Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Ernara ipurzurixa (enara azpizuria, Delichon urbicum) Eibarren

Ernara ipurzurixa (enara azpizuria, Delichon urbicum) Eibarren

Asier Sarasua 2017/11/16 09:47
Orain dela 20-25 urteko ohitura berreskuratu dut aurten: Eibarren bizi diren enara azpizuri edo ipurzurien (Delichon urbicum) populazioa neurtzea. Emaitza? Negargarria. Sasoi batean ohiko ziren txori hauek desagertu egin dira gure herritik.
Ernara ipurzurixa (enara azpizuria, Delichon urbicum) Eibarren

Ernara ipurzurixa (Delichon urbicum)

Orain dela 20-25 urte, 1990eko hamarkadan, udaroko ohitura nuen enara azpizurien (Delichon urbicum) zentsoak egitea Eibarren. Ekainetik abuztura bitartean gure herriko kaleak zeharkatzen nituen enara hauen habien bila. Giza eraikuntzetan kumatzeko ohitura dute, habia gure teilatupeetan eraikiz, eta espezie arrunta da Europako eskualderik gehienetan.

Enara arruntak (Hirundo rustica) ez bezala, orban zuria dauka buztan gainean eta hortik datorzkio euskaraz jasotzen dituen izenak, beti ere zuriune horrekin lotutakoak: azpizuria, ipurzuria, buztanzuria,... Eibarren ernara ipurzurixa deitzen diogu.

Orain dela 20-30 urte Eibarren ohiko genituen enara txiki hauek. Arrunta zen gure kale artean hegan ikustea, intsektu hegalariak harrapatzen zituzten bitartean. Apirilean etortzen ziren eta urrira arte egoten ziren gurean. Eibarko hainbat tokitan aurkitzen genituen euren habiak: Ipuruako dorreetan, Azitaingo La Salle ikastetxean, Amañan, erdigunean,... ia-ia auzorik gehienetan. Dozenaka habia eta enara ikus genitzakeen Eibarren.

Aurten berriro ibili naiz kale artean enara bila, sasoi batean koloniak zeuden tokiak berraztertzen, eta aurkitu dudan egoera negargarria izan da. 3-4 habia posible, bakarra ziur okupatuta, eta lauzpabost ale solte gure zeruetan hegan. Penagarria.

Bota egin ditugu. Bota egin ditugu gure ingurutik, gure herritik, gure kaleetatik. Nola eta zergatik? Badira arrazoi nabarmen batzuk, gutxienez.

  • Batetik, enara azpizurien kolonia nagusiak zeuden tokietan obrak egin dituzte azken urteotan. Eraikinetako hormak eta teilatuak berritu egin dituzte (besteak beste, Ipuruako dorreetan, Azitaingo La Salle ikastetxean, Bidebarrietako etxe batzuetan,...). Txarrena da, obra horiek askotan kumatze-sasoian egin dituztela, legez kanpo, eta horrek ondorio latzak izan dituela: habiak apurtu, kumeak hil, eta gurasoak betirako beldurtu (ikus beheko argazkia, La Salleko obrak, 1996ko udan).
  • Gainera, erratz-makilarekin ere dozenaka habia apurtu izan dira, legez debekatuta dagoen arren. Txakurrak eta katuak nahi ditugu etxe barruan, gure alfonbra gainean txixa egiten, baina onartezina iruditzen zaigu animalia basatirik gure etxe inguruetan, izan teilatupean habia egiten digun enara, izan sukaldeko leihoan agertzen zaigun txindurria. Zikinak dira. Garbitu ditzagun! Zoritxarrez, asko zabaldutako ohitura da hori.

La Salleko lanak, 1996. Delichon urbicum habiak deseginda.

Lanak Azitaingo La Salle ikastetxean. 1996ko uztailean, enaren kumatze-sasoi erdi-erdian. Enara azpizurien (Delichon urbicum) dozenatik gora habia puskatu ziren (argazkian oraindik ikusten dira goi-goian habia batzuen aztarnak).

Hala ere, uste dut hori ez dela arrazoi bakarra; beharbada ezta nagusia ere. Erratza heltzen ez den tokietako habiak ere desagertu egin dira urteotan; txoriak ez dira itzuli. Haizearen kalitate eskasa eta pestiziden erabilera (eta ondorioz, hegaztientzat askoz jateko gutxiago egotea) sekulako triskantza ari da eragiten intsektuen eta hegazti intsektujaleen artean. Mundu osoko tendentzia da, dozenaka eta dozenaka espezietan.

