Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibar. Fonetika. F (eta P)

Eibar. Fonetika. F (eta P)

Asier Sarasua 2004/12/16 09:55

kinarra.jpgAsko idatzi izan da /f/ kontsonanteak euskaraz izan duen jatorriaz eta bilakaeraz. Badirudi ez dela jatorriz euskararen soinu-artxiboko fonema (Michelena, 1990). Horrek ez du esan nahi, baina, beste hainbatetan adierazi den moduan, euskaldunek ezinezko izan dutela soinu hori ahoskatzea. Hementxe Eibarren non eta noiz erabiltzen den, eta izan dituen bilakaerak.

F-ren ordez p erabiltzea, batez ere Gipuzkoa inguruko berrikuntza dirudi gehiago. Iturainek (1995) eta Frailek (1996) hainbat adibide ematen dizkigute Oriorako eta Oiartzunerako, askotan gaztelerazkoak ere bai. Berrikuntza hori, neurri batean Eibarrera ere iritsi zen, eta lekuko batzuek herskaria /p/ darabilte igurzkariaren ordez: apesiño, palta, Pelipe, pamelixa, paillo... Hala ere, normalean ez dago frikaria esateko zailtasunik eta f-dun formak arruntak dira, bai hitz hasieran (ferixa, frontoi, fiña, fenomenua...), zein hitz barruan (afaldu, afisiñua...). Hori bai, badira p-z bakarrik entzungo ditugun zenbait forma: alper, alperriko, alpapa, Naparrua, Pantxika, perratokixa...

Eibarren, gainera, inguruko beste hizkera batzuetan moduan, f-ren aldeko joera beste ingurune batzuetan ere aurkituko dugu:

p/f txandakatzea

Eibarko euskaran jatorriz /f/-dun formak gorde ez ezik, jatorriz /p/-dunak diren batzuk ere /f/-dun bilakatzen dira, eta alderantziz. Txandakatzea hitz askotxotan aurkituko dugu.

Adibide batzuk ipintze aldera:

ipini / ifini
arpan / arfan
prejidu / frejidu
ipar / ifar
pandero / fandero
plater / flater
pabonau / fabonau
prixku / frixku
prakak / frakak
priztixa / fristixa

Oro har, Eibarren gehiago entzuten dira /p/-dun formak, baina /f/-dunak ere maiz entzuten dira hiztun nagusienen ahotan. Frakak, frixkua eta fristixa kasuetan arruntagoak ere badira, agian /pr/ multzoa ahoskatzeko zailtasuna handiagoa delako.

Eibarren auzo batetik bestera alde gutxi dagoen arren, aipagarria da f-dun formak askoz ugariagoak direla Otaola-Kiñarraga auzoko hiztunetan. Bertatik igarotzen zen Eibar-Elgeta-Bergara-Arrasate errepide zaharra, eta Debagoienarekin hartu-eman handiagoa izan dute inguruko baserritarrek; inguru horietako baserritarrekin ezkontzak ere arruntak izan dira, eta horrek eragin txiki bat sortu du hizkeran. Fan, fuen (joan) formak ere inguru horretan entzuten dira gehienbat. Hala ere, Ermuan ere jaso dugu horren aztarrenen bat.

etiketak: eibarko-euskara
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz