Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Aditz transitiboetan GUK, ZUK eta ZUEK-en marka errepikatzeko joera daukagu

Aditz transitiboetan GUK, ZUK eta ZUEK-en marka errepikatzeko joera daukagu

Asier Sarasua 2005/06/15 22:07

Euskaraz, aditzaren lehenaldiko formetan, NORK ezaugarria aurre-adizkia da eta gramatika aldetik zuzen eratutako aditz-formek aurrean izango dute NORK marka hori. ZU eta GU kasuetan, adibidez, ge(u)n-, ze(u)n- gei-, zei-...

Adibidez: genkan (geneukan), zentsan (zenion), zeixan (zenezan), genkixan (genekien)...

Eibarren, baina, jatorrizko adizkien eraldaketa fonetikoen ondorioz, ahozko hizkeran azkenean HAREK eta ZUK adizkiak berdindu egiten dira; eta berdin, HAIEK eta ZUEK.

Adibidez:

  • Harek emon zestan (zidan)
  • Zuk emon zestan (zenidan)

Sortzen den anbiguotasun hori sahiesteko ZU eta ZUEK zutabeetako jatorrizko adizkien lekuetan adizki berriak agertzen dira, beraien zu(e) marka azpimarratuz. Ondorioz zestazun, zeizun, zeizuen, ziñozun, zerabizun... itxurako adizkiak sortzen dira. Gramatika aldetik ez zuzen-zuzenak, baina jatorrizkoak baino gehiago erabiltzen direnak (batzuetan jatorrizkoak guztiz ordezkatzera ere heldu dira Eibarren).

Hasiera batean ZUK eta ZUEK kasuetako anbiguotasun hori gainditzeko sortu den baliabidea, analogiaz, GUK zutabera ere heldu da, eta han ere adibide mordoa agertzen dira (gentsagun, genkagun, genkaguzen, gerabiguzen, genkiguzen, girudigun, gihardugun, geroiagun, gekarguzen...).

Azken batean, adizkiaren hasierako markekin nahikoa ez, eta GUK, ZUK, ZUEK adizkiak direla azpimarratzeko, birritan erabiltzen ditugu marka horiek.

Joera honek bigarren fase bat ere badauka: lehenengo, adizki zuzenari, erredundantziaz, atze-adizkia eransten zaio; bigarren fase batean, jatorrizko marka (aurrekoa) galdu (edo hirugarren pertsonaren marka hartu) eta atzekoa bakarrik geratzen da. Beraz:

gentsan > gentsagun > zetsa(g)un (genion)
zentsan > zetsazun > (z)etsazun (zenion)
zents(a)en > zetsazuen > (z)etsazuen (zenioten)
geunkan > genkagun > zenka(g)un (geneukan)
genkixan > genkigun > zeki(g)un (genekien)

Badirudi lehenengoak desagertzen daudela eta bigarrenak direla nagusi Eibarren; hala ere, hirugarren mailakoak ere sarri entzuten dira.

Hamentxe nik topatu ditudan batzuk:

Nor-Nork-eko subjunktiboko lehenaldia

  • zeixan > zeizun (zenezan)
  • zeixen > zeizuen (zenezaten)
  • ...

Nor-Nori-Nork subjunktiboko lehenaldia

  • zeiran > zeirazun
  • zeixon > zeixozun
  • zeiguen > zeiguzuen
  • zeixuen > zeixuezun
  • ...

Nor-Nori-Nork Indikatiboko lehenaldia

  • zestan > zestazun (zenidan)
  • zentsen > zetsazuen (zenioten)
  • zeskun > zeskuzun (zenigun)
  • zetsezen > zetsazuezen (zenizkieten)
  • ...

Nor-Nori-Nork baldintza

  • bazesta > bazestazu; bazeskue > bazeskuzue.

Trinkoen lehenaldian

  • EDUKI: ze(n)kan > zekazun; ze(n)kezen > zekazuezen, ze(n)kazen > zekazuzen
  • ERABILI: zerabixan > zerabizun; zerabixezen > zerabizuezen
  • ESAN: ziñuan > ziñozun; ziñuen > ziñozuen
  • JAKIN: zekixan > zekizun; zekixen > zekizuen; zekixazen > zekizuzen; zekixezen > zekizuezen
  • IRUDITTU: zirudixan > zirudizun; zirudixen > zirudizuen
  • JARDUN: ziharduan > ziharduzun; ziharduen > ziharduzuen
  • ERUAN: zeroian > zeroiazun; zeroien > zeroiazuen; zeroiezen > zeroiazuezen...
  • EKARRI: zenkarren > zekarzun; zenkarzen > zekarzuzen; zenkarrezen > zenkarzuezen...

Eta hementxe ahozko jardunean aurkitu ditugun adibideetako batzuk:

Eta... ene! Guk pentsatzen genduan "Gernikako Arbola" nazionalistiena zala! Txokauta geratu giñan! Baina bagenkigun!

Ikusi eben hasieran guk ez genduala ezautzen ha armamentua, abiaziñokua. Baina segiduan konturau ziran biharrian bagenkigula, konozimientua, prinzipixuak... onak genkaguzela, eta segiduan ein ginduezen "jefe de escuadrilla", "jefe de tal"... Ixa danok, e... jefe izan gintzan.

Madriden -eibartar mordua eta euskaldunak asko- kuartelian guk alkarregaz euskeraz eitten genduan! Eta illuntzietan, dirurik bagenkagun, pixkat eraten genduanian, kantau eitten genduan. Eta gure ofizialak eta, entzutzen egoten ziran!

"Viva la República"-k eta esan genduzen eta laga ein genduan hori bailiori aurrera segitzen. Baina orduan guk gaztiok hartuta zekagun ustia Republikan sartuta geuazela.

Baina kooperatiba Mondragokua bastante diferentia da. Hor hitz asko ein leikez. Ormaetxea eta Larranagari irakurtzen zetsazun, eta...

Tontuak girudigun, tontuak. Danok alkarri begira, eta zain, eta zain... eta bera agertu bez.

etiketak: Eibarko euskara
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz