Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Euskararen erabilera Eibarren

Euskararen erabilera Eibarren

Asier Sarasua 2011/11/22 20:20
Eibarko Udalak gure herriko euskararen kale-erabileraren inguruko datuak kaleratu ditu. 2011ko emaitzetaz gain, azken 22 urteotako laburpen txikia ere egin du. Erabilera goraka omen, baina oso motel, %20tik %24ra.

Aurten ere, urtero bezala, euskararen erabilera aztertzeko kale neurketa egin da Eibarren. Kale neurketaren daturik zaharrenak 1989koak dira. 1989tik 1999ra neurketak bi urtetik behin egiten ziren eta 2000 urtetik aurrera urtero egin izan dituzte. Neurketak behaketa bitartez egiten dira, urtero garai berdinean, urriaren erdi inguruan. Neurketa bakoitzean 5.000 lagun baino gehiago behatzen dira, bi astean zehar hainbat gune eta girotan.

Udalak orain arteko datuak sareratu ditu Eibarko-euskara.com webgunean eta txosten bi ere jarri ditu online (txostenak baino, laburpen-taula batzuk, ohar gutxi batzuekin):

Horrelako neurketak nahiko zalantzazkoak egin izan zaizkit beti. Batetik, beti puztuta daudela iruditzen zaidalako (Eibarren %25-30 ingurua euskaraz? umeen artean %40? Nekez sinestuko dut). Beste alde batetik, metodologia ere ez delako egokiena eta urtetik urtera (eta auzotik auzora) alde handiak (itzelak) egoten direlako (egileek ere onartzen dute metodologia ez dela zehatzegia eta urteroko datuak ezin direla aintzat hartu, epe luzeko joerak besterik ez).

Tira, epe luzeko joerak ontzat hartuz, dagoeneko 22 urteko neurketak ditugu esku arteak eta nolabaiteko eboluzioa marrazteko balio dezaketela iruditzen zait. Aurtengo txostenean hamarkadaka egin dute azterketa, esate baterako, eta hor argazki errealagoa ikusi daiteke. Joera, gutxienez.

Eta joera gorunzkoa da. Eibarren orain dela 22 urte baino gehiago egiten/entzuten da kalean. Edo hori dio, behintzat, txostenak. 1989-2000 tarteko %20,58tik, 2001-2011 bitarteko %24,02ra igaro gara. Hala ere, oso igoera apala, 4 puntu besterik ez 20 urtean. Martxa honetan... Gainera, begiratu egin behar, ea orain dela 22 urteko inkestak eta gaur egungoak berdin egiten diren, gure bizi-ohiturak ere aldatu ote diren... baina tira, goraka doala dirudi eta ez da gutxi (kontuan izanik, Eibarko gunerik euskaldunenean, Ikastolan, erabilera beheraka doala, ziztu bizian gainera,... ez dakit zer espero dezakegun, baina tira, hori beste kontu bat da).

Datu guztiak goiko bi txostenetan bildu dituzte. Hementxe azpimarratu daitezkeen datu gutxi batzuk:

  • Euskara, orain dela 22 urte nagusienen kontua zen, Eibarko zaharrena, gure aitxitxa-amamena; denbora-tarte honetan, baina, nagusienen artean jaitsi egin da (%27 vs. %20) eta gainontzeko adin-taldeetan igo. Logikak ere horrela agintzen du, jakina.
  • Umeen taldea da euskaldunena (%40 inguru euskaraz txostenaren arabera), baina gazteetan eman da igoerarik handiena, %16tik %28,5era.
  • Auzoka alde handia dago: Amañan %14,87 azken hamarkadan; Ipuruan %31,52.
  • Bost ingurunetan banatzen dira datuak (jolas-parkeak, erosketak, txikiteoa, gazte giroa, familia), denetan ere antzeko datuak lortu dira. Guztiek egin dute gora, erosketak izan ezik (%20tik %17ra).

Goraka egin du, beraz. Baina nahiko datu kaskarrak direla esango nuke. Orain dela 20 urte zer aurreikuspen zeuden? Ziur nago ez zutela espero 4 puntutxo bakarrik haztea. Eta, gainera, egoera benetan datuetakoa baino kaskarragoa dela esango nuke... Gauzak errotik ez badira aldatzen, etorkizun beltza.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz