Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Ostegunak

Ostegunak

Mikel Lizarralde 2018/06/29 08:44

Aurrekoan nioen esklerosi anizkoitzaren botika hartzen hastera nindoala eta errespetua niola, albo-ondorioak direla eta. Sentsazio bitxia, botikari (ia) beldur gehiago diozunean gaixotasunari baino.

Ekainaren 6an hartu nuen lehen aldiz nire botika, Avonex. Prozesu sinplea da berez, plastikozko luma moduko batean dator dosia, honi orratza erantsi, izter gainean kokatu, lumaren botoia sakatu, ziztada muskulu barnean, hamar segundo kontatu, luma atera, orratza estali eta tirita bat jarri. Oheratu aurretik. Astero. Apur bat lehenago parazetamol bat hartu. Hurrengo goizean beste bat, gripearen moduko sentsazioa gutxitzeko.

Lehen gau horretan goizeko hiruretan esnatu nintzen, txizalarriarekin. Komunean eseri eta dardarka hasi nintzen. Gorputza ezin geldi eduki eta sukarra. Ez nuen gehiago lorik egin. Gosaltzeko jaiki nintzen baina ezin ezer irentsi. Lankideei Whatsapp bidez abixatu nien ohera nindoala berriz. Ordu pare bat lo egin eta hobetoxeago nengoen, gorputza minduta eta burukominarekin. Eguerdi partean azaldu nintzen lanean. Lorpentxo (garrantzitsu) bat. Ezin nahikoa eskertu CodeSyntaxeko lankideen babesa, muxu bat denoi.

Ostegun hartako biharamunak izugarri sentsazio txarra utzi zidan. Esan zidaten botikara ohitu artean albo-ondorioak izango nituela, baina, txo, gogorra izan zen. Kuriosoa da, ordea, nola ostiralean jada ia errekuperatuta nengoen.

Beste hiru aldiz hartu dut botika geroztik. Sentsazioak asko hobetu dira, nahiz eta gogor xamarra den oraindik. Ez dut berriz eduki dardararik, baina lo oso gutxi egin dut ziztada-osteko gau horietan. Neke gehiena horrek eragiten didala uste dut, lo faltak.

Dena den, badirudi ohitzen noala botikara, pozik nago, eta tematuta jarraitzen dut lorpentxoetan pentsatzen. Ostegunetan lanean normal jardutea garrantzitsua da niretzat. Esklerosi anizkoitza nekearekin lotzen da. Botika hau hartzen duen bati baino gehiagori irakurri diot euren neke sentsazioa Avonex hartzeaz bat sortu zela. Horregatik jarraitu nahi dut kirola egiten, ahalik sasoi gutxien galtzeko, etzi hobeto egoteko.

Hemendik aurrera, badakizue, ostegunetan batzuk pintxo-potean eta ni botikaren bixamonarekin ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.