Goiko kale (Anjel Lertxundi, 1973)
Gaur egun Espainiako Literatur Saria denak, Anjel Lertxundik, 24 urterekin idatzitako eleberria da Goiko kale (Gero, 1973). Nik Alberdaniaren 2000. urteko edizioan irakurri dut, egilearen orrazketarekin.
10 urteko Anjel begiak zabaltzen hasten da munduari begira. Baserriko bizimodua, eskolako une latzak, sexuaren loratzea, erlijioa munduaren erdigune, apaiz izateko gogoa... Erlijioak pisu handia du liburu osoan zehar (batez ere, erditik aurrera). Azken batean, Astarrain izeneko herritxoko bizimodua kontatzen digu egileak modu poetikoan.
Egilearen 3. liburua izan zen. Lehenagokoak izan ziren Hunik arratsartean ipuin-bilduma (1970) eta Ajea du Urturik (1971) bere lehenengo eleberria. Urte batzuk geroago etorriko ziren Aise eman zenidan eskua (1979) eta Hamaseigarrenean, aidanez (1983) eleberriak.
Liburu xumea, orrialde aldetik zein tramari begiratuta. Lertxundik eman du ale hoberik, noski. Hala ere, gustura irakurtzen da eta bere garaian ospe handia izan zuen. 1975ean Euskaltzaindiaren Saria jaso zuen eta hona hemen Xabier Letek 1973an bertan idatzi zuena: "Ongi pentsatzen jarrita, nobela hau poema nobelatu bat dela ere esan liteke. Neurria eta ritmoaren zentzuagatik, osotasunaren zatiak hain armonikoki taxutuak izan direlako, oroitzapen eta ideien erabiltzeari musikaltasun neurri bat eman zaiolako… benetako poema baten aurrean bezala gaude, eta era berean euskal narratiba berri baten bideak urratzen dira. (...) Anjel Lertxundi estilista bat da, gure gaurko narratiba sortzaileak dauzkan estilista oso gutxitako bat; bakarra behar bada."