Dantzari eguna, Kezka (eta beste)
Dantzari eguna
Joan zen ostiralean Dantzari Eguna izan genuen Eibarren. Kezka Dantza Taldeak antolatzen du urtero eta, nolabait esateko, ikasturte amaierako jaialdia da. Urte guztian zehar Kezkako umeek (eta baita nagusiek ere) ikasitako dantzak plazaratzen dituzte Untzagan.
Aurten lehenengo pertsonan bizi izan dugu, gainera. Maddik 6 urte bete ditu eta Kezkan hasi da ikasturte honetan. Esango nuke, oro har, oso gustura ibili dela Kezkan dantzan ikasten. Egia da azken asteotan nekatuta ere bazegoela (ikasturte amaieretan ume gehienei gertatzen zaie), baina ostiralean poz-pozik irten zen plazara (hor, argazkian, andereñoren azken orduko argibideak jasotzen).
Ekitaldi polita izan zen. Talde bakoitzak dantza bat edo bi egin zituen eta ikusleok (gehienbat guraso eta aittitta-amamok) asko disfrutatu genuen. Onenak, zelan ez, lehenengo mailakoak :-)
Hementxe dantzan:
Argazki gutxi batzuk ere igo ditut Flickr-era.
Esango nuke Dantzari Eguna oso egun aproposa dela umeentzat. Urte guztian zehar ikasi dutena plazan erakutsi, jende aurrean dantzan egin, lotsa eta harrotasun puntu batekin... Umeak pozarren zeuden bariku gauean!
Euskal jaia
Dantzari eguna, jakina, ez da Kezkak antolatzen duen ekitaldi bakarra. Orain dela 3 aste, Kezkak antolatutako beste jai bat Eibarren: Eibarko Euskal Jaia (argazki batzuk Flickren).
Hor ere ederto pasatu genuen: goizeko dantzaldian, herri-bazkarian, eta arratsaldeko erromerian. Umeentzat, ostera, Dantzari Eguna hobea izan zen. Askoz gehiago disfrutatu zuten. Euskal Jaiko dantzaldietan oraindik galduta sentitzen dira eta ikuskizunak luzeegiak egiten zaizkie.
Euskal jaian Ezpalak ikuskizuna ere izan zen (Kezkaren webgunean informazio ugari: programa, kronika eta oihartzuna).
Kezkan dantzan ikasten
Aurten, gainera, lotura estuagoa izan dut Kezkarekin. Erromerietan-eta sarri astindu izan ditut oinak, baina ezin esan dantzan egiten dakidanik, ezta hurrik eman ere. Aspaldi ikasteko gogoz, baina astirik ez. Eta aurten, alaba apuntatu dela eta ni ere dantzan ikasten hasi naiz. Eta oso gustura. Merezi du. Jende askori entzun diot eurek ere nahiko luketela. Tira, ba, ez da batere zaila: irailean izena eman eta etorri: arin-arin, fandango... Erdizka eta hiru!
Asier, hau bai propaganda ona!!! Eta garai egokian gainera, datorren astean, ekainaren 28an eta 29an izango baita matrikulazioa, 18:00etatik 20:00etara Portalea Kultur etxeko 3. solairuan. Dantza gozamen iturria da guretzat, eta beste batzuk ere plazer horrekin disfrutatzeko aukera baldin badute fenomeno!