"Gure faunari eta florari begira" (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021), Hernaniko natura, ondarea eta hizkera
Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek urteak daramatzate Hernani inguruko naturarekin loturiko ahozko ondarea biltzen. Ziraba ingurumen-proiektuarekin hasi ziren lehenengo (2013); Burbunak eta etsayak dokumentala izan zen ondoren (2015); eta Gure faunari eta florari begira (2021) liburuarekin borobildu dute duela 10 urte hasitako lana.
Natura, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa,... zenbat gai interesgarri, eta zelako egoki jaso eta gizarteratu dituzten bi egileek, horretarako gaitasun bereziz hornituak biak. Liburua erosgai duzue liburudendetan eta hitzaldiak ere ari dira ematen herririk herri.
Gure faunari eta florari begira liburuaren sarrerarako berba batzuk eskatu zizkidaten eta plazer handiz idatzi nituen hemen azpian datozenak (Zalduaren dekalogoa hankaz gora jarrita, aix, seguru asko!). Euskal Herri mailan erreferentzia bihurtuko da, honezkero bihurtu ez bada, Eñautek eta Iñakik osatu duten proiektu-sorta zoragarri hau. Bejondeizuela!
"Gure faunari eta florari begira" (Sanz-Azkue eta Agirre, 2021)
Abiada bizian doan bizi zoro honek gutxitan ematen digu astirik patxadarako eta atzera begiratzeko, gure nagusiekin elkartu, euren ezagutza jaso eta gureganatzeko. Transmisioa deitzen zaion horri bidea emateko. Horregatik maite ditut, esku artean duzuen liburu honek bezala, gure arbasoek gizaldiz gizaldi metatutako jakintza jaso eta gureganatzen digutenak. Are gehiago, emaitza hain ederra denean.
Gogoratzen dut Iñaki ezagutu nuen eguna, nola elkartu ginen Eibarko taberna batean eta zelan kontatu zidan buruan zeukaten proiektua, Hernani inguruko natur ondarea eta ahozkotasuna uztartzen zituena. Hasiera batean herriko animalia eta landareen inguruko izenak eta gaiak biltzea zen helburua, baina hori baino askoz gehiago da 10 urteko lan honen emaitza. Izan ere, desagertzear den mundu baten ikusmira damaigute, begi bistakoa baita azken bi belaunaldietan izandako aldaketa itzela eta ondarearen transmisioan izan den etena. Agirrek eta Sanz-Azkuek tradizio haren azken elur malutak jaso dituzte eta guztion esku ipini, betirako urtu aurretik.
Egileek ondo dioten bezala, ondarea da hari-mataza bat, inoiz bukatzen ez dena, eta hari horri tiraka jardun dute Hernaniko ondare natural eta linguistikoaren hariak batzen eta guri erakusteko moduan josten. Animalia eta landareen izenetatik eta hitz solteetatik hasi eta arbasoen mintzoa jaso arte, On Joxemiel Barandiaranek bere garaian azpimarratu zuen bezala, hitzak beren mamiarekin jaso behar baitira, ez huts eta azal.
Eta zein mami zoragarria ondu diguten, alajaina! Flora, fauna, ondarea, hizkuntza, herri identitatea, transmisioa... zenbat gai interesgarri eta zelako egoki kontatuta, arin eta artez. Ogirik onena bezalakoa, sendoa bezain arola eta zaporez betea.
Beharleku horretan bide erdia eginda zuten egileek, egia esateko. Irakasle eta narturzalea bata eta hizkuntzalaria bestea, biak ere biak ahozkotasunaren eta ondarearen zale eta dibulgaziorako gaitasun berezkoarekin. Ezagutza eta trebetasun hori nabarmena da orriotan, irakurleak berehala ikusiko duen moduan. Gainera, hori nahikoa ez eta beste hainbat laguni ere eman diete ahotsa orriotan barrena, ogi-orea haziz hazi aberastuz: Txomin Agirre, Orixe, Lazkao Txiki, Txirrita, Arrese-Beitia, Mokoroa, Damaso Intza.. eta batek daki zenbat gehiagoren oihartzuna ere bildu digute Hernaniko egungo lekukoen doinuarekin batera. Horren guztiorren emaitza, alderdi zientifikoa eta dibulgatiboa uztartzen dituen azterlana, zehatza bezain gertuko eta herrikoa, harrapatzen zaituen luma biziz idatzia.
Sarri aipatu izan da Juan Garmendia Larrañaga etnografoak esaten ohi zuena: hiztun bat hiltzen den oro, hiztun horren ahotsa itzaltzen den oro, herri-jakituriaz beteriko liburu oso bat erretzen dela berekin. Gurean ere urteek euren lana egingo dute, baina esango nuke hernaniarren begi-bihotzetan dagoen ezagutza eta jakintzaren entziklopedia osoa salbatu dutela Iñakik eta Eñautek ahanzturaren su-garretatik.
Duela 80 urte inguru argitaratu zuen Resurrección Maria Azkuek Euskalerriaren Yakintza lan erreferentziala. Orain hau daukagu, ia mende bete geroago Agirrek eta Sanz-Azkuek ondu duten hau; Hernaniko herriaren yakintza biltzen duen eta etorkizuneko antzeko lanetarako eredu izango den Burbunak eta etsayak. Atzera begiratzeko ez ezik, baita aurrera begiratzeko ere.