Britainiar Uharteetako mapa soziolinguistikoa. Hedadura eta erabilera. Hizkuntzak eta dialektoak.
Twitterren topatu eta Twitterren bertan zabaldu nuen hau. Orain blogera dakarkit, haizeak eraman ez dezan ;)
British and Irish Lang Maps erabiltzaileak zabaldu zuen mapa honek erakarri egin ninduen. Britainiar Uharteetako hizkuntzen mapa da (edo mapak dira). Bertako hizkuntza eta dialektoen hedadura eta erabilera-datuak (mapa handiago ikusteko, egin klik ondoko maparen gainean).
3 taldetan banatu daitezke hizkuntzak, 3 jatorri linguistiko ezberdinekoak:
- ingelesa eta eskoziera (ingelesaren dialektoa-edo).
- hizkuntza zeltak (5 hizkuntza ezberdin Britainiar Uharteetan).
- oil hizkuntza, normandiera (Kanaleko Uharteetan oraindik ere mintzatua).
Mapak aztertzean, uste dut kontuan hartzeko pare bat kontu badaudela. Hasteko, koloreek ez dutela balio berbera hizkuntza guztietan (berde batek %70 adierazten du batzuetan eta %3 bestean). Bestalde, Irlandako mapa ere kontuz aztertu beharrekoa da, mapa nagusian ezagutza adierazten baita (oso datu altuekin) eta aldameneko mapa txikitxoan erabilera (arras ezberdina). Bestalde, aipagarriak dira manxera eta kornubiera berpizteko saioak. Hizkuntza horiek desagertuta zeuden, baina hizkuntzak berreskuratzeko ("berpizteko", zehatzagoa litzateke) ahaleginean dabiltza azken urteotan. Milaka hiztun gutxi batzuk dituzte dagoeneko, eta hizkuntzak eskola pribatuetan txertatzea ere lortu dute.
Hizkuntza zelten inguruan
Garai batean Europako zati handi batean mintzatuak, (hemen Kristo Aurreko mapa historiko bat) gaur egun Britainiar Uharteetan (5 hizkuntza) eta Bretainian (bretainiera) egiten da.
Hizkuntza zeltak 2 taldetan banatzen dira:
- Britoiak: galesa, bretainiera eta kornubiera.
- Goidelikoak/gaelikoak: irlandera, eskoziako gaelera eta manxera.
Erabilerari dagokionez, euskararen pareko egoeran dago galesa, gutxi gora-behera, bai hiztun-kopuru zein erabilera aldetik. Irlandera ere nahiko hedatuta dago hezkuntzan, baina erabilera-datuak oso txikiak dira. Eskoziako gaelerari dagokionez, nahiko bizi dago mendebaldeko uharteetan, baina orotara oso hiztun gutxi ditu, eskualde bakan batzuetara mugatuta (egoera hori, gainera, gutxienez duela 4-5 mendetik dator). Bretainierari dagokionez ere, hiztunak galtzen jarraitzen du eta hiztun gehienak adinekoak dira (14.000 haur dira bretainieraz ikasten dutenak). Amaitzeko, gorago aipatu ditugu manxera eta kornubiera, behin hil ondoren, berreskuratzeko saiakeretan ari diren bi hizkuntzak zeltikoak.
Informazio gehiago Euskarazko Wikipedian: h
Normandiera (Oil hizkuntza) Mantxako Uharteetan
Bukatzeko, berezia da Erresuma Batuaren mugetan Oil hizkuntza edo normadiera ere mintzatzen dela. Oraindik bizirik dago Mantxako Kanaleko Uharteetan (Jersey, Guernesey eta Sark). 3.000 hiztun inguru dira. Sa
Oïl hizkuntzak (Langues d'oïl) galo-erromantze hizkuntza taldearen izendapen linguistiko eta historikoa da. Garai batean Galia moduan ezagutzen zen eremuan mintzatu izan den hizkuntza (edo hizkuntza/hizkera taldea) da, gutxi gora-behera Frantzia erdi eta iparralde gehiena eta Belgikako Valonian. Oïl hizkuntzen lekua frantsesak hartu zuen (zeina, halaber, oïl hizkuntzetako bat den) hizkuntza ofizial eta nagusi gisa.