100 metro (R. Saizarbitoria, 1976)
Eleberriak ETAko kide baten bizitzako azken 100 metroak kontatzen ditu. Donostiako parte zaharrean dela, polizia atzean duela, tiroka, eta hiltzen den arte. 100 metro horiek egiten dituen bitartean, korrika eta arnas-estuka, bere bizitzako zenbait pasarte gogoratzen ditu.
Istorio nagusi horren inguruan, beste hainbat ere azalduko dizkigu Saizarbitoriak. Batetik, ETAkidearen bizitzako zenbait pasarte: Michellekin igarotako uneak, aitaren oroitzapena, umetako eskolako kontuak... Baina horrekin batera, beste hainbat plano eta istorio ere agertuko zaizkigu, neurri batean independenteak, baina denak ere elkarrekin lotuta eta, batez ere, leku berean kokatuta. Poliziak lekuko bati biharamunean egindako galdeketa, egunkari eta irratietako albisteak, auzokideek hurrengo egunetan esango dituztenak...
Hainbat plano-aldaketa, sarritan aditz-joko hutsen bidez egina (lehena/oraina, hika/zuka), maixuki josita, eta estilo narratibo berezia sortuz. Estiloa eta teknika ez ezik, kontakizuna ere borobila da bere gogortasunean.
Saizarbitoriaren 2. eleberri honi kosta egin zitzaion argia ikustea (zentzura gainditu behar izan zuen eta bi urtez giltzapean egon zen), eta zenbait kritika ere jaso zituen (hainbat pasarte gaztelania hutsean daudelako). Baina 35 urte geroago klasiko bihurtu da eta 10 berrargitalpenetik gora izan ditu.
Saizarbitoriaren beste lan batek sartu omen zuen euskal literatura modernitatean (Egunero hasten delako, 1969), Txillardegiren beste zenbait lanekin batera. 100 metro honekin euskal literaturak beste urrats bat eman zuen sendotze-prozesuan.
Beti irakurtzekotan eta, azkenean asteburuan irakurri dut. Gustura irakurri ere.