru urtetik behin Euskadiko Kongresu Ornitologikoa antolatzea.

Publikotik zenbait puntu eztabaidagarri ere aipatu ziren. Hasteko, niretzat ere hasieratik nabarmen geratu zena (kongresuaren izenetik bertatik): lurraldetasunarena. EAEko batzorde bat izango da? edo Euskal Herrikoa? Nafarrak eta Iparraldekoak gonbidatu ere ez dira egingo? Batzordeak aintzat hartu zuen gomendio hori, eta esan zuen hurrengo urratsak eman aurretik, gutxienez, Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak gonbidatuko dituztela hausnarketa fase honetara. Ea horrela den; orain arte ez da egon, behintzat, horretarako borondaterik.

Aitor Leitzak eta Aitor Galartzak beste kontu bat ere azpimarratu zuten: kontserbazioarena eta administrazioa "presionatzearena". Elkarte batzuek euren aldetik egin ezin dutena (interes edo arrazoi jakinengatik), beharbada guztion izenean, modu "aseptikoago" batean, Batzorde honek egin dezake, administrazioari bidea erakutsiz, begi bistakoak diren kontuak nabarmenduz... Beste sektore batzuek euren iritziak plazaratzen dituzten moduan, gure "sektoreak" ere berdin egin beharko luke, eta Batzorde horrek bere funtzioen artean izan beharko luke administrazioari kontserbaziorako deiak egitea ere (usapalaren adibidea ipini zen, ia erabat desagertu den espeziea, eta oraindik ere ehizatu daitekeena).

Batzordea nola osatu eta antolatuko den ez zen zehaztu, baina entzuleen artetik izandako iritzietan garbi adierazi zen hobeto zela lehenbailehen hastea lanean, nahiz eta xehetasunak itxi gabe egon. Horregatik, aho batez onartu zen mahaiko 4 kideen esku geratuko dela Batzordearen ardura lehenengo urrats hauetan. Arizaga, Ferreres, Belamendia eta Gorospe. Apuntatu izenak ;)

Batzordearen ideiari forma emango diote, eta 3 urte barru antolatu daitekeen II. Kongresurako martxan egon beharko litzateke Euskal Batzorde Abifaunistiko hori. Bitartean, hala ere, urratsak emango dira eta guztiaz gardentasunez informatzeko bideak ipiniko dituzte (dela blog bat, dela buletin bat,...), eta beharbada hilabete batzuk barru beste bilera orokor bat ere antolatu dezakete ordura arteko lanak aurkezteko (eta guztion artean adosteko).

Eta hortxe amaitu zen larunbateko saioa. Domekan ere jarraitu zuen, kontserbazioaren inguruko hitzaldiekin. Penaz, baina ezin izan nintzen joan; hori ya lartxo niretako. Ea beste norbaitek laburbiltzen duen igandekoa.

Bitartean, Txorionak denei!

Asier
Asier dio:
2016/03/03 23:04
Gauza gutxi utzi dituk aipatu gabe, laburpen zabala benetan eta aipatzen dituken iradokizunekin era bat adoz benetan....
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2016/03/05 18:21
Eskerrik asko Asier.

(Bide batez, Asierrek euskal ornitologoen "Hegan" foroan utzitako 2 puntu ekarriko ditut hona, nik neuk ez ditudalako kronikan aipatzen eta interesgarriak iruditu zaizkidalako):

1.- Kongresuan ez zen aipatu itsas-hegaztien jarraipen programa (RAM ezaguna).
2.- Eta, batik bat, Kongresuan ez zen aipatu (oso zeharka baizik ez), une honetan txorizale gehien biltzen dituen jarduera: argazkilaritza eta sare sozialen inguruko saltsa guztia. Eta baita multzo zabal berean sartu daitezkeen beste jarduera batzuk ere, besteak beste, turismo ornitologikoa, maratoi ornitologikoak, BigYear-ak, eta abar.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz