Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Medikuak esan dit esklerosi anizkoitza dudala

Medikuak esan dit esklerosi anizkoitza dudala

Mikel Lizarralde 2018/04/27 07:15

Otsailaren 3an, larunbata, mendira joan nintzen korrika. Aldapan behera nindoala dena bikoiztuta ikusten hasi nintzen, geratzean ondo ikusten nuen berriz. Etxera itzultzean Interneten bilatzen hasi eta gehiegizko esfortzua izan litekeela pentsatu nuen. Igandean esnatzean bikoiztuta ikusten nuen; ordu-erdira ondo. Astelehenean berdin. Lankide batek ea iktus bat ote zen esanaz beldurtu eta Mendaroko ospitaleko larrialdietara joan nintzen.

Eskaner bat egin zidaten eta oftalmologoak ikusi ninduen. Burua eta begiak ondo zeuden, baina proba gehiago egiteko ingresatu egin behar nindutela esan zidaten. Gehiegizkoa iruditu zitzaidan, gainerakoan zoragarri nengoelako. Azaroan Donostiako maratoia egin nuen eta sasoi bikainean nenbilen korrika zein bizikletan. Erdi bromatan esaten nien emaztea eta gurasoei ingresatutako gainerakoak batera baino hobeto nengoela. Ergela ni.

Asteartean ekografia egin zidaten lepoan eta asteazkenen goizean erresonantzia. Bazkalostean medikua gelara etorri eta desmielinizazio prozesu bat nuela esan zidan. Erresonantzian orban batzuk ikusten zitzaizkidan burmuinean. Larria al zen galdetzean erantzun zidan euren lankide anestesista batek bazuela eta bizitza normala zeramala. Emazteari abisatu ostean Interneten bilatu nuen, hor agertu zitzaidan, besteak beste, esklerosi anizkoitza. Kronikoa, degeneratiboa edota sendaezina bezalako berbek zapla kolpatu ninduten. Arratsaldean lagun neurologo bat etorri zitzaidan bisitan. Esplorazio azkar bat egin ostean esan zidan litekeena zela esklerosi anizkoitza izatea. Beranduxeago emaztea etortzean esan nion lehen gauza izan zen gaitza ez zela kutsakorra, "eta ez da genetikoki transmititzen" berak erantzun.

Ostegunean puntzio lunbarra egin zidaten, likido zefalorrakideo apur bat atera eta aztertzeko. Likidoa xurgatzen zihardutenean bizkarrezurra hustutzearen sentsazioa izan nuen. Tentsioa bat-batean jaitsi zitzaidan eta zuri-zuri jarri nintzen. Eskerrak azkar amaitu zuten. 24 orduz ohean egoteko agindu zidaten. Arratsalde horretan bertan hasi zitzaizkidan kortikoideak ematen, burmuineko inflamazioa txikitzeko. Bost egunez Urbason kortikoidea sartuko zidaten zainetan, eta ondoren 40 egun pilulak hartzen, Prednisona kortikoidea, dosia bost egunero txikituz.

Ostiral arratsaldean ospitaletik irteten utzi zidaten. Etxean jarraitu nuen tratamenduarekin. Ordura arte ondo egon nintzen, baina kotxean sartu eta berehala tentsio jaitsiera handia izan nuen. Izerditan blai eta zuri-zuri irten nintzen kotxetik Eibarren. Hori sustoa hartu zuena emazteak ikusi ninduenean.

Etxera itzultzea ondo etorri zitzaidan emaztea eta alabekin egoteko, baina fisikoki jota nengoen: neka-neka eginda eta buruko min handiarekin; gainera, apenas egiten nuen lorik, kortikoideen albo-ondorioetako bat. Burua dela eta, ez dakit zer esan. Gaitza ondo hartu nuen, aurrera egiteko indarrez, baina nire gorputza horren ahul ikustea gogorra egiten zitzaidan, aste pare bat lehenago sasoi betean nenbilen barren korrika egiten! Gainera, asteburu horretan Asier de la Iglesiari eginiko elkarrizketa hau irakurri nuen; primeran etorri zitzaidan berak transmititzen duen jarrera.

Apurka-apurka gero eta gehiago irteten nintzen paseatzera. Alaba zaharrena eskolara eraman eta jaso, parkera joan, txikiarekin paseatu. Nekoso, baina pozik.

Otsailaren 15ean lagun osteopata batekin txanda neukan. Hark garezurreko tratamendua egin zidan eta geroztik ez dut buruko minik eduki. Gau hori, ordea, izan da denbora honetan pasa dudan txarrena. Urduri jarri nintzen, tentsioa goi-goian igartzen nuen eta ezin lasaitu. Emaztearen laguntzaz, eta nekeak jota, lo apur bat egin nuen, baina goizean berdintsu esnatu nintzen. Famili-medikuarekin txanda lehenagotik hartua neukan, laneko baja dela eta. Hark esan zidan tentsioa kortikoideen albo-ondorioetako bat dela. Ez zuen laguntzen ezta ere lo eskasiak, ezta nire gorputza orain gutxira arte kirol dezente egitera ohitua egon eta orain geldi egoteak ere.

Zapatuan hobeto jaiki nintzen, lo gehiago eginda. Gainera lagunekin kalean egotea primeran etorri zitzaidan, eta zer esanik ez Lur lankideak Ipuruara Eibar-Bartzelona ikustera gonbidatzeak. Egun horretan hasi nintzen zulotik irteten.

Hurrengo asteko astelehenean igerian egiten hasi nintzen, poliki-poliki. Neurria hartzen hasi nintzaion insomnioari; gabean ohean bueltaka egon beharrean, irakurtzen hasi nintzen. Asko irakurri dut azken hilabete parean. Eta bada liburu bat bereziki iritsi zaidana: Joxe Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala. Bere sasoian irakurriko nuen Sustatun, baina ahaztua nuen Joxek transmititzen duen indar hori. Lagungarria izan zitzaidan, nahiz eta bion gaitzek zerikusi handirik ez izan. Bere lizentziaz darabilt izenburu hau.

Martxoaren 7an txanda neukan Mendaron neurologoarekin. Likido zefalorrakideoaren analisiaren emaitza eman zidan. Analisi honek banda oligoklonalak aztertzen ditu. IgG bandek konfirmatzen dute gaixotasuna. Positibo eman nuen horretan. Eta IgM bandek konfirmatzen dute gaixotasunaren bertsiorik erasokor eta azkarrena. Negatiboa horretan. Ondo, gaitzerdi. Etxera joan nintzen diagnostiko bitxi batekin (sindrome kliniko bakana) eta Donostia ospitaleko esklerosi anizkoitzean adituarekin txandarekin.

Martxoaren amaieran egon nintzen aditu honekin. Nire kasua aztertu ostean, esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa eman zidan. Bospasei botikaren informazioa eman zidan Aste Santuan irakurri eta bat aukeratzeko berarekin batera. Aukeratua dugu bat jada, eta noiz ematen hasiko zaizkidan zain nago. Orduan eta lehenago hartzen hasi, hobe, diote medikuek. Oso ondo hartu naute Osakidetzan, ingresatu nindutenetik gaur arte, eta neurologoek denbora luzez jardun dute nirekin gaixotasunari buruz hitz egin eta zalantzak argitzen.

Mila aurpegiko gaixotasuna esaten diote esklerosi anizkoitzari, pertsona bakoitzean oso modu desberdinean agertzen delako. Ezin da jakin hurrengo erasoa noiz etorriko den eta zeri eragingo dion, edota etorriko denik. Auskalo. Ziurgabetasun horrekin bizitzea tokatuko zait. Baina, Asierrek goiko elkarrizketan dioen moduan, zuk badakizu hemendik bost urtera nola egongo zaren? Nik ere ez.

Gainera, baldintzarik onenak ditut nire inguruan. Emazte zoragarri bat, bi alaba txiki bizi eta eder, maite nauten familia, koadrilako eta lagunak (CodeSyntaxeko lankideak hemen sartzen ditut aspalditik), eta, akaso, gehiago baloratu beharko genukeen osasun sistema publiko hau. Eurek euren partea betetzen dihardute, nik nirea egiteko ahalegina egingo dut, irribarre handi batekin.

Elena
Elena dio:
2018/04/27 07:47
Bizitza bera da ziurtasunik gabekoa, Mikel, baina batzuei gehiago tokatzen zaie beste batzuei baino. Zuk topatu duzu indarra,eta zalantza barik, aurrera.
Besarkada handi bat.
Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2018/04/27 10:54
Sentitzen dut zuri esklerosi anizkoitza agertu izana, Mikel, gaixotasunak inoiz ez dira-eta onak izaten. Baina zure eritasunaz eta esperientziaz idazteko prest baldin bazaude, hori seinale ona da. Gainera, denak ez dira albiste txarrak izan, eta horrek ere laguntzen du.

Pozten naiz egoera honetan nire liburua ondo etorri bazaizu. Horregatik bakarrik merezi izan zuen hura idaztea. Eta mila esker artikuluari jarri diozun izenburuagatik, omenalditzat hartu baitut.

Arreta handiz irakurri dut zure lehen mezu hau —uste baitut segida bateko lehena izango dela—, ezagutzen eta estimatzen dudan pertsona bat ari zaidalako kontatzen bere esperientzia gaixotasunarekin, kasu honetan esklerosi anizkoitza. Ez dut zalantzarik horrelako artikulu-segida batek lagunduko digula gaixotasuna hobeto ezagutzen, gaixoak hobeto ulertzen, eta gure jokabidea hobeto planteatzen.

“Ziurgabetasun horrekin bizitzea tokatuko zait” diozu, baina lasai egon, ikusten duzu-eta Mendaroko Ospitaleko anestesista bat ere gaixotasun horrekin bizi dela. Eta zer esan zure inguruko zirkunstantzien gainean? Familia zoragarria, lagun onak eta “gehiago baloratu beharko genukeen osasun sistema publiko hau”. Arrazoi duzu. Eta horren erdian, zeu, Mikel Lizarralde, jarrera ezinago positiboarekin esklerosi anizkoitzari aurre egiteko.

Mila esker zure gaixotasunaren berri emateagatik. Eutsi goiari, zurekin gaude-eta. Besarkada handi bat.
Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2018/04/27 11:15
Berba barik geratu naiz, Mikel. Eta testu amaieran: glups! listua pasatzeko ere lanak. Ez dakit ezer esklerosi anizkoitzaz, eta jakiteko gogo piztu didazu.

Baina ze demonio! Hemendik bost urtera irakurriko dizugu beste post bat Joxe Aranzabali irakurri genion antzera, eta kontatuko diguzu zer pasatu zenuen.

Egoera katramilatsua tokatu da, baina inguru ederra duzu eta hori ebaleku handia da. Patxo potolo bat, Mikel.
e-gor
e-gor dio:
2018/04/27 12:09
Ba animo, Mikel, eta jarraitu dezazula irribarretsu eta baikortasunez!
Oier Gorosabel Larrañaga
Oier Gorosabel Larrañaga dio:
2018/04/27 12:13
Esku onian hago: beste osasun zerbitzuen aldian Osakidetzak oso ondo funtzionatzen jok, orokorrian. Horri hire aldetiko jarrera aktibo eta positibuakin laguntzen bok, hobeto ezin. Parsimonia eta norabide argixa. Besarkada bat.
Iñigo Arandia
Iñigo Arandia dio:
2018/04/27 14:34
Ez zatoz berri xamurrekin, Mikel. Tira, ez da erreza horrelakoetan tajuzko gauzarik esatea, animoak bidali eta besarkada digital estu bat bidaltzea baino. Joan dadila hemendik aurrerakoa ahalik eta ederren.

Beste pa potolo bat hemendik ere, Mikel.

Eutsi goiari!

Iñigo
Maialen
Maialen dio:
2018/04/27 14:54
Hunkitu nauzu Mikel.

Sentitzen dut diagnostikoaren zaplasteko hotza.. eta eguneroko gatazkak.
Jordi Savallek edertasunak salbatuko gaituela zioen. Eta horren bila zaudela argi dago. Eskerrik asko edertasun hori gurekin elkarbanatzeagatik.

pa haundi bat
Asier Ibaibarriaga
Asier Ibaibarriaga dio:
2018/04/27 15:20
Neu ere hotzian harrapatu nok eta animuak eta indarra Mikel. Besarkada haundi bat.
iturri
iturri dio:
2018/04/27 15:54
Titulua irakurri dut aurrena. Gero, ia ordubete behar izan dut apuntea irakurtzeko.

Ez dakit zer esan, baina besarkada fisiko baten modukoa izan nahi duen komentario hau idatzita utzi nahi nuen testuaren azpian.

Joxe Aranzabalen liburuaz gain, irakurri ere Andu Lerxundiren "Zu" liburua. Bizipoza transmititzen du. Bertan badago Osakidetza eta osasun zerbitzu publikoen aldeko aldarrikapena.

Animo!
Paul SSB
Paul SSB dio:
2018/04/27 20:46
Proiektu askotan ibilia zera Mikel eta denetan beti indar haundiakin zailtasunei aurre eginaz. Seguro guzti horiek dirala zure entrenamendua biziak aurrean jarri dizun zailtasun berri honi indarrez aurre egiteko. Horrelako familia politarekin eta lagun guztiekin AURERRA, AURRERA eta AURRERA Mikel !!!!!!! Besarkada haundi bat.
Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2018/04/28 09:07
Mila esker, bihotz bihotzez Elena, Joxe, Iban, Igor, Oier, Iñigo, Maialen, Asier, Mikel eta Paul. Aurrera beti, eta irribarre handi batekin.
Serafin
Serafin dio:
2018/04/30 16:53
Ez gaittuk sekula parez-pare egon, baina "Bidean" jarraittu izan jittuak hire ibilialdiak. Ezagutzen jittuat hire gurasuak eta Codesintaxeko lagunak. Berri txarrak jota laga nabela ez juat ukatuko, baina adoria eta kemena behar dittuk hik, beste ezer baino gehixago,gaixotasun horri aurre egitteko. Nik ezin deuat besterik eskini: Aupa Mikel!
Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2018/05/02 08:53
Eskerrik asko Serafin! Besarkada haundi bat!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.