Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Begitxindorrak, txuldarrak eta erlakiztenak

Begitxindorrak, txuldarrak eta erlakiztenak

Asier Sarasua 2009/06/25 12:08
Grano, pasmo eta abarren inguruan berba bi, Joxe Arantzabal koittaua goguan.

Joxe Arantzabali granuak urten detsa betazpixan. Erretratua be ipini dau Flickrren. Amorratuta dabil garaua dala eta ez dala. Eta alderdi linguistikora be jo dau.

Hamentxe, ba, ohar edo apunte txiki batzuk bekatxo, erlakizten, pikor eta abarren inguruan, pasmuak pasmo.

  • pikor: granoa. Sin. pikorta, bixiki.
  • zaldar / txuldar: larruazal azpiko pikor zorneduna. Gazt.: forúnculo, divieso. Eibarren txuldar, txulder, txundar.
  • erlakizten: larruazal azpiko zelulak zoltzean sortzen den pikorra. Gazt.: forúnculo, divieso. Hiztegi Batuak erlakizten dakar; Elhuyarrek eta Harluxet hiztegiek, aldiz, erlakaizten. Eibarren denetik, erlakizten, erlakaizten, erlakezten... RAE: divieso (Del lat. diversus, separado). Tumor inflamatorio, pequeño, puntiagudo y doloroso, que se forma en el espesor de la dermis y termina por supuración.
  • begitxindor: begi azpian irteten den pikorra. Gazt.: orzuelo. Sin. bekatxo, beltxor, mimor, betor. RAE: orzuelo (Del lat. hordeŏlus). Divieso pequeño que nace en el borde de uno de los párpados.
  • zarakar / arraunka: Gazt.: costra, postilla. Eibarren arraunka, arronka... Azalpen gehiago hemen
  • pasmo / zorne: zolduta dauden zaurietan eratzen den likido lodi hori-zurixka, mikroorganismoen eta leukozitoen hondakinez osatua. Gazt.: pus. Eibarren eta mendebalean pasmo da nagusi. Gipuzkoan zorne. Ekialderago ez dakit. Eta Eibarko pasmo-bedarra, zorne-belar da giputzen herrian
  • zoldu / zornatu: zauri bat gaizkotu, infektatu eta zornea sortu. Hemen ere, mendebala/ekialdea daukagu.

 

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2009/06/25 22:30

Jo, Asier! Zer artikulu polita eta jakingarria. Egia esan, euskaldun askok ez dakigu askorik horrelako kontuez, harik eta norberari gertatu arte. Hori gertatu zait niri, behintzat. Zure artikulu honi esker, aurrerantzean gauzak askoz ere argiagoak izango ditut.

Nire mimorrari dagokionez —Mondragoen horrela esaten diogu—, zorionez, askoz hobeto doa. Egunero pare bat aldiz kamamila beroaz beratzen dut begia, lehenago sika dadin, eta gauez pomada berezi bat ematen dut. Argazkia, ostera, ez zen nirea, Interneten jasoa baizik, eta erabili dut oso ondo erakusten duelako zer nuen, irudirik barik erabili banu baino argiago. Mila esker, Asier.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz