Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Nire lorpentxoak

Nire lorpentxoak

Mikel Lizarralde 2018/05/31 07:42

Bizitza normala. Horrela deskribatu zidaten neurologoek zetorkidana esklerosi anizkoitzarekin. Baina, nire bizitza normala? Edota eurena? Kirola sarri egitera ohituta nengoen. Korrika, bizikletan, igerian. Nire mugara iristen, ahal nuen gehienetan. Niretzat gustagarria, eta normal-normala. Euren bizitza normalaren kontzeptu horren baitan sartu liteke nire bizitza normala?

Asteartean neurologoan egon nintzen. Pasa den astean egindako erresonantziaren emaitza eman behar zidan. Albiste onak. Orain hiru hilabete bezala ikusten da irudia. Ez dago orban berririk, eta zaharrak ez daude aktibo. Beraz, lo dago oraingoz gaixotasuna. Pozik irten ginen emaztea eta biok kontsultatik. Lorpen txiki bat. Bat gehiago. Azaroan berriz aztertuko naute.

Azken hiru hilabeteetan lorpen txikiak egiten joan naiz. Aurrena igerian; gero munduko kirolik ederrenean, bizikletan; insomnioari neurria hartzen. Apurka-apurka lorpen txikiak. Poztasun txikiak, irribarre egiten jarraitzeko.

Fisikoak, eta psikologikoak. Ospitaletik irten berritan beldurra ematen zidan bi alabekin bakarrik geratzeak. Gai izango ote nintzen haiek fundamentuz zaintzeko? Eta gidatzeko, eta lana egiteko? Erronka horiek gainditu ditut, baita ere.

Esklerosi anizkoitzarena ez dut planteatzen borroka bat bezala. Ni gaixotasunaren aurka, boxeo konbatea balitz lez. Ez dago irabazle edo galtzailerik. Hau gaixotasun autoimmune bat da, nire buruak erasotzen dio nire buruari, burmuineko mielinari, hau kaltegarria delakoan. Eduki dezakedan garaipenik pozgarriena da bizitza ederra izatea, niretzat normala izan daitekeen (zitekeen) horretan.

Eta halaxe gabiltza. Lorpen txikiekin. Horrek ematen didan bizipozarekin. Hortxe ditut nire erronkatxoak: oporretan joatea familiarekin, lagunekin Hiru Erregeen Mahaiko tontorra zapaltzea, Arratera bizikletan igotzea, Getaria-Zarautz igerian egitea, ... nire lorpentxoak.

Dena den, hau baldintzatu dezake hurrengo asteak. Hurrengo asteazkenean hasiko naiz esklerosi anizkoitzaren botika hartzen. Ezin dut ukatu errespetu apur bat ematen didatela albo-ondorioek. Ohikoena omen da gripearen moduko sentsazioa izatea hurrengo egunean, sukarra eta ahuldadea. Ea ba. Erronka eta lorpentxoen bidean aurrera egin nahi dut eta, irribarre handi batekin. Hori izan dadila nire bizitza normala.

maite
maite dio:
2018/06/01 09:22
Hori da jarrera, Liz!!! Biba zu!!!
Serafin
Serafin dio:
2018/06/01 11:11
Lorpentxoz lorpentxo bizitza ederra opa deuat. Aupa hi!
Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2018/06/02 10:43
Eskerrik asko bihotzez, Maite eta Serafin, muxu haundi bana!
Paul San Sebastián
Paul San Sebastián dio:
2018/06/07 09:55
ANIMO, ANIMO, ANIMO eta aurrera !!!
Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2018/06/08 09:00
Eskerrik asko Paul! Besarkada bat!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.