Eibarko berbak euskera batuan
Zergatik beti kanpoko eredu eta hitzak hartu? Gureak ez dira egokiak, ala?
Hiztunaren euskalkia euskara batutik zenbat eta urrunago, orduan eta konplexu gehiago ditu hiztunak. Orduan eta deserosoago sentitzen du bere burua batuan idazteko orduan, eta itxuraz ederragoa den eredu baten bila-edo, bere eguneroko jardunean erabiltzen dituen berba arrunt eta egokiak alde batera laga ondoren, beste euskalki batzuetakoak hartuko ditu bere altzoan, bere hiztegikoak baino dotore eta erabilgarriagoak direlakoan.
Gipuzkeraz egiten zuten berba XIX. mendeko abade bizkaitarrek, gipuzkeraz kantatu XX. mendeko bertsolari eibartarrek, eta gipuzkeratik zetozen berba politak gogo biziz jaso Bergara aldeko baserritarrek.
Euskara batua indartu ahala, joera hori handitu egin da. Ni ere euskara batuaren alde nago, jakina, eta euskara batuaren garrantzia eta beharra ezin dira zalantzan ipini. Baina esangura bereko berba bi ditugunean, zergatik joten dugu beti gipuzkerakora? zergatik laga behar ditugu guk egunero erabiltzen ditugun berbak?
Gure berbak ere euskara batua dira
Begibistakoa dirudi baieztapen horrek, baina harrigarria da nolako nahastea duten gazte askok, eta zelan uste duten gure hitzak euskalkian berba egiteko bakarrik balio dutela.
Kanpotik hartu, bai. Gure hiztegia aberastu, konforme. Baina ez gurea bazterrean ahaztuta laga. Eibartarrok batuan idazten dugunean, zergatik hasten gara beti bukatu, ulertu, utzi eta eraman esaten? Zer dute, ba, txarra, amaitu, aditu, laga eta eroan moduko hitzek?
Aldaketa automatikoa da. Eibartarrok hau esan/idatzi nahi dugunean:
"hori larregi da; laga amaierarako"
euskara batuko "txipa" martxan ipini, eta zera esan/idatziko dugu:
"hori gehiegi da; utzi bukaerarako.
Biak dira zuzenak; biak egokiak. Baina lehenengoa bigarrena bezain batua izateaz gain, gureagoa da, eta kasu askotan egoki eta komunikatiboagoa.
Eibarko berbak, zerrenda laburra
Zerrenda luzea egin daiteke; hemen behean, niri bururatu zaizkidan batzuk. Egunero-eguneroko berbak dira.
Helburua ez da txarto/ondo zerrenda bat egitea; bata zein bestea egoki eta zuzenak dira. Beheko zerrendaren helburua zera da: batuan idazten dugunean, kanpoko hitzak bezain erabilgarriak diren gure betiko hitzak erabiltzeko aukera dugula adieraztea. Zerrenda honek, jakina, euskalkian idazteko orduan ere balioko digu. Batuan gaizki esanda dauden berbak ez ditut bertara ekarri; gurean erabiltzen diren aldaerak ere ez.
Lehenengo zutabean batuan nagusitzen diharduen berba dago. Horren ostean, aurrekoa bezain batukoa dena, eta gurea izateaz gainera, gure inguruan askotan ulergarriagoa dena.
agian / beharbada
aitona / aitaita, aitajauna
amona / amama, amandre
apaiz / abade
ari izan / jardun
armiarma / marasma
astearte / martitzen
asteazken / eguazten
atera / irten
axola / ardura
bailara / ibar (bailara ere bai)
bait- / -eta (bainaiz -> naiz-eta)
bat-batean / batera-batera, baterakoan
batez ere / gehienbat
beraien / euren
beraz / orduan, horretara
bergarar mutil / mutil bergarar
berriz / berriro (berriz ere bai)
besape / galtzarbe
bezala / moduan, le(ge)z (bezala ere bai)
bi auto / auto bi
bildu / batu, elkartu
bilera / batzar
bilutsik / narrutsik (bilutsik ere bai)
bukatu / amaitu
burbuila / puspilo
dena den / dena dela
duela / orain dela
ederki / ederto
ekaitz / trumoi, hode
eraman / eroan
ero / zoro
esanahi / esangura
eskuminak / gorantziak
exeri / jarri
ezinbestean / derrigor
gabe / barik
gai izan / gauza izan
gaizki / txarto (gaizki ere bai)
garatxo / enor
garrasi / kurrixka
guraize / artazi
hala ere / dena dela
haragi / okela
harreman / hartu-eman
haur / ume
hein / neurri
heldu / oratu
heze / umel (heze ere bai kasu batzuetan)
hitz / berba
hitz egin / berba egin
hitzaldi / berbaldi
hizkera / berbeta
hodei / laino
hurbil / hur(rean)
-i buruz / -en gainean, -en inguruan, -(eta)z
igande / domeka
igel / ugaratxo
igorri / bidali
ihauteri / aratuste
ilargi / ilatargi
iritsi / heldu
irrist / laban
isats / buztan
itsusi / zatar
itzal / keriza
itzali / amatatu (emetatu, emendatu)
jadanik / honezkero
kaskabar / txingor
kilker / txirtxil, kirkil
laguntza / laguntasun
laino / behelaino
larunbat / zapatu
lerde / adur
magal / altzo
martxo / marti
masail / matrail
nazka / higuin
nola / zela(n)
noski / jakina, bai ba
odolki / odoloste
oinutsik / ortozik
oihu / orru, txilio
ongi / ondo
ostegun / eguen
ostiral / bari(xa)ku
pasa den / joan den (zen)
piztu / isiotu (piztu ere bai)
prest / gertu
prestatu / gertatu
saiatu / ahalegindu
sugandila / sugalindara
sustrai / zuztar
triku / kirikixo, kirikino
tximista / oinaztarri
uholde / ufal, ujal
ukuilu / korta
ulertu / aditu
utzi / laga
zomorro / koko, mamarro, momorro
zorne / pasmo
zutik / tente (zut(un)ik ere bai)