Horren ondorio dira enara espezie eta populazio gehienek azkenaldian dituzten arazoak, eta sekulako gainbehera neurtu da azken bizpahiru hamarkadetan. Enara azpizuriaren egoeraz egin dugu berba; Eibarren ez ezik, Europako beste hainbat lurraldetan ere gainbeheran dago (nahiz eta oraindik oso espezie arrunta izan leku askotan). Enara arrunten (Hirundo rustica) populazioa %40 inguru jaitsi da 10 urteko epe laburrean; Ameriketako toki batzuetan %90ekoa izan da jaitsiera; Euskal Herrian ere ez-ohiko bilakatu da oso denbora laburrean (Eibarren ere, arrunt izatetik ezohiko izatera igaro da urte gutxian). Haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris) ikustea ere nahiko arrunta zen Eibarren orain dela gutxi; autopistako zubipeetan egiten zuen habia eta sarri-sarri ikus zitekeen Untzagan bertan hegan. Gaur egun ez da geratzen habiarik, eta oso tarteka ikusten den espeziea da.

Albiste pozgarri bakarra uhalde-enarak (Riparia riparia) eman digu azken urteotan. Orain 20-30 urte ikusten ez genuena, ugaritu egin da azkenaldian, Euskal Herriko erreka eta ibaien osasuna hobetu ahala. Esate baterako, gaur egun 3 kolonia txiki ditugu etxe alboan, Markinan, Soraluzen eta Elgoibarren. Eibarren ere tarteka ale solteren batzuk ikusten ditugu. Ea horrek itxaropen pixkat ematen digun gainbehera dauden beste enarentzat. Hala bedi!

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2017/11/17 09:29
Aupa Asier: Poztu nauk hire ekarpena irakurrita. Beti izan diat zalantza nire txikitako enarei buruzko oroitzapenei buruz. Altzolan zubiaren muturrean, Debara aldeko ertzean, bi etxe zaudek: Zelaianekoa eta Sukurtsala. Zelaianeko teilategalpean enara erabat beltzak egiten ziaten habia, haiek hituen guretzat "enarak"; Sukurtsalekoan aldiz katakiak deitzen genienak. Habiak, itxuraz behintzat, berdinak hituen. Beti entzun diat gure "kattakiei" enara deitzen zietela. Zehaztu didak gure "katakiak" "enara azpizuriak" direla, enara mota ezberdin bat. Ez zakiat jaraitzen duten Altzolan udapasa egiten jarraitzen duten eta talde
bakoitzak bere esparrua gordetzen duten.
Jon Etxabe Garitazelaia
Jon Etxabe Garitazelaia dio:
2017/11/17 16:40
14
Jon Etxabe Garitazelaia
Jon Etxabe Garitazelaia dio:
2017/11/20 09:13
papar zuriei "katakiak" deitzen genien Altzolan; beltzei, aldiz, enarak. Non demontretik etor daitekek deitura katakiak izen hori?
asier
asier dio:
2017/11/21 09:00
aupa Jon! Eskerrik asko erantzutearren eta zure lekukotasuna uztearren. "Katakien" izena entzunda daukat, eta berezia da, bai. Gainera, esango nuke oso eremu murritzeko berba dela, Mutriku-Mendaro-Deba-Azkoitia ingurukoa. Hortik kanpo ezezaguna da. Hori bai, nik neuk beti sorbeltzak (abijoiak, Apus apus) izendatzeko (http://txoriak.eus/txoriak/sorbeltz-arrunta ).

KATAKI hori nondik datorren galdetzen didazu, eta ezin erantzun horri. Zuk diozun moduan, ez da berba "arrunta", euskaraz berezi egiten duen kakofonia moduko bat. Baserritar batek esan zidan behin, bere ustez "katu" hitzetik etorriko dela, katakiek katu negartien antzera "kantatzen" dutelako. Ez dakit horrela izango den; ea Mendaro-Mutriku aldean norbaitek argitzen digun misterioa ;)
Jon Etxabe Garitazelaia
Jon Etxabe Garitazelaia dio:
2017/11/21 10:50
Asier: kataki izen hori ez duk izanen ba "kakatiak"direla txoriok ingurua lardaztuz, eta "kakati"ren aldaera bat dela "kataki". Auskalo, baina horelakoak geta izan dituk.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz