"Back to Leizarraga", Kepa Altonaga (Pamiela, 2015)
Back to Leizarraga
Kepa Altonaga
Pamiela, 2015
Irakasle izan nuen Kepa Altonaga Leioan, 1989-1990 ikasturteko Zoologia ikasgaian, Biologia ikasten ari nintzela. Bera izan zen unibertsitateko urte haietan izan nuen irakaslerik onentsuena, onena izan ez bazen. Hurrengo urteetan ere zenbait tokitan egin genuen topo (UEUko ikastaroetan, bera UEUko zuzendari zela; CAF-Elhuyar sariketetan,...). Eta, ondoren, Renon elkartu ginen, 1995eko udaberrian, ni ekologiako masterra egiten ari nintzela eta bera ingelesa hobetzen, biok ere EHUren beka bati esker.
Hantxe hasi zen, hain zuzen ere, bere lehenengo liburua idazten, Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan, non bere bi zaletasun edo kezka nagusiak uztartu zituen, malakologia eta euskara. Oraindik ere gogoratzen dut UNReko Basque Studies Centerreko liburutegian, liburu horren inguruko oharrak hartzen. Berak aipatu zidan lehenengoz Stephen Jay Gould, azken hamarkadetako zientzia dibulgatzaile handienetakoa, eta gogoratzen dut nola esan zidan antzeko lanak egin nahi zituela, zientzia dibulgaziokoak, eta euskaraz.
Harrezkero, 20 urte igaro dira eta ibilbide sendoa egin du Altonagak letretan, 6 saiakera-liburu argitaratuz. Azkena, Back to Leizarraga, zientzia-dibulgazioa alde batera laga, eta zuzen-zuzenean euskararen unibertsoan murgilduz.
Aurreko liburu gehienak ere irakurri dizkiot, eta banuen nahikoa arrazoi azken horri ere heltzeko. Are gehiago, han eta hemen irakurri dizkiodan iruzkin eta laudiorioak irakurrita, esate baterako, Joxe Arantzabalena Faroan, edo Hasier Etxeberriarena Zuzeun. Gehiago ere aurkituko dituzu Kritiken Hemerotekan; baita zenbait elkarrizketa prentsan ere (Berrian, Correon).
Hortaz, ez dut nire iruzkinik gehituko. "Dena esanda dago". Gera bedi hemen aipamena, irakurri eta gustatu zaizkidan liburuen zerrendan. Ikusi duzuen moduan, liburuaz baino, nitaz egin dut berba ;)
Kontrazaletik hartuko dut liburuaren mamia. Gai eta ikuspuntu interesgarriak plazaratzen ditu Altonagak. Irakurtzekoak.
Back to Leizarraga (Altonaga, Pamiela 2015)
Back to Leiçarraga da Gabriel Arestik orain berrogeitaka urte proposatu irtenbidea, euskarazko prosaren paradero etsigarria ikusita. Arestiren begietarako prosa leizarragatarra ez zen behinolako leinurua aspaldian amatatua, ezpada gure geroko gerorako modelo bat ezinbestekoa, baitezpadakoa. Hala ere, begi-bistakoa denez, basamortu kiskalian galdu da idazle bilbotarraren orduko aldarria, profeta zaharren iragarpenen gisa berean-edo.
Back to Leizarraga titulupean bildu ditu Kepa Altonagak euskarazko prosaren argi-itzalak. Gogoeta horretan irakurle baten oroitzapenak eta oharrak aurkeztu dizkigu, bere iritziak ondo substantziatuta eta estilo pindartsu eta bizkorrean. Ahalegindu da gure egungo prosaren argaltasunak ikusgarri egiten, begien aurrean agerian uzten, haren ustez gibelondo eskasak utzi dizkigu-eta ostrukarena egiteak.
Back to Leizarraga honek, zer esanik ez, hausnarketa patxadatsurako gonbita darama bere baitan: infl exio-puntu bat izan nahi du, gure prosa beste begi batzuekin irakurtzen lagun dezakeena.