Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Amantalen ahotsa" ikuskizuna urriaren 7an Donostian

"Amantalen ahotsa" ikuskizuna urriaren 7an Donostian

Asier Sarasua 2011/09/28 22:40
Gerraren 75. urteurrena dela eta, Amantala Kultur Elkarteak ikuskizuna prestatu du: "Amantalen Ahotsa". Gerra garaiko historia, emakumeen begietatik kontatua. Musika, bertsoak, dantza... eta baita Ahotsak.com proiekturako bildutako makina bat testigantza. Urriaren 7an Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Antolatzaileen artean, Ahotsak proiektuko zenbait lankide. Zorionak neskak!

Amantalen ahotsa

Amantala Kultur Elkarteak 1936ko gerraren 75. urteurrena gogora ekartzeko garai horretako historia emakumeen begietatik kontatzeko ikuskizuna prestatu du: Amantalen Ahotsa. Urriaren 7an izango da, arratseko 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Sarrerak bihartik aurrera izango dira salgai, 12 euroan, Victoria Eugenia antzokian bertan eta Interneten.

Joan zen uztailean 75 bete ziren 1936ko gerra hasi zenetik. Urtemuga baliatuta, emakume talde batek ikuskizun ederra antolatu du azken hilabeteetan. 2010. urtean bururatu zitzaien urte haietako historia berreskuratzea, baina emakumeen begiradapetik egitea. Fronteak edo politikan ibili ziren gizonezkoen lekukotasuna askotan entzun izan dugu, baina oraingoan andrazkoen bizipenetatik abiatuta berreskuratu nahi izan dute gerran  eta gerra ostean bizi izandakoa.

Emanaldiaren ardatza gerra garaia bizitako emakumeen testigantzak izango dira: "Ikuskizunaren bizkar-hezurra adineko emakumeen testigantzak izango dira, Ahotsak.com proiektuko bideo pasarteak", aipatu du gaur goizeko prentsaurrekoan Idoia Etxeberriak, Amantala Kultur Elkarteko ordezkariak. "Izan ere, gerra garaiko pasadizoak gizonezkoek kontatu dituzte orain arte, borrokan parte hartu zutenek. Emakumea familiaren euskarria izan zen; halere, haren minak eta ahaleginak ezkutuan geratu direlakoan gaude". Emakumeek etxean, lanean eta kalean bizi izan zutena jasoko dute: "Haien pozak, nekeak eta buruhausteak. Gerra garaian eta ondoren".

Gerrako kontuak ez ezik, gizarteko alor guztiak jorratuko dituzte: etxeko ohiturak, laneko gora beherak, kaleko giroa, erlijioaren indarra… Batzuetan gordin, beste batzuetan umoretsu. «Gipuzkoako eskualde guztietako emakumeen ahotsak hartuko ditugu aintzat; sukaldetik plazara aterako ditugu. Gure amonei eman nahi diegu hitza, eta soka horri helduta, zerbait berria eta modernoa sortu. Horretarako bildu ditugu ikuskizunean kultur arloko hainbat pertsona».

Proiektuaren prentsa-ohar txukun-txukuna hementxe PDFan.

Lekukotasunak ardatz hartuta, beste hainbat ikuskizun ere bilduko ditu jaialdiak: bertsoak, zuzeneko musika, kantuak, antzezkia eta dantza. Betiere emakumezkoak protagonista direlarik. Maialen Lujanbio bertsolaria; Oinkari dantza taldeko Laura Martin; Amaia Zubiria, Arianne Unamuno eta Zaloa Urain abeslariak; Ainere Tolosa, Sara Cozar, eta Naiara Arnedo aktoreak,... eta beste hainbat, denak ere Agurtzane Intxaurragak zuzenduta.

Seguru asko izen horiek jasoko dituzte aipamen gehien; eurak dira ezagunenak. Baina nik ondo dakit datorren astean aurkeztuko den ekitaldi honetan, benetako bihotza beste 5 "amantal" izan direla, Ahotsak proiektuan lankide izan ditudan Haizea Odria, Idoia Etxeberria, Miren Artetxe, Ainitze Oruesagasti eta Ainhoa Ansa. Ideia pentsatu, landu eta zoragarri bideratu dutenak. Zorionak neskak! Itzelak zarie!

 

 

 

Serafin
Serafin dio:
2011/09/29 20:29

Zoragarri! Barixaku zortzi, iluntzeko 8retan, "Victoria Eugenia"n. Idoia Etxeberria ezagutzen juat, eta Arianne kantari. Primeran. Aupa neskak!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz