Deba ibarreko ahozko ondarea
Aspaldi neukan zorretan mezu hau. Badihardugu Euskara Elkartean 3-4 urte daramatzagu Deba Ibarreko Ahotsak proiektuan lanean. Bailarako euskara elkarte eta udalekin elkarlanean, helburu nagusia da bailarako herrietako kultura tradizionala eta hizkerak jasotzea eta hedatzea. Hau da: jende nagusiari grabazioak egitea (bideoz), lehendik bailaran egin izan diren grabazio dialektologiko eta etnografikoak katalogatzea, eta jasotako guzti-guztia datu-base batean antolatu eta Internet bidez hedatzea.
Asko dago batuta eta landuta, lan izugarria egin da urteotan, batez ere Itziar Alberdiren eta Aintzane Agirrebeñaren eskutik, baina lan hori kaleratu barik zegoen (salbuespenak salbuespen). Urteotako lan joria, baina, azkenean hasi da argia ikusten. Antzuolan eta Leintz bailaran eman dute lehenengo urratsa.
Antzuolako hizkera eta ahozko ondarea
Joan zen ostiralean, ekainak 8, aurkeztu zen Antzuolarrak berbetan proiektua Olaran kultura etxean, Antzuolan bertan. Hantxe elkartu ziren proiektuan parte hartu duten hainbat herritar eta senide, eta baita proiektua gidatu duten zenbait lagun, besteak beste, Inigo Ramirez de Okariz kultura zinegotzia eta Maripi Laskurain Idolaz eta Badihardugu euskara elkarteetako kidea.
Aurkezpena oso ondo joan zen. Interneterako konexiorik ez, eta beharbada jendea Interneten jarri dugun informazio gehiago ikusteko gogoz geratu zen, baina oro har ondo joan zen eta jendea pozik ikusi nuen.
Guztira 50 hiztunen jarduna jaso da Antzuolan, 55 grabaziotan, eta 500 pasarte inguru daude kontsultagai Interneten. Grabazio batzuk (30 inguru) orain dela 10-15 urte egindakoak dira, Idolazek (1988-89an egindakoak) eta Marijo Iparragirrek 1991n Antzuolako lehengo jolasak batzeko grabatutakoak. Beste 26 grabazio Badihardugu elkarteko Itziar Alberdik egin ditu azken bi urteotan, bideoz.
Leintz bailarako ahozko ondarea eta hizkera
Maiatzean Leintz bailarako ahozko ondarearen proiektua aurkeztu zen. Lehenengo prentsa-aurrekoa egin zen Eskoriatzan hedabideen aurrean, proiektuan parte hartu duten hiru udalerrietako alkateen eskutik (Eskoriatza, Aretxabaleta eta Leintz Gatzaga), eta gero aurkezpen bana egin zen: Eskoriatzan eta Aretxabaletan, herritar, senide eta partaideen aurrean.
Ekitaldietako zenbait argazki (Antzuolakoak barne) Flickr-en gehitu ditut.
Leintz bailaran ia-ia 100 grabazio eta hiztunen ahotsa jaso da, eta 750 pasarte baino gehiago daude kontsultagai Interneten, horietako 300 inguru bideo/audio eta guzti.
Aurkezpenetan azpimarratu dugun moduan, orain arte lan asko egin da, asko batu da, ehunka grabazio egin dira, baina oraindik ez dago dena transkribatuta eta ikusi-entzuteko moduan. Dena dela, dagoeneko hainbat pasarte kontsultatu daitezke, eta hemendik aurrera ere etengabe elikatuko da datu-base hori, grabazio, transkripzio eta bideo-pasarte gehiagorekin.
Deba Ibarreko udalen laguntza eta babesa erabatekoa izan da 3 urteotan, benetan eskertzen dugu, eta datozen urteotan ere euren laguntza izango dugu proiektu honetan.
Proiektuetan jasotakoa ikusteko, onena webguneetara jotea. Hemen adibide batzuk:
- Antzuolarrak berbetan
- Eskoriatzarrak berbetan
- Aretxabaletarrak berbetan
- Antzuolako hizlarien zerrenda
- Aretxabaletako hizlarien zerrenda
- Eskoriatzako hizlarien zerrenda
- Eskoriatzako hiztun jakin baten fitxa bere pasarteekin
- Eskoriatzako pasarte baten fitxa, transkripzio eta bideoarekin
- Antzuolako hiztun jakin baten fitxa bere pasarteekin
- Antzuolako pasarte baten fitxa, transkripzio eta bideoarekin
Goiko hiru herri horiek (eta Gatzaga) izan dira aurkezpenak egin dituzten lehenengo herriak, baina bailara guztian dago martxan proiektua, Debatik hasi eta Gatzagaraino. Udazkenean aurkeztuko da proiektu orokorra, eta hainbat herritan ere laster-laster kaleratuko dute euren ondarea, besteak beste, Mallabian, Bergaran, Elgoibarren, Soraluzen, Elgetan...
Jarraituko dugu informatzen :-)