Grabazio etnolinguistikoak egiteko jarraibide orokorrak
Orrialde honetan elkarrizketa dialektologiko edo etnografikoak egiteko jarraibide orokor batzuk jarri ditut. Eibarren eta inguruko herrietan euskalkia eta ahozko ondarea jasotzeko Badihardugu euskara elkarteak egiten diharduen lanean jasotako zenbait irizpide dira. Irizpide orokor-orokorrak dira, asko jakinak eta begi-bistakoak, baina lagungarri izan daitezkeelakoan, hementxe sarean.
Kontaktua egiteko orduan
- Familiako baten laguntza izatea interesgarria izan daiteke, gehienbat oso hizlari nagusiekin.
- Hasiera batean lanaren garrantzia txikitu; ez beldurtu elkarrizketatua, bestela ezetz esango du. Aipatu lan txiki bat egiten zaudela, eta norbaitek esan dizula bera informazio-iturri ona izango dela. Lehenengo momentutik ahalegindu hizlaria gai horretara bideratzen. Hasiera batean ez esan zenbat ordu grabatu behar dituzun, ez bideokamara erabiliko duzula, ez argitalpen bat egingo dela... Elkarrizketatua lasaitu ondoren emango dizkiozu azalpen gehiago, eta ondo hartuko ditu.
Hasi aurretik
- Ondo dokumentatu eta Galdetegi egokia idatzi.
- Hiztunak hasieratik garbi izan behar du zein den elkarrizketaren helburua
- Galdeketa motak eta galdetegiak
Ahozko Ondarea jasotzeko: galdera gutxi, haria libre
Gai jakina aztertzeko: galdera zehatzagoak eta gehiago
Hizkera jasotzeko: elkarrizketa libreak ere interesgarriak izan daitezke, baina komeni da hasieratik helburuak argi lagatzea, hizlariaren jarduna murriztea, eta galdetegi zehatza atontzea. Hizlariak ere hobeak izan behar dira, hizkera aberatsarekin, eta buru argiarekin. - Argi laga ez dela azterketa bat. Esaten duen guztia lagungarri izango zaigula, baina ez duena gogoratzen ez dela bere eta gure kalterako izango.
Elkarrizketan
- Lehenengo eta behin, zure burua aurkeztu, ahalik eta gehien. Horrek lasaitasuna eta konfidantza emango dio elkarrizketatuari.
- Hasiera batean, elkarrizketaren helburua edozein dela ere, galdera orokor batzuk egin, hizlaria lasaitzeko, parean duen bideokamara ahazteko, zure konfidantza lortzeko… Galdera egokiak izan daitezke: non jaio zen, non bizi izan den, herria nola aldatu den, eta abar.
- Ezagunak izan arren, komeni da hiztunak berak bere izen-abizenak eta jaioteguna esatea kamaran. Grabazioan geratuko da. Beharbada guretzat ezaguna izango da, baina urte batzuk barru grabazioa besteren batek hartzen badu, datu horiek asko eskertuko ditu.
- Grabazioan familiako batzuk egotearen ondorioak. Abantaila: hiztunari lasaitasuna ematea (ez beti), eta batez ere hiztunak gogoratzen ez dituen kontu batzuk gogoraraztea ("ama, kontatu ezazu zure familiako pasarte hori!"). Desabantaila: kontrakoa normalagoa izaten da. Alabak amaren jarduna moztea, elkarrizketa larregi sartzea, gaztelerarako joera handiagoa izatea...
- Hiztunaren jarduna ahalik eta gutxien moztu. Elkarrizketan zehar galdera bat bururatzen bazaigu, orri batean idatzi, eta gero galdetu. Hiztunaren haria sekula ez moztu. Bi arrazoi nagusi: (1) sekula ez dakigu hizlariak noiz emango digun informazio interesgarri eta berria; (2) materialaren hedapenerako ere, hiztunaren hitzak behar ditugu, ahalik eta hitz-jario luzeena, eta ez guk etengabe mozten dugun jarduna.
- Kontatu duen zerbait ea ezagutzen dugun galdetzen badigu, ezetz esan. Elkarrizketan zehar ere, zure "ezjakintasuna" adierazi: "A bai? Ez nekien? Benetan? Ez dut horrelakorik sekula entzun". Horrelako komentarioak oso komenigarriak dira. Bi arrazoi: (1) Hizlaria arro sentitu behar da; bere hitzak garrantzitsuak direla ohartu behar da. (2) Hedapenerako azalpen luzeagoak eta zehatzagoak lortuko ditugu (zerbait ezaguna zaigula esaten badiogu, ez du azalduko).
- Galdera zuzenak sahiestu. Hau da, ez egin bai/ez galderarik. Puntu honek garrantzi berezia dauka. Hizlariak erantzun luze bat ematea nahi dugu, eta ez "bai" edo "ez" bezalako erantzuna. Adibidez:
* Gabon gauean bakailoa jaten zen, ezta? Galdera okerra.
* Zer jaten zen Gabon gauean? Galdera zuzena.
Alderdi teknikoa
- Ahalegindu beti grabazioak bideokamararekin egiten. Gaur egun ez da zaila bat lortzea, eta etorkizunera begira irudia ahots soila baino askoz erabilgarriagoa izango zaigu. Edozein argitalpenerako, hedapenerako...
- Ahotsa bakarrik grabatzekotan, minidisca erabili, eta ez walkman edo grabagailu analogiko bat.
- Mikrofonoa beti erabili, eta mikrofono egokia erosi. Badaude 10 euroko mokrofonoak, baina gure lan guztia alperrik galtzeko arriskua daukagu. 10 ordu grabatu ondoren, grabatutako ez dela ondo ulertzen edo entzuten ikustea, frustrantea da egilearentzat.
- Fokoa erabili. Ahal dela, eta naiz eta grabazio-lekuan argi nahikoa izan, fokoa erabili. Grabazioaren kalitatea izugarri hobetuko duzu.
- Plano fijoa laga. Hau da, bideokamara 2 metro ingurura jarri, eta ahalik eta gutxien ikutu. Horrela, hizlaria ahaztu egingo da kamara bertan duela. Zenbat eta gehiago ikutu bideokamara, gehiago aztoratuko da elkarrizketatua.
- Enkuadrea: plano zabal samarra hartu. Hizlaria piskat mugitu arren, ez da planotik irtengo. Burua goi-goian jarri, eta ahal dela eskuak ere hartu; gehienbat eskuekin ere azalpenak eman behar badizkigu (jolasak edo lanbideak jasotzeko asmoa badugu, esate baterako). Eskuek ere espresibitate handia dute. Hizlaria oso nagusia bada, edota gutxi mugitzen bada, beharbada hobe da aurpegia bakarrik hartzea. Irudiak askoz indar handiagoa izango du.
- Grabazioan zehar 3-4 aldiz aldatu dezakegu planoa. Ea dena ondo dagoen begiratu, eta hizlaria berriro enkuadratu.
Amaieran
- Zintari zirutasuneko pestañatxoa kendu.
- Grabazioari buruzko datu guzti-guztiak lehenbailehen idatzi fitxa batean: hizlariaren datuak, jaioteguna, biografia, elkarrizketan landutako gai nagusiak, data, lekua, alderdi teknikoak, bestelako oharrak... Orain buruan dituzu, baina urtebete barru, ziurrenik, ez.
- Zintari pegatina bat ipini. Gutxienez datu hauek: izen-abizenak, jaioteguna, grabazioaren data. Hortik gora, zenbat eta gehiago, hobe.