Abendua (zapelatza, B. buteo), etxeko leiho parean
Azken egunotan bisitari berezia daukagu sukaldeko leiho parean. Gure etxe inguruko zelaiak aukeratu ditu abendu batek (zapelatza, B. buteo), negua igarotzeko. Ale gazte bat izan daiteke, beharbada.
Kontua da, orain dela 3-4 astetik hona, ia egunero ikusten dugula etxe inguruan jira-bueltaka. Auzoan ditugun zuhaitz eta hesolak erabiltzen ditu ehizarako talaia moduan. Hantxe egoten da, zut-zut, ingurua zelatatzen.
Arraroa da hain toki urbanizatuan ikustea abenduak, baina egia da gure auzoa lasaia dela eta baduela zer jana. Izan ere, ahuntzen txabola bat daukagu parean, eta bere inguruan arruntak dira sagu eta arratoiak. Karraskari ugaritasun horrek erakartzen du harraparia gure auzora, nonbait. Eta tarteka, zart, hesolatik salto egin, eta hortxe harrapatzen du bere jana.
Abendua, zapelaitza, arraipardoa, buzoka,...
Abendua deitzen diogu Eibarren (eta inguruan), beste batzuek zapelatza deitzen dioten harrapari honi. Izen gehiago ere baditu, eskualdez eskualde, gaur egun Euskal Herriko harrapari arruntena den honek. Hemen batzuk, eta gutxi gora-beherako hedadura geografikoa:
- Abendu: Eibar eta inguruko herriak.
- Abenduarre: Lea-Artibai.
- Apobelatz: Zuberoa.
- Arraipardo: Debagoiena, Durangaldea, Araba,...
- Arranbeltz: Debabarrena, Urola, Goierri...
- Atxarrano (?): Uribe Kosta (bibliografian jasoa, ezin dut erabat ziurtatu)
- Buzoka: Lapurdi, Nafarroa Beherea.
- Gabillara handi, gabilloi nausi...: Lea-Artibai, Busturialdea...
- Kalfarro, kalforro: Ultzama, Sakana, Erroibar,... (Nafarroako hainbat eskualdetan).
- Saapardo, sarapardo, saipardo: Durangaldea.
- Saiarre, saierre, xaxar...: Durangaldea, Lea-Artibai, Busturialdea...
- Sapelats, Sapeluts: Oarsoaldea, Tolosaldea, Nafarroa iparraldea...
- Zapelaitz, Zapelatz, Xapelatx, Zapelatx: Goierri, Urolaldea, Baztan,...
Goiko zerrenda horretan ikusten denez, izenik gehienak konposatuak dira, erroan "sai", "belatz", "arrai" edo "arrano" daukatenak. Esate baterako: sai-belatz, arrai-pardo, atx-arrano, apo-belatz,... Horietaz gain, badira pare bat mailegu (buzoka, kalforroa, gabillara / buse, galfarro, gavilán), eta etimologia nabarreko abendua.
Izen espezifiko horiekin batera, eta harraparirik ugariena izanda, sarri askotan, izen generikoagoak ere hartzen ditu herritarren artean. Besteak beste, arrai (Debabarrenean), miru (Durangaldean, Arratian,...), gabilloi (nahiko hedatua Bizkaian eta Gipuzkoan) edo txitxalapur (Eibar inguruan).
Oharra: antzeko gaiaz, arrano eta putreen izenen inguruan, orain dela ia 10 urteko post bat.