Buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros)
Buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros) muscicapidae familiako txoritxoa da (batzuek zozoen familian ere sartu izan dute). Arra beltz-beltza da, buztan gorriarekin; emea ere antzekoa, baina kolore apalagoekin (gris-marroixka). 14-15 cm luzera du eta buztana etengabe gora-behera erabiltzen du.
Intsektu txikiak, fruituak eta haziak jaten ditu eta Eurasiako lurralderik gehienetan bizi eta ugaltzen da, Islandian izan ezik.
Garai batean mendi eta labarretan aurkitzen zen gehienbat, baina azkenaldian gero eta arruntagoa da hiriguneetan. Eibarren ere horrela da, eta sarri ikusten da gure herriko kale eta parkeetan. Urkizu inguruko auzune industrialetan askotan ikusi izan dut (Txonta, Matxaria, Iparragirre,...) eta aste honetan habia aurkitu dut Ipuruako merkatalgunean, Eroskiko parking alboan, Wok txinatarrerako zubipean.
Belartxoak erabiliz sortzen dituzte habiak, harkaitz eta eraikinetako zulo eta zirrikituetan, eta 4-6 arrautza inguru jartzen dituzte, maiatzetik uztailera bitartean.
Argazkia ez da ona, baina gutxi gora-behera ikusten da habia non dagoen. Atzo, behintzat, emea joan-etorrian zebilen, eta kumeak kurrixka bizian habia barruan. Ez zaie askorik geratuko habia lagatzeko.