Pedro Arrizabalaga "Zozua" hil da
Barixakuan hil zan Pedro Arrizabalaga "Zozua" ezaguna. 100 urtekin hil da, 101 eitteko hilabete eskas falta jakola. Orain dala gitxira arte, kalian zebillen egunero, umoretsu eta indartsu.
Eibartarra, eskopetagin ezaguna, bertsozalia eta ehiztari amorratua... gizon apala, bihargiña, eta umoretsua. 1906ko uztaillan jaixo zan Estaziño kalian, eta Albistegiñian eta Ugartetxeanian lanbidia ikasten jardun ostian, bere izeneko eskopeta-fabrikia sortu zeban, oindiok be eskopeta fiñak eitten dittuan "Pedro Arrizabalaga" fabrikia.
Guk 2001. urtian elkarrizketatu genduan Eibartarren Ahotan proiekturako. Ordurako 95 urte zekazen, baina buruz oso ondo zeguan, eta makiña bat ipoiñ kontau zeskuzen. Hori bai, eguardixa heldu zanian, 12ak puntuan, jaiki eta alde egin zeban, txikiteua zekan-eta.
Zozuari jasotako hainbat pasarte eta berba Eibarko Hiztegi Etnografikoa libururako erabili nittuan, eta Eibarko euskararen ikastunitatea izeneko bideoan be agertu ziran 2-3 pasarte txiki.
Berari egindako elkarrizketian zati batzuk Eibartarren Ahotan webgunian topau leike, eta bere omenez, hementxe pasarte bat.
Oharra: barixakuan bertan jaixo zan Ekhi Martinez Sarasua, Zozuan senide eitten dana (edo senidien senide, behintzat), eta baitta nere loibia izango dana. Pedro bezain indartsu heldu deilla 100 urte betetzera.