Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Apirila, txoriketarako sasoi aparta

Apirila, txoriketarako sasoi aparta

Asier Sarasua 2016/04/25 09:35
Ez da ez, apirila, txoritarako garai txarra. Ugari eta zalapartatsu dabiltza egunotan.

Egunak joan, asteak etorri. Urtaro bat joan, hurrengoa etorri. Naturaren ziklo amaigabea. Eta amaiera bariko segida horretan, gure mendietako abifauna ere etengabe aldatzen da, urtaroen, sasoiaren, eguraldiaren arabera. Sasoi bakoitzak badu bere zera. Neguan ugari direnak urri dira udan; espezie batzuk errazago ikus daitezke pase sasoian; udaberriak badu ugalketaren plusa; neguan samurrago ikusiko ditugu espezie bitxiak...

Garai bakoitzak baditu bere berezitasun eta interesguneak, hartara. Baina beharbada apirila da niri gehien gustatzen zaidan sasoia txoritan jarduteko*, martxo amaieratik apirila erdi aldera.

  • Txoriak lumarik ederrenekin jantzita daude, ugalketarako berritu baitituzte euren arropak. Luma berriak dituzte, muda egin berri, eta txori espezie gehienak inoiz baino koloretsuago daude, dirdiratsu, bikotekidea erakartzeko jantzirik dotoreena jantzita. Egunotan ikusi ditudan tarin, txirriskila eta frutabatzaileak espektakular zeuden.
  • Zuhaitz gehienak, aldiz, biluzik daude, zurbizi. Horri esker, txoriak adarretan ikustea askoz errazagoa da. Maiatzetik aurrera, asko zailtzen da kontua, hosto artean txori txikiak behatzea ia ezinezko bihurtuz txorilariontzat.
  • Migrazio sasoia da. Neguan hegoalderantz joandako hegaztiak, orain Iparralderantz igotzen hasten dira. Ez da migrazio-sasoi punta-puntakoa (iraila-urria hobeak dira; beharbada, baita martxoa bera ere, tokiaren arabera), baina urtean zehar nekez ikusten diren hainbat espezie ikusi daitezke apirilean. Eta gurera etorri beharreko gehienak ere, hementxe daude (salbuespenen bat izan ezik).
  • Eguraldiak ere laguntzen du; eguna luzatzen eta epeltzen hasten da. Argiaren kolorea ere ezberdina da. Norbera ere gogotsu egoten da, mendira irteteko amorratzen.
  • Txoriburuak nola, txoriak ere hala. Aztoratuta dabiltza gehienak, kumaldirako beharrezko diren guztiak gertatzen (edo dagoeneko kumatzen). Egon ezinik, kantuan etengabe, hara-hona etengabean, harrotuta eta borrokalari. Urtean zehar koldar eta ikusezin direnak ere, adar puntetara azalduko zaizkigu, ausartenak eramango baitu lumarik edjerrena.

Asteburuan, esate baterako, Zarauzko Iñurritza-Talaimendi inguruan igaro genuen txoritan arratsaldea eta txori-txioz beteta zeuden hango zelai eta landak. Txokak, kardantxiloak eta pitxartxarrak edonon; sasi-txoria (Hippolais polyglotta) Afrikatik heldu berri, honezkero lurraldea markatzen bere kantu karraskariaz; benarriza ere (Locustella naevia) zaratatsu, normalean ikusezin bihurtzen den animalia lotsatia, orain zalapartatsu eta ausart, kumatu nahiaren beroaldiak astinduta; txioak ere ugari, espezie batekoak zein bestekoak (P. bonelli, P. ibericus,...); sasi-txinboak (Sylvia communis) sasi artean, non bestela, Talaimendiko eta Mollarriko otadi eta sastrakadi eguzkitsuetan; ihi-txoria (Cisticola juncidis), aldiz, bere hegaztada zinbili-zanbalatsuan, tsit---tsit---tsit---tsit...

Hementxe zerrenda osoa, eBird webgunean kargatuta.

Txoritoki ederra da Iñurritza-Talaimendi; berbertan dugun arren, askorentzat ezezagun. Txoritarako ez ezik, mendi-buelta baterako ere erakargarri. Ea desagertarazten ez diguten, Zarautz aldean ere egunerokoa baita "garapena" deitzen duten horren mamua, Iñurritzan ez ezik, baita Talaimendi aldean ere.

 

...........

**Txoritan egin, txoritara joan, txoriketan jardun, txoritoki, txoriketalari, txoriburu... eta abar. Gutxika-gutxika, gu ere  hasi beharko gara birding/birdwatching/birder/local patch... terminoen  alor semantikoa lantzen! Oraintsu jardun du horretaz Martin Rezolak 31 eskutik blogean. Ezer asmatu beharrik ere ez dugu, dagoeneko erabiltzen ditugunak nolabait finkatu besterik ez, ziurrenik. Neurri batean, goiko lerroak aitzakia besterik ez dira izan berba horiei tokitxoa egiteko. ;)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz