Era val d'Aran
Zortea izan genuen. Zortea eguraldiarekin eta zortea datarekin. Izan ere, eder-eder zegoen bailara osoa. Haritz, pago, urki eta astigarrak udazken kolorez jantzita zeuden, urri bukaeran bakarrik izan dezaketen kolore-entsalada izugarriarekin.
Tredós
Lehenengo egunean Tredós ingurura igo ginen. Salardútik gora, kotxez, Banhs de Tredósera. Handik gora Colomers ingurura igo daiteke. Leku zoragarria. Udan autobus-zerbitzu txiki bat ere badago, kilometro batzuk gorago eramaten zaituena. Guk oinez egin genituen 2-3 kilometro, haurrekin ezin askoz gorago heldu. Eguraldi goibel samarra zegoen, baina Tredós arana izugarri polita zegoen.
Artiga de Lin
Bigarren egunean eguzkia indartsu eta zerua urdin. Eguraldi paregabea, kotxea hartu eta Joeu errekak sortzen duen bailaran gora igotzeko. Uelhs deth Joeu urjauzi ezagunaren alboan autoa laga eta handik gora, oinez, Artiga de Lin inguru paregabera igo ginen. Ordubeteko igoera erraza da, haurrekin aise egiteko modukoa. Artiga de Lin inguruko zabalgunea, aterpetxea eta handik dagoen bista ezin ederragoak dira. Gehiago ibili nahi bada, handik gora ere hainbat ibilbide daude, erraz eta gogorrak, nahi adina. Erabat gomendagarria.
Val de Toran
Hirugarren eguna ere eguzkitsu, distiratsu. Aranen dagoen bailararik ezezagunenetakora jo genuen, Frantziako mugan dagoen Val Toranera. Aran itxi-txia, bakartia, isolatua... turismoguneetatik aparte. Ederra. Laupabost herritxo txiki (Pradet, San Joan de Toran, Canejan...). Barren-barrenean aterpetxe bat (Refugi dera Honeria) eta gainean 2000 metrotik gorako mendiak. Hartzak ere sarri ikusi ohi dira Toran inguruan. Haurrekin ibiltzeko toki ona. Ibilbide errazak daude eta udazkenean aurkituko dituzun koloreak izugarriak. San Joan de Toranen bazkaldu genuen (6 etxe besterik ez dituen auzune polit-polita) eta iluntzean Canejanera jaitsi ginen (bailarako buru dena). Canejan ere polita. Aran haraneko leku ezkutuenetako bat.
Vielha, Arties eta Salardú
Hiru horiek ere ikusi genituen. Askoz ezagunagoak, udan mendian eta neguan eskiatzen dabiltzanentzat ohiko tokiak. Turismoak erabat hartu dituen arren, oraindik ere garai bateko arkitektura eta usaina gordetzen jakin duten herriak. Tragotxo bat eta pintxo bat hartzeko ere toki egokiak. Laburbilduz, asteburu ederra eta inguru paregabea. Irudi gehiago ere laga ditugu Flickerren.
Aranera, Aran Haraneko hizkuntza
Aran Katalunian dagoen arren (Lleidan), katalana ez da bertako berezko hizkuntza. Aranen araneraz (aranes) mintzatzen dira. Gaur egun katalanak ere toki handia dauka (eta gaztelaniak, nola ez), baina 1990az geroztik aranera ere ofiziala da Val d'Aranen. Hezkuntzan ere bere tokia dauka eta haurrek 4 hizkuntza ikasten dituzte eskolan: aranera (haur hezkuntzan hauxe bakarrik), katalana, gaztelania eta ingelesa/frantsesa.
Aranesa (hemen azalpena okzitanieraz) ez da berez hizkuntza bat, Okzitanieraren aldaera bat baizik, gaskoiaren beste dialektoekin harreman zuzena daukana (hau da, okzitaniera 6 dialektotan banatzen da, tartean Gaskoia, eta familia gaskoi horren barruan daude Biarnera, Aranera, Landetakoa, eta abar). Ez du hiztun asko-askorik (5000 inguru), baina nahiko bizirik dago, Araneko biztanleen %88ak ulertzen baitu (eta %60ak hitz egin). Gainera, hauxe da okzitanieraren eremu osoan ofiziala den leku bakarra, horrek daukan garrantziarekin. Seinale gehienak, udaletxeko mezuak, denden izenak... gehiena araneraz dago idatzita (asko konturatzen ez diren arren, katalana dela pentsatuz).
Okzitanieraren dialekto edo eremu nagusiak. Wikimedia, CC-by-sa.
Eskerrik asko Asier.