Facebooken
Hileak izango dira Facebooken berri izan nuenetik. Lankideek aipatu zidaten eta laneko proba moduan egin nuen bisitatxo bat; lanak behartuta, hortaz.
Ez nion interes berezirik ikusi; sare sozial bat, lagunak egiteko tresna bat. Ez zidan ezer esaten. Bestela ere nire ingurukoak ondo fitxatuta ditutu; badakit zeintzuk diren euren blogak eta euren Flickr kontuak, e-postaz eta posta-zerrenda bitartez komunikatzen naiz eurekin, eta abar. Ez dut Facebookik behar horretarako. Gainera, badakit nola engantxatzen naizen horrelako asmakizunetara eta nahikoa daukat nire beste seme-alabekin: benetakoekin eta teknologikoekin (bloga, flickr kontua, bideokamera, eta abar). Lehendik ere astirik ez ezertarako, eta bakarrik falta zait Facebook-en ere egunero beste ordubete igarotzea.
Azken asteotan, baina, izena eman dut eta hantxe nabil, saltseatzen. Oraindik ere ikasten. Lehengo akats berbera ikusten diot: ez dit larregirako balio eta denbora kenduko dit. Beste akats larriago bat ere ikusten diot: zelako nabigazio nahasgarria daukan! Ez dauka URL garbirik (ez dago www.facebook.com/asarasua/photos bezalakorik) eta hainbat orrialde oso-oso antzekoak dira. Zer alde dago orrialde hauen artean? 1, 2, 3 eta 4? Hutsa! Ondo pentsatuta izango dute, jakina, baina nahasgarria da, oso.
Hori guztiori holan izanik ere, aditzen dut bere arrakasta eta horrenbeste jende engantxatzea. Hango eta hemengo jendea aurkitzea, bere berri jakitea, senide urrunak aurkitzea, besteen argazkiak ikustea... kuxkuxeatzea, azken batean. Horretarako primerako tresna da. Ondo-ondo pentsatutakoa.
Eta engantxatu egingo nau. Zer egingo diogu. Bizio teknologiko guztiek harrapatzen naute. Kauen!