Irati Xtrem 2019, nire kronika
Iazko azaroan eman nuen izena Irati Xtrem martxa zikloturistara. Donostiako maratoi erdia eginda, edota egitear, erronka berriak bilatzen nituen 2019rako. Gero sortu zen Zegama-Aizkorri egiteko aukera, eta bi proben artean errekuperatzeko neuzkan 2 asteak. Zegama-Aizkorrin parte-hartzeak hainbesteko oihartzuna hartzen ziharduenez, bigarren mailan laga nituen bizikletako entrenamenduak. Guzti honi gehitu ostegun-ostiralean gaixo egotea eta ulertuko duzue zergatik joan nintzen Otsagabiara senideei esanaz "lasai, autobusak datoz atzetik eta edozein momentutan utzi dezaket".
128 kilometro, 3.600 metroko igoerak, tartean Errozate eta Iturtzaeta mendateak. Bizikletan gutxi ibili bazara, aste bi lehenago mendi-maratoi bat egin eta erdi gaixo bazaude, ez da egin beharko zenukeen zerbait. Gau ona pasa nuen eta optimista ekin nion martxari. Robot bat nirudien, denbora guztian pultsometroari begira, obsesio bakarrarekin: lasai, ez berotu, ordainduko duk bestela. Hasierako igoerak lasai egin nituen: Jaurrieta, Erremendia, Abaurreagaina. Orbaitzetan porlanezko baserri-bide busti bat igo genuen. Nahikoa lan ez erortzearekin. Hor egin zidan Dabidek lehen argazkia:
Otsagabiatik eguraldi onarekin irten ginen, baina Orbaitzetan zirimiria eta lanbroa geneukan jada. Azpegi igo genuen ondoren, handik Ezterenzubira jaitsiera arriskutsua, aldapara eta lur bustiagatik. Errobi ibaiaren iturburu inguruan, eskubira hartu eta Errozate igotzen hasi ginen. 10 kilometro eta, batez beste, %10eko penditza. Poliki hasi eta nire erritmoa zeraman taldetxo batekin egin nuen gorantz. Gailur guztietan erritu berbera: zira eta eskularruak jarri, kopeta lehortu eta betaurrekoi lurruna kendu. Behera iristean, striptease-a. Errozatetik aurrera, ordea, ibilbide gora-beheratsua geneukan, ezin jakin noiz erantzi arropa. Errozate - Surzai artean apur bat itotzen eta nekatzen hasi nintzen, eta, hara, anoa postu bat! Gutxitan jan dut hainbeste anoa postu batean. Hilabetean jan gabe nengoela zirudien. Bai ongi etorri zitzaidana.
Jaitsiera eskaxak zeuden muga inguruko mendate hauetan. Zuloz jositako lur-zoruak, errepide estuak, malda handiak eta zikloturista beldurtiak. Bagargiko errepide zabalxeagoa pozik hartu nuen, Iratiko txaleten inguruan. Handik Larrainera errepide zabala dago, baina nolako aldapa jaitsi genuen. Besoetako minez amaitu nuen. Larraine herrira iristean zain genuen azken mendatea, Iturtzaeta, Indurain garaitu zuen 15 kilometroko munstroa. Duela zazpi urte igo nuen, Piriniotara joan-etorria egin nuenean. Harrokeria gutxi Iturtzaetan. Igoera kronometratua zen, gehienok mantxo gindoazen, gehiago-gutxiago, baina tarteka bizi-bizi zihoan batek edo bestek hegan aurreratzen gintuen, kronoigoeran minutuko famaren bila.
Nolako poza hartu nuen Iturtzaetako gailurrera iristean. Hunkitu egin nintzen. Azken mendatea igota, eskura neukan martxa amaitzea. Orhi magaleko tunela pasa, lanbroa eta zirimiria atzean utzi eta eguzkia irten zen. Azkar-azkar jaitsi nintzen Otsagabia aldera eta monumentu bat irabazi banu lez pasa nintzen helmugako arkutik. Poz-pozik nengoen, baina banuen hutsune bat. Zegama-Aizkorri ederra izan zen, besteak beste, oso babestua sentitu nintzelako ibilbide osoan zehar zeuden lagun eta senideekin; oraingoan bakarrik nengoen eta telefonoa hartu nuen berehala emazteari deitzeko. Beste lorpentxo bat patrikara.
Orhiko xoria
Lagun batek utzitako furgonetan egin nuen bidaia. Iturtzaetan nahikoa sufritu ez, eta gaua bere gailurrean pasa nuen, Orhi magalean. Iluntzean zakar zebilen haizea desagertua zen egunsenti ederrean. Agujetak kentzeko, Orhirantz jo nuen, duela 18 urte inguru aitarekin egin moduan. Igoera sinbolikoa izan zen, hein handi batean. Bezperan lanbroak ez zigun utzi paisaiaren edertasunaz gozatzen, igandean bai ordea. Nolako paraje ederra!
Eta, orain, zer?
Uztailaren amaieran Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia egingo dut igerian. Baina, kirol-erronka gehiagorik ez, oraingoz. Urtarrilera arte ez daukat neurologoarekin txandarik. Bitartean, ingurukoak eta nire burua zainduz jarraituko dut. Asteazkenero botika jarriz, honek dakarren apaltasun dosi handiarekin. Biharamonak izugarri hobetu dira, baina astean behin oroitzen dut gaixotasun neurologiko degeneratibo, kroniko eta sendagaitz bat daukadala, Zegama-Aizkorri edo Irati Xtrem egiteak ez nauela suntsiezin bilakatzen. Hauskortasun horri umore eta aldarte onarekin aurre egin behar diodala. Etorkizuna ziurgabetasunez josia dagoela, horregatik, hemen eta orain, bizi!