Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Autokarabana (Fermin Etxegoien, 2009)

Autokarabana (Fermin Etxegoien, 2009)

Asier Sarasua 2011/09/02 16:04
Abuztuan irakurritako liburuetako bat. Oñati eta Bilbo artean idatzitako eta kokatutako eleberria. Kooperatibak, euskara, 40 urtekoon krisialdia,... eguneroko kontuak azaltzen dizkigu Etxegoienek, baina modu berezian kontatuta. 2010. urteko Euskadi Saria. Gustura irakurri dut.

Autokarabana, Fermin EtxegoienFermin Etxegoien kazetari, gidoilari eta irrati esataria da ("Berria", "Argia", "Euskadi Gaztea", "Bilbo Hiria Irratia", ETB). Oñatin jaioa (1966), Bilbon bizi da aspaldi. Hauxe du bere lehenengo eleberria (Autokarabana, Pamiela 2009) eta 2010eko Euskadi Saria eman zioten berarengatik.

Liburuko protagonista Elias Aldasoro da (liburu bukaeran bakarrik emango zaigu bere izenaren berri). 40 urte bueltan dabilen oñatiarra, Bilbon bizi dena aspaldi. Bizimodua hankaz gora dauka. Dibortziatua, alaba txiki baten aita (nahi bai, baina zaintzen ez dakiena), oraingo bikotekideak ere utzi egin du, 40 urteko krisialdian murgilduta dago, lanean ere zorte handiegirik izan ez duena... Oñatira itzuli da, kooperatiba batera lanera, proiektu itxaropentsu batera, baina proiektu honi ere ez zaio bideragarritasun handirik ikusten. Bizimodua hankaz gora, beraz.

Eliasen gora-beherak dira eleberriaren muina, trama oso sinplearen bitartez: protagonistaren ibilerak eta kezkak, kooperatiba barruko azpijokoak eta martxan jarri nahi den euskara plana. Ez dago besterik. Esango nuke protagonistak berak betetzen duela eleberriaren muina. Trama ezereza izan arren, harrapatu egiten zaituen liburua. Hasi eta bukatu egiten diren horietakoa, erritmoz eta bizitasunez idatzia. Aurrera egin ahala, gainera, hobera egiten du, pertsonaia nagusiaren printzak sendotzearekin batera.

Protagonistaren joan-etorrien bitartez, gainera, Etxegoienek gaurko gizartearen ezaugarri eta kontraesanak bistaratzen ditu: bikote-erlazioen zailtasuna, guraso izatearen zailtasunak (are gehiago guraso bananduena), euskaldun sentitzearen eta euskaldun bizitzearen kontraesanak, eta beste hainbat xipriztin bene-benetako.

Erritmo bizia, esaldi labur-laburrak, ironia, kiñu etengabeak, hizkuntzarekin jolasa... Konplexurik gabe idatzia, euskara "arruntean" horrek dituen alderdi positibo eta ez hain positiboekin (ikus kritika batzuen loturak, Zubitegian eta Zuzeun). Nik neuk ez diot inolako trabarik ikusten Etxegoienen estiloari eta erabilitako euskarari. Ez da saiatu hizkuntza literario sakon eta landuan korapilatzen; aitzitik, berbeta zuzena darabil oñatiarrak. Euskara ona da, egunerokoa, begietara minik ematen ez duena (tarteka "ere" partikula gaizki erabiltzen duen arren, ez dakit zergatik). Lander Garrok idatzi zuen moduan, "Fermin Etxegoienen Autokarabana liburua irakurri dut, harriduraz irakurri ere. Perfekziotik urrun egonagatik, txinparta askoko liburua da, zertzelada ederrak dituena, distiratsuak." Ba, horixe. Ni ere ados. Gomendagarria.

 

 

Sautrelan ere elkarrizketa egin zioten Etxegoieni. Ez dago modurik hemen txertatzeko, baina hona hemen lotura.

 

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz