Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Nepalera joan nahi dut

Nepalera joan nahi dut

Mikel Lizarralde 2018/12/12 07:50

Zer pentsatu ote zuen neurologoak esan nioenean Nepalera joan nahi dudala trekking egitera? Eta, Pirinioak bizikletan zeharkatu nahi ditudala esan diodanean? Gaixotasuna ez da muga, astero hartzen dudan botika baizik, hotz mantendu behar delako, eta zenbait bidaia motatan, ezin. Tira, nik ez nion hori esan medikuari bidaia horien plangintzan buru-belarri nagoelako. Intentzioen deklarazio bat izan zen. Nire egoera fisiko eta animikoaren adierazlea, nolabait. Mariak, nire emazteak, errieta egin zidan kontsultatik irtetean, hurrengoan medikuak amaitzean egiteko komentario horiek eta ez hasieran, jokoz-kanpo utzi nuelako. Baina, nolako gogoa neukan neurologoari esateko primeran aurkitzen naizela!

Ondo nago, baina neurologoak ondo nagoela esatea behar nuen. Baieztapen medikoa. Ziurtagiria. "Sano nago" txapa paparrean jartzea. Azaroaren 28an geneukan txanda. Eta ordurako eginda beharko zukeen erresonantzia magnetikoak. Baina atzeratuta dabiltza Osateken. Erresonantzian ikusten da ea gaitza bizirik dagoen edo lo, ea orban berriak dauden, edota zaharrak esnatu diren. Funtsezko froga hori gabe ere, neurologoak esan zidan hobeto nengoela, begiak hobeto ditudala. Ondo, beraz. Baina mesfidati nengoen, erresonantziarik gabe, badaezpada.

Irailetik izugarri hobetu da nire egoera fisikoa zein aldartea. Orduantxe elikadura zaintzen hasi nintzen. Neurologoek onartzen dute konexioa ei dagoela esteen eta immunitate-sistemaren artean. Baina ez daukate nahikoa ebidentzia esateko elikagai hau ona da eta beste hau txarra. Horregatik, nutrizioan aditua den lagun batekin dietan jarri nintzen, bizitzan lehenengoz. Glutena kanpora eta karbohidratoak asko murriztu, energia proteinen eta grasaren bidez lortuz. Bospasei kilo galdu ditut geroztik eta burua argiago daukat, azkarrago dabilkit.

Kirolean ere sasoiko nabil, lorpentxoz lorpentxo. Azaroaren amaieran maratoi erdia amaitu nuen Donostian. Irteeran ez zegoen ni baino poztasun gehiago izango zuenik, eta helmugan gutxi izango ziren. Nork esango zidan otsailean hau egiteko gai izango nintzela!? Erritmo lasaian hasi genuen lagun batek eta biok lasterketa, eta indartsu amaitu, bizi-bizi. Hurrengo larunbatean Baztan eta Baigorri inguruan ibili nintzen 4 orduz bizikletan (Artesiaga, Urkiaga, Izpegi), bidean ardi gehiago ikusiz kotxeak baino, ze paraje ederra!

Ez dakit elikadura aldaketa den, pisua galtzea, kirola edota botikaren eragina. Meritua zerena den niri bost. Primeran nago, hori da kontua. Horregatik, gauzak hain ondo daudela ikusita, kezka puntu bat neukan. Urtarrilean emazteari esaten nion inoizko sasoirik onenean nengoela, eta gero etorri zen erauntsia. Berriz berdina gertatuko ote zitzaidan?

Pasa den astean egin zidaten erresonantzia, Eibarren egin diguten anbulatorio handi berri horretan. Eta ostiralean deitu zidaten Neurologia sailetik esanaz emaitzak onak zirela, gaixotasuna geldi dagoela. Ze poz handia eman zidan hitz gutxitan erizain hark. Eta, horrelaxe jarraitzen dut, poz-pozik, bizitzan tokatu zaizkidan karta hauei eskerrak emanaz. Familia eta lagunez gozatzeko asmotan. Nepalen mendi buelta bat eman eta Pirinioak bizikletan zeharkatzearekin tematuta. Optimista. Gaitza edozein momentutan esnatu daiteke, edo ez, baina ez nau kopetilun aurkituko eta eroriz gero, berriz gora. Gora bizipoza!

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2018/12/12 13:05
Zelako poza, Mikel! Zorionak, erresonantziaren emaitzengatik eta zu zeu askoz hobeto sentitzen zarelako. Mariak arrazoia izanda ere, egia da zulotik datorrenak askotan ezin diola eutsi buruan daukana lehenbailehen kanporatzeari.

Aurrerantzean ere, bizipozak eta indarrak lagun zaitzatela. Besarkada handi bat.
Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2018/12/13 08:23
Eskerrik asko, Joxe! Ez dakizu nola eskertzen ditudan zure hitzak! Besarkada handi bat bueltan zuretzat.
Serafin
Serafin dio:
2018/12/13 11:52
Poz ikaragarria Mikel hire berri onekin. Hori dok hori kemena izatia.
Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2018/12/13 13:44
Eskerrik asko Serafin, asko eskertzen deuat. Dena den, lotsa pixka bat ematen jestak kemena aipatziak. Kementsuagoak diren hamaika etortzen jatazak burura. Esan moduan, eskerrik asko eta besarkada bat, Serafin!
Igor Etxabe
Igor Etxabe dio:
2018/12/18 14:46
Ona Mikel! Ikaragarri pozten nauk! Nahi baduk, ni joango nauk hozkailu txiki batekin Nepalera edo Pirinieotara, etapaz-etapa edo anoa puntuetan botika hori hotz hartzeko aukera izateko. Segi borrokan, segi ametsetan... segi gozatzen!!
Ander
Ander dio:
2018/12/19 10:22
Aupa Mikel:
Bilbon elkar ikusi genuenean fin-fin ikusi zintudan baina ez nuen gaixotasunaren berririk.
Animo eta eutsi goiari motel!
Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2018/12/20 22:05
Aupa Igor! Eskerrik asko! Hitz egingo diagu bidai eta ametsen inguruan hurrengo bazkarian! ;-)

Ander, eskerrik asko zuri ere bai. Batzuetan ez dut jakiten nork daukan gaixotasunaren berri eta nork ez. Horregatik erabaki nuen hemen kontatzea, besteak beste, egoera ahalik ondoen azaltzeko. Eskerrik asko animoengatik!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.